Aurreko Albisteak

Herri Administrazinoko Foru Diputatuak ezeztu egin dau Larrialdien Foru Planean aldaketarik egon danik

Bizkaiko Buru Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak urteko azkenengo saioa egin dau gaur goizean. Hasteko, Talde Mistoak eskatuta, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andrearen agerraldia gauzatu da. Arturo Aldecoa batzordekideak Larrialdien Foru Planaren inguruko informazinoa emon daian eskatu dau bere presentzia.

Base Gorriko sindikatuetako ordezkariek Plan horren inguruan emondako eretxietan oinarrituta, zerbitzuaren estruktura barriak larrialdi posibleen aurrean erantzuteko arintasuna zalantzan jarten ete dauen galdetu dau Aldecoak. Foru Diputatuak ezeztu egin dau edozelango koordinazino faltarik egon daikenik, eta “zerbitzuaren erabateko profesionaltasuna” azpimarratu dau. Eguneko gai zerrendeagaz jarraituz, Arturo Aldecoak Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau, Aldundiaren esku dagozan erakundeetako beharginen aukeraketa prozesuen gainean. Talde Mistoko ordezkariak zozketa publikoa egitea proponidu dau, hautagaiak aukeratu behar dituen enpresen artean eta, beste alde batetik, hizkuntzen ezagutzea titulazino ofizialaren bidez egiaztetea. Proposamena ez da onartu, Eusko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularra taldeek, holango prozesuetan zozketak ez daukala ezelango lege euskarririk adierazo dabelako. Abstenidu egin diran EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeak bat etorri dira ekimenaren izpirituagaz, baina proponidutako prozeduraren inguruko zalantzak erakutsi ditue.

Saioa amaitzean, kendu egin dira eguneko gai zerrendatik EH Bildu eta Euzko Abertzaleak taldeek Kataluniaren gainean aurkeztu dituen Arauz Besteko Proposamen biak.