Aurreko Albisteak

Todos los grupos junteros respaldan la actuación de la Diputación Foral de Bizkaia en el conflicto con el Valle de Mena

Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko saila

Batzarretako talde guztiak, Zalla eta Burgosko probintziaren arteko mugan dagon Espaldaseca mendiaren tontorraren itxiturea dala eta Menako Haranagaz daukan gatazkan Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera daroan jarduketearen alde agertu dira. Aldeko eretxi hori gaur goizean irudikatu da, Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak Batzordean izan dauen agerraldian.

Gatazkea urriaren 26an sortu zan, Celadilla inguruan abeltzaintzako itxiturea instalau zalako. Puntu hori Bizkaiko lurraldearen mugen barruan dago, 1955eko mugaketaren gaineko espedienteak adierazoten dauenez. Foru Diputatuak orain arte egin diran jarduketa guztiak deskribau ditu, eta Mendi Zerbitzuaren jarduketaren alde agertu da. Horrez gain, Elena Unzueta erakunde guztien arteko kontsentsuaren alde agertu da, prozedura judizialera joan behar ez izateko.

Diputatu andrea, mendiaren Burgoseko aldean be itxiturarik ez jartearen alde agertu da, itxitura horrek kalteak eragin daikezalako leku haretako landaredian eta faunan, aisiarako erabilten dan lekua dalako eta bertan aztarnategi arkeologikoak be egon daitekezalako.

ESKULTUREN PARKEA, LURREN FUNTSA ETA BISOI EUROPARRA BIZKAIAN

Saio berean, Elena Unzuetak Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak egindako beste hiru galderei erantzun deutse. Lehenengoa Zugaztietako eskulturen parkearen, bere zorren eta kudeaketaren ingurukoa izan da. Talde Mistoak, 2007tik kudeaketan gabeziak hauteman diran arren, Meatzalde Goikoa alkarteari lur horreek erabilteko baimena ez kentzearen gaineko azalpenak emotea eskatu deutso Aldundiko arduradunari. Unzuetak autortu dauenez, bere egunean ezarri zan hitzarmenaren baldintzak ez dirala bete esan ezin dan arren, proiektua ez da aurreikusi zan moduan garatu. Holan, proiektua “konpontzekotan dagola” esan dau, “aurrera jarraitzeko interesa daukagulako, agertoki barrian kudeaketa hobea izatea gurako geunkean arren”.

Lurren Funtsa izan da Iraunkortasuneko Batzordean landu dan beste puntuetako bat. Bizkaiko nekazaritzako ustiapenetan belaunaldien errelebua bilatzen dauen Aldundiaren ekimena da. Foru diputatu andreak onartu dau orain arteko emaitzak aurreikusitakoak baino eskasagoak izan dirala, 2017an bederatzi lur lote eskini ziran arren, hiru eskari jaso eta bi baino ez ziralako esleitu. Etorkizunari begira, landa garapeneko alkarteakaz eta nekazaritza arloko sindikatuakaz koordinauta aritzearen alde agertu da Elena Unzueta, bere eretxiz “estrategikoa” dan proiektuan. Dana dala, kontratuan denporaltasuna, baserritarrek euren lurragaz daukien loturea, lurren kokalekua eta ustiapenen tipologia aitatu ditu emaitza hoberik ez lortzea eragin daben zergaitien artean.

Saioa bukatzeko, bisoi europarrak Bizkaian bizi dauen egoeraren eta mehatxatutako espezie hori babesteko Aldundiak, Europa mailako LIFE Lutreola Spain egitasmoaren barruan, martxan jarri dituan jarduketen gaineko informazinoa emon dau. Diputatuak adierazo dauenez, 2017ko jarduerak bisoi amerikarraren harrapaketan zentrau dira, eta espezie inbaditzaile horren 183 ale harrapau dira. Unzuetak 2018. urtearen amaierarako atzeratu dau LIFE Programaren emaitzen azkenengo balantzea, eta programa horren luzapena eskatzeko aukerea aurreratu dau.