Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu erakundeei prisea sartzerik, San Mameseko estadioan atletismo pistea eregiteko

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak ez dau onartu gaur goizean Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena. Bertan, eskaria egiten jaken Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, “San Mameseko zelai barrian konprometidu zan atletismo pistea ahalik eta arinen bultzatzeko, justifikau bako atzerapen barik”. Proposamenak Talde Popularraren aldeko botoa, EH Bilduren abstentzinoa eta Podemos Bizkaia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeen kontrako botoak jaso ditu.
Talde Mistoko batzordekideak, bere egunean “Athletic taldearen zelai barria eregiteko orduan diru publikoa ordaintzea konpentsetako erakundeen konpromiso irmoa” izan zan azpiegituraren eregintzea data barik atzeratzeko Eusko Jaurlaritzak daukan asmoa ezagutu ostean aurkeztu eban ekimena. PP taldeak akordio horregaz aurrera jarraitzea bultzatu dau, eta EH Bildu abstenidu egin da, “konpromisoak bete egin behar diran arren, une honetan beste lehentasun batzuk dagozala” uste dauelako. Podemos Bizkaiaren eretxiz, “ez dago ezelango ez beteterik, ez dagolako proiektua gauzatzeko eperik, eta ulertzen dogu, baita be, une honetan lehentasuneko zeozer ez izatea”.
Foru Gobernua eusten daben taldeek, EAJ-PNV eta PSEk, azpimarratu dabenez, alde batetik, proiektua ez dago baztertuta, baina ez da preminazkoa, eta herritarren beharretara eta aurrekontuen erabilgarritasunera egokitu beharko da. Hori guztia kontuan izanda, Arauz Besteko Proposamena ez da onartu, aldeko boto bi, kontrako 11 eta hiru abstentzino lortu ditu eta.
IRREGULARTASUNAK ATHLETIC-EN MUSEOAREN LANETAN
Athletic taldearen estadio barria izan da, baita be, Ekonomia eta Ogasuneko batzordeko eguneko gai zerrendako beste puntu baten xedea. José María Iruarrizaga Sail horretako titularrak agerraldia egin dau, Taldearen Museoa eregiteko lanetan egon diran irregulartasunen gaineko salaketen aurrean Aldundiak daukan jarrerea azaltzeko.
Agerraldia Asun Merinero Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak eskatuta egin da. Talde moreak Athletic-en Museoaren obretan Bizkaiko Eregintzaren Konbenioa bete ez izanagaitik lan ikuskaritzan aurkeztutako salaketearen eta horren epaiaren inguruko azalpenak emotea eskatzen eban. Merinerok autortu dauenez Bizkaiko Foru Aldundiak ez dauka eskumenik kasu horretan, eta arazoa konponduta dago, aldeen artean akordioa lortu dalako, baina Foru erakundeak “esateko zeozer eukiko dauela” azpimarratu dau, eta horren gaineko ezelango jarduketarik aurrera eroan ete dan galdetu dau.
Iruarrizagak adierazo dauenez, “San Mames Barria erakundeko bazkidea dan neurrian, Aldundiak ez dauka ezelango erantzukizunik, eta erantzukizun osoa Athletic Club taldearena da, berak kontratau dauelako obrea”. Talde Popularra eta EH Bildu bat etorri dira Athletic-i beharginen eskubideak betetea exijitu behar jakola esatean, eta EAJ-PNV eta PSEko bozeroaleek barriro esan dabe eskaria lekuz kanpo dagola, Aldundiak ez daukalako gai horretan ezelango eskumenik.
IRUZURRAREN KONTROLA MERKEALDI AZOKATAN
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordearen gaurko saioak hirugarren gai bat be landu dau. Javier Ruiz PP taldeko batzordekideak merkealdi azokatan ezarten diran kontrol neurrien gaineko informazinoa eskatu deutso Ogasuneko diputatuari. Bozeroale popularrak, merkataritzaren arlotik iruzur posible baten inguruko kontrol fiskal faltearen gaineko salaketak jaso dituala adierazo dau. José María Iruarrizagak azaldu dauenez, bere Sailak kalez kaleko salmentan aritzen diran 12 pertsona fisikoren kontrako prozedurea zabaldu dau orain denpora gitxi. Pertsona horreek ez dagoz alta emonda, eta aurreikusten jaken zor fiskala 350.000 euro ingurukoa da. Horrez gain, beste zazpiri espedientea zabaldu jake. Gainera, Bizkaiko Foru Ogasunak jarduera horretan aritzen diran 411 pertsona identifikau ditu, eta horreetatik 157 baino ez dagoz alta emonda.
Javier Ruizek berretsi dauenez, bidebakokeria eta merkataritza arloko norgehiagoka desleiala BECen edo hoteletan egiten diran azokatan emoten dira batez be, leku horreetan esku-diruzko salerosketak egiten diralako, fakturarik eta ezelango aztarna fiskal barik. Foru diputatuak erantzun dauenez, Foru Ogasunak jarduteko, beharrezkoa da aurretik salaketak jasotea.