Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako Osokoak 2018rako Bizkaiko Aurrekontuak onetsi ditu Gernikan

Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz, Talde Mistoko ordezkari bakarraren absentzinoagaz eta EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularreko 20 batzarkideen kontrako botoakaz, Batzar Nagusietako Osokoak, Lurralde Historikoko 2018rako Aurrekontu Orokorren Foru Araua onetsi dau gaur goizean. Eztabaidea hiru orduz luzatu da, eta ezuste barik amaitu da, Batzordean egin ziran eztabaidatan aurretik ezarritako posizionamenduak kontuan izanda. Enplegua sortzea, ekonomia berpiztea, zerbitzu publikoei eustea eta txartoen dagozanakaz alkartasuna dira, Foru Gobernua osotzen daben taldeen esanetan, aurkeztutako Aurrekontu egitasmoaren lau oinarriak.

Jon Atutxa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalearen berbetan, kontuak “orekatuak” dira. Horrez gain, eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren berba batzuk aitatuz, esan dau beharrezkoa dala “behar ez danean partidak larregi ez finantzetea edo errealidadetik oso azpian dagozan aurrekontuak ez egitea”. Gainera, bere taldeak “pertsonen, gizarte eta lurralde arloetako kohesinoaren eta jarduera ekonomikoaren aldeko apustua egiten daben neurri guztiak bultzatzen jarraituko dauela” be esan dau. “Eta kontu handiz, baina baikortasunez, egingo dogu”.

Carlos Totorika Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak, bere aldetik, “desbardinen arteko adostasunaren” aldeko apustua egin dabela esan dau, “akordio anitzaren, alkarrizketaren eta lankidetzaren formulea finkatzeko” asmoz, “erronka barriei nasaitasunez aurre egin ahal izateko”. Batzarkide sozialistaren eretxiz, oposizinoko taldeek aurkeztu dituen zuzenketaeskeak “maximalistak” dira, gaur aurkeztu diran kontuakaz kontrajarrita, kontu horreek “konponbideak jarten dituelako mahai gainean, datorren urteko egun honeetan, langabezia gitxiagoz, kotizazino gehiagoz, prekariedade gitxiagoz eta bardintasun handiagoz berba egin daigun”.

Igaz gertatu zan moduan, Talde Mistoko bozeroalea abstenidu egin da bozketan, eta Batzarretako talde guztien arteko adostasun maila altuagoaren aldeko apustua egin dau.

Oposizinoaren aldean, Podemos Bizkaia, EH Bildu eta PP taldeek Foru Gobernuko taldeak kritikau ditue, Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroalearen eretxiz, akordioak lortzeko jarrera “hutsa” erakutsi dabelako. PPko batzarkideak “diru-bilketaren handitzea” azpimarratu dau, baina, hori “ez da gastu handiagoan islatu”. Horrek argi eta garbi erakusten dau “banaketa eredu hori ez dala aldatuko hemendik legealdia bukatzen dan arte”. Kontuetan zeharkako politikei, pertsona nagusiei, autoenplegurako politikei eta enplegagarritasun planei emoten jaken laguntza txikia be azpimarratu dau Javier Ruizek.

Asun Merinero Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, “eskubide sozialak salgai jartea” eta “oinarrizko zerbitzu publikoak, gure pertsona nagusien arretea, adibidez, esku pribaduen esku jartea” leporatu deutse Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeei.

Arantza Urkaregi EH Bilduko, zuzenketa-eske transakzionalik onetsi ez dauen talde bakarreko, bozeroaleak, zergen igoerea eta zerga horreek biltzeko erabilten dan prozedurea kritikau ditu, eta baita Udaletara zuzendutako finantzaketa urria be. Oposizinoko gainerako taldeek esan daben moduan, gaur onetsi diran kontuetan “pertsonak ez dirala lehentasuna” nabarmendu dau Urkaregik.

FORU ARAUAREN IBILPIDEA

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernuak, 7.813 milioi euro jasoten ebazan aurreproiektua aurkeztu eban joan dan urriaren 27an, bukatzen dagon urte honetakoa baino %5,66 gehiago (418,5 milioi euro). 6.211 milioi beste administrazino batzuekaz (Eusko Jaurlaritza, Udalak eta Estauko Administrazinoa, kupoaren bitartez) konprometiduta dagozala kontuan izanda, Bizkaiko Foru Aldundiak 1.602 milioi euro kudeatuko leukez zuzenean. Horreetatik 1.193 (2017an baino %2,4 gehiago), Aldundiko zortzi sailen esku egongo litzatekez, foru erakundearen esku dagozan beharginen gastu finkoei zuzendutako atala kendu eta gero.

Joan dan abenduaren 14an, Batzar Nagusietako Osokoak ez ebazan onetsi EH Bildu eta Podemos taldeek aurrekontu proiektuaren aurrean aurkeztutako osoko hiru zuzenketa-eske, eta horren ostean batzordean eztabaidatu ziran taldeek aurkeztutako 633 zuzenketa-eske parzialak: Podemos Bizkaiak 258 aurkeztu ebazan, EH Bilduk 159, Talde Popularrak 143 eta Talde Mistoak 67, Foru Gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, aurkeztu ebezan sei proposamenez aparte.

Abenduaren 18tik 21era, Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, Bizkaiko Foru Aldundiko zortzi sailetako aurreikuspen ekonomikoaren aurrean aurkeztutako zuzenketaeske parzial guztiak eztabaidatu ebazan. Horreetako lautan (Gizarte Ekintza, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanak, Ogasun eta Finantzak eta Ekonomia eta Lurralde Garapena) hasierako proposamenari eutsi jakon, eta beste lauetan (Euskara eta Kultura, Garraioa, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa, Iraunkortasun eta Ingurune Naturala eta Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna), 12 zuzenketa-eske onetsi ziran. Onetsitako zuzenketa-eske horreek ia milioi bat euro ingurutan igon eben aurrekontua. Zehatzago esanez, Batzordeko eztabaidatik urtendako aurrekontu igoerea 979.000 eurokoa izan zan, hemen azaltzen dan moduan banakatuta:

- 479.000 euro Euskara eta Kultura sailerako, sei zuzenketa-eske onetsi ziralako, Balmasedako La Encartada Museoaren, Bilboko Errekalde Aretoaren, Arte Eder Museoaren eta udako eta eskola kiroleko hainbat jardueren gainekoak.

- 390.000 euro Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailerako, hainbat erakunderen eta programaren gaineko lau zuzenketa-eske dirala eta.

- 60.000 euro Iraunkortasun eta Ingurune Natural sailerako, Urdaibai Bird Center txorien behatokia diruz laguntzeko zuzenketa-eske bat onetsi eta gero.

- 50.000 euro Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailerako, Bizkaiko Garraio Partzuergorako azterlanak egiteko zuzkidura gehigarriari esker.

Legealdi honen hasieratik Aldundiko Gobernua eusten daben Euzko Abertzaleak taldearen 23 jarlekuetan eta Euskal Sozialistak taldearen seietan oinarritutako gehiengoaren laguntzagaz, Batzar Nagusiek aurrekontuen gaineko proiektua berretsi dabe, batzordean egindako eztabaidatik urten eban moduan.

Aurrekontuen aurreko eztabaidan gertatu zan moduan, Talde Mistoko ordezkari bakarra abstenidu egin da bozketan, eta EH Bilduko 11 ordezkariek, Podemos Bizkaiako seiek eta Talde Popularreko hiruek proposamenaren kontrako botoa emon dabe. Bizkaiko Lurraldeko Aurrekontu Orokorren Foru Arau Proiektuaren onespena, emaitza berbera izan daben bederatzi bozketatan gauzatu da (aldeko 29, kontrako 20 eta abstentzino bakarra), Aldundia osotzen daben zortzi sailetako bakotxeko eta Testu Artikulauko kontuen gainekoak. Batzar Nagusietako Osokoan Bizkaiko kontuak onetsi eta gero, Bizkaiko Foru Aldundiak daukan aurrekontua ondoren azaltzen dan moduan geratuko da:

- Gizarte Ekintza Saila  514.049.022 euro (2017an baino 22,40 milioi euro gehiago, +%4,56)

- Ekonomia eta Lurralde Garapen Saila  286.227.312 euro (2017an baino 13,11 milioi euro gehiago, +%4,80)

- Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Saila  140.411.943 euro (2017an baino 14,82 milioi euro gitxiago, -%9,54)

- Ogasun eta Finantza Saila  124.437.835 euro (2017an baino 3,73 milioi euro gehiago, +%3,09)

- Iraunkortasun eta Ingurune Natural Saila  109.725.227 euro (2017an baino 5,49 milioi euro gitxiago, -%4,76)

- Herri Administrazio eta Erakunde Harreman Saila  109.426.726 euro (2017an baino 11,53 milioi euro gehiago, +%11,79)

- Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saila  58.569.051 euro (2017an baino 1,87 milioi euro gehiago, +%3,31)

- Euskara eta Kultura Saila  57.031.438 euro (2017an baino 2,03 milioi euro gehiago, +%3,70) 

- Zor Publikoa o 202.197.290 euro (2017an baino 6,62 milioi euro gehiago, +%3,39) 

- Erakundeen konpromisoak o 5.351.536.333 euro (2017an baino 344,23 milioi euro gehiago, +%6,87)  Udal finantzaketea o 850.695.100 euro (2017an baino 32,88 milioi euro gehiago, +%4,02)