Aurreko Albisteak

Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak 2015eko ekitaldiko Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra abalau dau

Ogasun eta Economía saila

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea gaur goizean alkartu da, eguneko gai zerrendan puntu bakarra lantzeko: Batzarretako EH Bildu taldeak eskatu dauen Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren (KPEE-TVCP) ordezkari baten agerraldia, 2015eko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaltzeko. Epaitegiak abalau egin dau foru erakundearen kontabilidadea, salbuespen batzuekaz.

Jose Ángel Quintanilla KPEE-TVCPko presidenteordeak zehaztu dauenez, kontuetan ez da ezelango ezlegaltasunik hauteman, baina, Epaitegiaren eretxiz hobetu daitekezan alderdi batzuk ikusi dira: BizkaiKOA kudeaketa erakundean aldi batekoa izatetik mugarik bakoa izatera pasau dan kontratazino bat; Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE-IFAS) egindako 782.000 euroko eskuratzeengatik zabaldutako prozedurea; Aldundiaren esku dagozan hainbat soziedadetan eta erakundetan publizidade eta lehiakortasun printzipioak bete ez izana, energia hornidurari jagokozanak batez be, 2,5 milioi euro baino apur bat gehiagoko balioa daukienak; eta Euskalduna Jauregiak egin ebazan kontratu zerbitzu bi.

Beste alde batetik, Kontuen Epaitegiaren txostenak zalantza bi jarten ditu agerian. Lehenengoa, Interbiak erakundearen kontra aurkeztutako demandeagaz erlazionautakoa, Amorebieta – Muxika errepideko obrak dirala eta, sub iudice gaia dalako; eta bigarrena, 16,2 milioi eurotan balioztatutako Azpiegiturak erakundearen higiezin baten balioztapenagaz erlazionautakoa; oso gaitza izango da diru hori berreskuratzea, CEL enpresak bizi dauen egoera kritikoa dala eta.

Batzarretako taldeei jagokenez, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek txosten fiskalizatzailearen argitasuna eta txosten horrek finantzaren arloan ordenamendu juridikoa bete egin dala erakusten dauela azpimarratu dabe. Talde Mistoak bat egin dau, orokorrean, balorazino positibo horregaz, eta Talde Popularreko bozeroaleak, Bizkaiko Foru Aldundiari hauteman jakozan gabezien gaineko azalpenak eskatuko dituala adierazo dau. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek txostenaren alderdi jakin batzuen eta Epaitegiak salbuespen horreen aurrean hartu beharko leukean jarreraren gaineko xehetasun gehiago eskatu ditue.

Bere azkenengo esku-hartzean, Jose Ángel Quintanillak argi eta garbi bereiztu ditu kontuen legetasuna eta Epaitegiaren aholkuak. Azken horreek, hobetu daitekezan gaien inguruan epaitegiko kideek daukien eretxi profesionala adierazoten dabe. Azpimarratu dauenez, Aldundiak eta bere esku dagozan erakundeek egin dituen kontratazinoen ia %100 aztertu dira. Eta beste gauza bat be azpimarratu dau, Epaitegiak kontu publikoetan hauteman dituan salbuespenek nabarmen egin dabela behera azken urteotan.

EKONOMIA, FINANTZA, ONDARE ETA AURREKONTU ARLOETAKO KUDEAKETEA

Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorrak, jagokon ekitaldian Foru Aldundiak, ekonomia, finantza, ondare eta aurrekontu arloetan aurrera eroan dauen kudeaketea islatzen dau, eta Egoeraren Balantzeak, Galeren eta Irabazien Kontuak, Aurrekontuaren Likidazinoak eta Finantzaketa Laukiaren eta zorraren egoeraren gaineko informazinoak osatzen dabe. Kontabilidadeko printzipio publikoakaz bat etorrita aurkezten da, alderdi garrantzitsu guztiei jagokenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren ondarearen, finantza egoeraren eta emaitzen irudi leiala adierazi daian. Kontu Orokorra Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren aurrera eroaten da, eta erakunde horrek erreklamazinoak eta zalantzak aurkeztu daikez, Batzar Nagusietako Osokoaren aurrera eroan aurretik.

Kontabilidadeko dokumentu hori, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak izeneko Foru Erakunde Autonomoaren eta Enpresa Sektore Publikoaren kontuek osatzen dabe. Azken hori, Aldundiaren esku dagozan enpresa erakunde publikoek (Loterien Erakundeko Ordezkaritzea, Bizkaiko Tutoretza Institutua, BizkaiKOA), Aldundiaren esku dagozan merkataritza soziedadeek (Aparkabisa, Azpiegiturak, Basalan, Beaz, Euskalduna Jauregia, Garbiker, Interbiak, Lantik, Seed Capital eta Seed Capital Mikro, Zugaztel) eta Foru Fundazinoek (Azkue, Biscaytik, Bizkaia-Bizkaialde, Boinas La Encartada eta BOS) osatzen dabe.