Aurreko Albisteak

Euskera eta Kulturako Sailaren aurrekontua milioi erdi gehiago ingurukoa izango da

Euskera eta Kulturako Saila

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak Euskera eta Kulturako Sailaren 2018ko aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidau ditu gaur arratsaldean. Aurkeztu diran 92 zuzenketa-eskeetatik aldaketarako sei proposamen onetsi dira, eta aldaketa horreen ondorioz aurrekontua 479.000 euro gehiagokoa izango da.

Foru Gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, Balmasedako La Encartada Museoan eta Bilboko Errekalde Aretoan eragina izango dauen zuzenketa-eskea aurkeztu dabe. Lehenengo kasuan sorkuntza eta talentu artistikoa bultzatu gura dira, ehungintzaren eta modaren sektoreakaz lankidetzan eta, aldi berean, Enkarterriko herrira gerturatzeko komunikabideak hobetzea be aztertuko da. Errekalde aretoari jagokonez, ekimenak helburuak berbideratzea eta artista gazteen talentuaren kudeaketea indartzea bilatzen dau. Guztira, zuzenketa-eske horrek 250.000 eurotan handituko dau hasieran esleitutako kopurua.

Aurrekontuen gaineko eztabaidea hasi zanetik, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean lehenengo aldiz emon dira akordioak oposizinoagaz, bost zuzenketa-eske transakzionalen bitartez.

Talde Mistoak, Popularrak eta Podemos Bizkaiak gazteentzako udako jardueren, udalekuen, eta Bizkaia Goazen 2020 programaren gaineko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditue. Holan, Foru Gobernua eusten daben talde biek, hasieran proponidu diran kopuruetara heldu barik, eskarien parte bat onesten daben hiru zuzenketa-eske transakzional bultzatu ditue. Horreen bitartez, horreetako bakotxak 33.000 euroko partidea jasoko dau, hasieran aurreikusitakoaz gain. Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekidearen proposamen baten aurreko zuzenketa-eske transakzionala aurkeztu dabe. 200.000 euro eskatzen ziran Bilboko Arte Ederretako Museoko erakusketak diruz laguntzeko. Azkenean, partida horrek 100.000 euro gehiago izango ditu.

Bukatzeko, azkenengo zuzenketa-eske transakzionala, eskola kiroleko jardueretan parte hartzen daben irabazi asmorik bako erakundeentzako laguntzen gainekoa izan da. Aldecoak egin dauen hasierako 50.000 euroko eskaria 30.000 eurotan geratu da, aldeen artean akordioa lortu ostean.

Horren guztiaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kulturako Sailak, 45 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua aurkeztuko dau datorren abenduaren 28an Gernikako Batzarretxean egingo dan osokoan, hau da, Foru Aldundiko Gobernu egiturea osatzen daben zortzi sailek izango daben aurrekontuaren %3,8a. Horrez gain, esan behar da Euskera eta Kulturako Sailaren zenbatekoa 2017an baino %3 altuagoa dala.

Eztabaida amaitzean, oposizinoko talde guztiek Gernikako Osokorako erreserbau ditue euren zuzenketa-eske partzial guztiak.