2018ko Bizkaiko aurrekontuek Batzordeko eztabaidagaz jarraituko dabe, Batzar Nagusietako Osokoak EH Bildu eta Podemos taldeek aurkeztutako Osotasuneko Zuzenketa-eskeak atzera bota eta gero

Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoak atzera bota ditu Batzarretako EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek aurkeztutako lurralde historikoko Aurrekontuen Foru Arau Proiektuaren aurreko osotasuneko zuzenketa-eskeak. Lehenengo taldeak Gizarte Ekintzako Sailaren kontuak beren beregi ez onartzeko proposamena be aurkeztu dau. Bata bestearen ostean egindako bozketa bitan, Batzarrek atzera bota ditue hiru ekimenak, proposamenak aurkeztu dituen taldeen aldeko 16 botoakaz eta gainerako guztien (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Talde Popularra eta Talde Mistoa) kontrako 33akaz.
Holan, EAJ-PNV eta PSE-PSOE taldeek osatzen daben Gobernu taldeak aurkeztu dauen 2018ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak bere tramitazinoagaz jarraituko dau, datorren astean egin behar diran aurrekontuen hiru batzordeetan. Batzorde horreetan hainbat taldek aurkeztu dituen zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko dira. Proiektua behin betiko onespenerako aurkeztuko da abenduaren 28rako Gernikan deitu dan Kontroleko Osokoan.
Abenduaren 19rako, 20rako eta 21erako Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan programau diran Ekonomia eta Ogasuneko hiru batzordeek, Batzarretako taldeek aurkeztu dituen 633 zuzenketaeskeak eztabaidatu beharko ditue. Aldundiaren egungo Gobernua eusten daben talde biek 6 zuzenketa-eske defendiduko ditue. EH Bilduk gauza bera egingo dau bere 159 proposamenakaz; Podemos Bizkaiak 258 aurkeztu ditu, talde popularrak 143 eta Talde Mistoak 67.
Guztira, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak osokoaren hasieran aurkeztu dauen 2018rako lurraldearen aurrekontu proiektuak 7.813 milioi euro hartzen ditu, 2017an baino %5,66 gehiago, eta horreetatik 1.193 milioi sailek erabilgarri daukiena izango da. Batzarretako taldeen arteko eztabaidea hasi aurretik, Iruarrizagak proiektuaren inguruko aitamena egin dau, Bizkaia “solidarioagoa”, “jarduera ekonomiko gehiagokoa”, “modernoa”, “eraginkorra”, “gardena” eta “mundura konektautakoa” lortzeko diseinauta dagola adierazoz.
Kudeaketa Propioko aurrekontuak 1.602.075.844 euro hartuko ditu. Kopuru hori aurreko ekitaldikoa baino %2,63 gehiago da eta, hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 41 milioi euro gehiago izango ditu bere jarduerea aurrera eroan ahal izateko. Gauza bera gertatzen da Sailek erabilgarri izango daben diruagaz, %2,40 egin dauelako gora, 1.193.700.000 eurora arte, 2017an baino 28 milioi gehiago.
Esku-hartzeen txandea Asun Merinero Podemos Bizkaiako bozeroaleagaz hasi da. “Desbardintasunen kontrako burrukaren eraginkortasun faltea, garapenerako eredu neoliberala, zerbitzuen kudeaketa eredu pribatizatzailea eta bezero sortzailea eta erakundeen eta baliabide publikoen patrimonializazinoa” aitatu ditu, bere eretxiz aurrekontuen proiektuak dituen gabezia nagusien artean.
EH Bilduren izenean, Arantza Urkaregi Politika fiskalean zentrau da, “ez dala ez zuzena ez progresiboa” adierazoz, eta diru-sarrera fiskalen parte handiak Estaduko kutxan amaituko dauela esan dau, “guztira 532 milioi, bizkaitar bakotxeko 464, hemen erabagi ez doguzan gastuak ordaintzeko”. Gainera, hainbat azpiegiturek eragindako gastua kritikau dau, Supersur errepidea eta Gerediaga-Elorrio lotunea, besteak beste. Bere eretxiz, azpiegitura horreek argi izten dabe “lehentasuna ez dirala pertsonak, azpiegiturak baino”.
Arturo Aldecoa Talde Mistoko kide bakarra, osotasunerako zuzenketa-eske bietatik urrundu da “populismoa” eta “ikuspegi apokaliptikoa” erakusten dabelako. Bere eretxiz, hori ez dator bat Bizkaiak gaur egun bizi dauen errealidadeagaz.
Talde Popularra ordeztuz, Javier Ruiz bozeroaleak bere taldeak osotasunerako zuzenketa-eskerik ez aurkezteko hiru errazoiak azaldu ditu: “zuzenketa-eske partzialak tramitetako orduan akordioak lortzea ezinezko bilakatuko leuken keinu erasokor moduan hartuko litzateke; beste alde batetik, adostasunean eta zeharkakotasunean oinarritutako testuinguru politikoa eta instituzionala bultzatu gura dogu; eta, bukatzeko, pragmatismo politiko ariketea da gure aldetik”. “Ez da gure aurrekontua –adierazo dau– eta hobetzeko tartea dagola uste dogu”.
Carlos Totorika izan da Euskal Sozialistak taldearen jarrerea defendidu dauena. Bere eretxiz, proiektuan azpimarragarria da “aurrekontuen %80 Gizarte Ekintza, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen, eta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino sailetara zuzenduta dagola”. Totorikak kritikau egin ditu EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak, “propagandarako, argazkirako eta demagogiarako, gu ez garala euren ondoan egongo” adierazoz. Eta gobernu taldearen proposamenaren alde, “desbardinen arteko akordiotik sortutako aurrekontuak” dirala eta “guretzat oinarrizko erreferentzia baztertuezinak diran proiektuak eta partidak jasoten dituala” azpimarratu dau.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Jon Andoni Atutxak behin eta barriro esan dau Foru Gobernuaren proiektuak hiru esparru estrategikoen alde egiten ari dan apustua indartzen dauela: “pertsonen, lurraldearen kohesinoaren eta jarduera ekonomikoaren aldeko apustua”. Atutxak adierazo dauenez, EH Bilduk eta Podemosek aurrekontua baztertzeko egin dituen eskariek ez daukie proiektu alternatibarik eta, hori dala eta, “onartuz gero, Bizkaiak ez leuke 2018rako aurrekonturik eukiko”. Bozeroale jeltzaleak azpimarratu dauenez, “printzipio bik gidaten daben aurrekontu proiektu baten aurrean gagoz: baikortasunak, aurrekontu hobeak izango doguzalako, eta kontuz ibiltzeak, ekonomia globaletik zeozer ikasi badogu, zalantzaz betetako garaietara itzuli gaitekezala dalako”.