Aurreko Albisteak

Ekonomiaren Garapen Saileko 2018ko aurrekontua aldaketa barik aurkeztuko da Osokoan

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Saila

Bizkaiko Lurraldeko 2018ko Aurrekontu Orokorrak eztabaidatzeko azken jardunaldia gaur goizean hasi da, Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Sailaren gastu proiektuaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eske partzialen bozketeagaz. Batzarretako oposizinoko taldeek aldaketarako 100 proposamen aurkeztu ditue, baina bakarra be ez da onetsi.

Foru Gobernua eusten daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek daukien gehiengoa nahikoa izan da jardunaldiko lehenengo saio honetan aurkeztu diran zuzenketa-eske guztiak atzera botateko. Bizkaiko Udalek gauzatzen daben turismoaren sustapenagaz erlazionauta EH Bilduk aurkeztu dauen zuzenketa-eske batera gerturatzeko ahalegina egin da, baina azkenean ez da akordiorik lortu, esleitutako kopuruan ez diralako ados jarri. Batzordean egin dan eztabaidaren ostean, Imanol Padrales Foru Diputatuak zuzentzen dauen sailak 269 milioi euroko aurrekontua eroango dau datorren abenduaren 28an Gernikan egingo dan Osokora, Bizkaiko Foru Aldundiko sailek aurkeztu daben bigarren altuena. Aurrekontuaren zenbatekoa igaz aurkeztutakoa baino %5 handiagoa da, eta sail guztien aurrekontuaren %21,9 hartzen dau.

Eztabaidea amaitu danean, oposizinoko taldeek Osokorako erreserbau ditue euren zuzenketa-eske partzialak, bertan eztabaidatzeko.