Aurreko Albisteak

Oposizinoak aurkeztutako zuzenketa-eske guztiak atzera bota dira 2018rako Bizkaiko Aurrekontuen Batzordeko eztabaidaren hasieran

Bizkaiko Buru Batzar

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Lurralde Historikoko 2018. urterako Aurrekontuen Foru Arau Proiektuaren aurrean Batzarretako taldeek aurkeztu dituen 603 zuzenketa-eske partzialen eztabaidea hasi dabe. Batzordeko eztabaidaren lehenengo saioa Herri Administrazio eta Erakunde Harreman Saileko partidetan zentrau da. Ez da onetsi Talde Mistoak, Talde Popularrak, Podemos Bizkaiak eta EH Bilduk aurkeztu dituen 58 zuzenketa-eskeen artetik bat be.

Herri Administrazio eta Erakunde Harreman Sailak 59 milioi euroko gastu aurreikuspena aurkeztu dau 2018rako. Bizkaiko Foru Administrazino guztirako aurrekontua 7.813 milioi eurokoa da.

Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak, Ibone Bengoetxeak zuzentzen dauen sailerako Gobernu Taldeak aurkeztu dauen proiektua ez aldatzea erabagi dau. Foru Gobernua eusten daben talde bien (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) bederatzi ordezkariek, artikulu guztiak Batzordera heldu diran moduan jarraitzea bermatu dabe. Aurkeztu diran programek, EH Bilduko hiru ordezkarien, Podemos Bizkaiako bien, Alderdi Popularreko bakarraren eta Talde Mistoko bakarraren kontrako botoa edo abstentzinoa jaso ditue. Dana dala, zuzenketa-eskeak bozkatzeko orduan, kasu batzuetan oposizinoko batzordekide batzuek bat egin dabe EAJ-PNV eta PSE taldeetako batzordekideakaz, proponidutako aldaketa batzuen kontra agertuz.

Eztabaidea eta bozketak bukatu ostean, oposizinoko talde guztiek, zuzenketa-eske partzialak, datorren abenduaren 28an Gernikako Batzarretxean egingo dan eta Bizkaiko Foru Aldundiko 2018ko kontuen behin betiko onespenagaz bukatuko dan Osokorako erreserbauko dituela iragarri dabe.