Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta bere taldeko sei kidek oposizinoari erantzun deutsie, Batzar Nagusietako Kontroleko azkenengo osokoan
Lurralde Historikoko 2018rako Aurrekontu Orokorren Foru Arau Proiektua onesteko izapidea bukatu ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiek urteko azkenengo saioa egin dabe, Kontroleko Osokoa. Osokoaren eguneko gai zerrendan, oposizinoko taldeek egindako bost itaun eta zortzi erantzuneske jasoten ziran. Bost puntu Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak erantzun ditu; bi Gizarte Ekintza (Isabel Sánchez Robles) eta Ekonomia eta Lurralde Garapen (Imanol Pradales) sailetako arduradunek; eta bana Herri Administrazio (Ibone Bengoetxea), Euskara eta Kultura (Lorea Bilbao), Enplegu (Teresa Laespada), eta Iraunkortasun (Elena Unzueta) sailetakoek, hurrenez hurren.
Itaun eta erantzun-eske gehienak gai sozioekonomikoen (Enkarterriren egoeraren gaineko hainbat gai eta Gamesako kaleratzeen gaineko beste bat) eta gizarte ongizatekoen (egoitzen egoeraren eta bertako beharginen ingurukoak) gainekoak izan dira. EH Bilduk, Podemos Bizkaiak, Talde Popularrak eta Talde Mistoak, museoen kudeaketarako Bizkaikoa erakundearen, foru titulartasuneko Lantik soziedade informatikoaren, Bilbo-Getxo bidegorri proiektuaren edo basoko larrialdi zerbitzuaren berrantolaketaren inguruan gobernu taldeak dauen eretxiaren inguruko interesa be erakutsi dabe. Enkarterriko gizarte eta lan egoerak bereganatu dau protagonismoaren parte handia, Unai Rementeriak, Asun Merinerok (Podemos Bizkaia) eta David Lopategik (EH Bildu) inguru horretako Udalakaz adostuta Enkarterri Sustetako Planaren gainean egin dituen itaunei erantzuteko izan dituan esku-hartze bigaz. Lehenengoak, bere eretxiz, “Aldundiak baztertuta euki dauen eskualdera berandu ailegetan dan” planaren gaineko xehetasunak eskatu ditu, eta Lopategik, “3,6 milioi eurogaz zer konpondu, bideratu eta martxan jarri daiken” galdetu dau.
Bere erantzunean, Ahaldun Nagusiak, –ostean Imanol Pradales Ekonomiaren Garapeneko Foru Diputatuak Talde Popularraren itaunari erantzunez esan dauen moduan– Enkarterriko eskualdera bideratutako 3,6 milioi euroak ez ohiko partidea dirala azpimarratu dau, foru erakundeak bertara bideratzen dauen ohiko inbertsinoko 40 milioi euroei gehitzen jakena. Gizarte eta lan arloan jarraituz, Josu Imanol Unanue EH Bilduko batzarkideak Gamesaren egoeraren gainean egin dauen galderari erantzun deutso Imanol Padalesek, zemendian konpainia horrek “Euskal Herriko bere lantokietan 155 kaleratze” iragarri eta gero. EH Bilduko batzarkideak bere ardurea erakutsi dau, konpainia multinazionalek hartzen dituen erabagien aurreko kontrol faltarengaitik, eta Aldundiari “lidergoa, ekimena eta industria plana” eskatu deutso, holango egoeren aurrean. Pradalesek, bere aldetik, erantzun deutso Foru Aldundiak erakutsi ebala bere egunean bere “haserrea”, kaleratzeak iragarri ziranean, baina gerora enpresak EREa baztertu eta akordioa lortu dala sindikatuen ordezkaritzagaz. Hori dala eta, “Aldundiak ez dauka zer eginik horren aurrean, akordioa lortu dalako pozik egoteaz aparte”.
Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Foru Diputatuak, Podemos Bizkaia taldearen itaun bati erantzun deutso, Zallako CEL Taldeko eta Urtuellako Renewable Hydroko beharginen egoeraren inguruan. Aldundiko arduradunak, konpainia horreetako kaleratzeak jasan dituen pertsonak prestetako eta barriro be lan munduan sartzeko bere sailak martxan jarri dituan lau programak azaldu ditu. 300 behargin baino gehiagok jasoko ditue programa horreen onurak. Gizarte Ekintzako sailari jagokozan gaiak, inoren laguntza behar daben pertsonen eta egoitzen gainekoak, Isabel Sánchez Robles Sail horretako titularrak eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko arduradunak erantzun ditue.
Jesús Isasik (Talde Popularra) egindako galderari erantzunez, Zaintzailearen Estatutua 2018ko lehenengo hiruhilekoan onetsiko dala esan dau Sánchez Roblesek, eta Josean Elgezabal Podemos taldekoak kontzertautako egoitzen gaineko auditoriari buruz egin dauen beste bati buruz, “enpresa pribaduei arautegian eta pleguetan agertzen dana zorroztasun osoz beteteko eskatzen deutsegula” adierazo dau. Bengoetxeak, bere aldetik, Gizarte Ekintza Saileko beharginen beharren inguruan erantzun deutso Elgezabali. Holan, Sail horretako hainbat arlotan 13 plaza gehiago sortuko dirala iragarri dau, eta zerbitzuaren edozein behar koiunturali be arreta egokia emongo jakola. Kontroleko Osokoa, oposizinoko taldeek planteautako beste lau gaigaz osatu da.
Holan, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatuak, museoen kudeaketarako Bizkaikoa erakundearen Aholkularitza Kontsejuaren gainean erantzun deutso Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariari; Elena Unzueta, Iraunkortasun eta Ingurune Natural saileko arduradunak guzurtau egin dau, Josean Elgezabali erantzunez, Base Gorriaren itxierak ezelango segurtasun murrizketarik eragingo dauenik basoko zaintzan; eta, bukatzeko, Zigor Isuskiza EH Bilduko batzarkideak Bilbo – Getxo bidegorri proiektuaren gainean galdetu deutso Imanol Pradalesi, eta interoperabilidade nodoaren inguruan Ibone Bengoetxeari. Lehenengo itaunari jagokonez, Pradalesek esan dau Aldundiak ez daukala ezelango erantzukizunik titularra Sustapen Ministerioa dan jabetza baten gainean (itsasadarreko errepidea). Eta Ibone Bengoetxearen eretxiz, nodoa “aukerarik hoberena da, soluzino fidagarriakaz eta kostu bajuakaz funtzionetan dauen eredu deszentralizaua”, hain zuzen be