Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak Tourreko etapa bat Bizkaian egitearen alde agertu dira, eta Bilboko Portutik armak bialtzearen gaineko proposamena baztertu dabe

Sukarrieta, Busturia eta Gautegizen alkateak

2018ko Bizkaiko aurrekontuak eztabaidetako deitu dan osokoa bukatzean gaur goizean egin dan Ohiko Osokoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi egin dabe Frantziako Tourreko etapa bat Bizkaian egiteko aukera posiblea bultzatzeko proposamena, eta ez dabe onartu Bilboko Portutik gerrarako armen esportazinoaren kasu gatazkatsua dala eta aurkeztu dan Arauz Besteko Proposamena. Joan dan martian zehapena ezarri jakon operazino horretan parte hartzeari uko egin eutsan suhiltzaile bati.
Txirrindularitza probari jagokonez, mozinoa Javier Ruiz Talde Popularreko batzordekideak aurkeztu dau. Bertan, eskaria egiten jake Bizkaiko Batzar Nagusiei, “Frantziako Tourreko etapa bat Bizkaian egiteari laguntzeko” mozinoa onartu daian, eta aitatutako kirol ekitaldia denpora asko igaro aurretik gure Lurralde Historikoan egin ahal izateko beharrezkoak diran neurriak bultzatzeko eskatzen jako Bizkaiko Foru Aldundiari.


Javier Ruizek kirol ekitaldi hori Bizkaiko lurraldetik igaroteak daukan garrantzia azpimarratu dau, bertan zale asko dagozalako eta eragin ekonomikoa handia izango dalako. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak ekimenaren alde agertu dira, baina EH Bildu taldea ez da bat etorri Bizkaian ekitaldi handiak antolatzearen ereduagaz “industria edo enplegu politikan dagozan zuloak tapetako metodoa dalako”. Podemos taldea be abstenidu egin da, ekitaldia antolatzeak eskatuko dituan gastuen, finantzaketaren, itzulketa potentzialen eta arriskuen gaineko gardentasun eta datu zehaztasun handiagoa eskatu eta gero. Mozinoa onetsi egin da, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko 32 botoakaz eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen abstentzinoagaz.


ARMEN ESPORTAZINOA
Beste alde batetik, eguneko gai zerrenda berean, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek Bilboko Portutik armak bialtzearen inguruko eztabaidea zabaldu dabe, Arauz besteko Proposamen baten bitartez, Aldundiak holango bialketetan ez laguntzeko eta estibako lanetan inplikauta dagozan beharginentzako kontzientzia eragozpenerako eskubidea arautzeko eskatuz.
Neskutz Rodríguezek Podemos Bizkaiaren izenean, eta Josu Unanuek EH Bildu ordezkatuz, gai “gogor eta larriaren” gainean egin dabe berba, kontuan izanda armen jomugea Saudi Arabia izan dala, une honetan Yemenegaz gerran dagon herrialdea, eta nazinoarteko hainbat instantziatik arma enbargopean dagona. Horri guztiari, Aldundiko suhiltzailearen kasua gehitzen jako – eztabaidak iraun dauen bitartean jendearentzako harmailetan egon da suhiltzailea–. Oso falta larria leporatu jakon eta bere egunean zigorra jasan eban, garraio operazino horretan ez parte hartzeko hartu eban erabagiarengaitik.
Aitatutako horren aurrean, Batzarretako gainerako taldeek gerran dagozan herrialdeakaz arma trafikoaren kontra dagozala azpimarratu dabe, eta zigorra jasan dauen suhiltzailearen aurrean begikotasuna daukiela adierazo dabe, baina, aldi berean esan dabe argi eta garbi daukiela Bizkaiko Foru Aldundiak ez daukala ezelango eskumenik arlo horretan eta, aldi berean, legezko betebeharrak dituala merkantzia arriskutsuen garraioko segurtasunean, eta gerrako armak kategoria horretan dagozala. Proposamena ez da onetsi, EH Bildu eta Podemos taldeen aldeko 15 boto eta gainerako talde guztien kontrako 32 jaso ditualako.


SAN ANTONIOKO BARRUTIA
Osokoaren barruan, orain arte Sukarrietaren esku egon dan eta Busturiako udalerriaren barruan dagon San Antonioko barrutia kentzea onetsi da. Hamarkada bi baino gehiagoz luzatu dan eta oraindino be inplikautako udalerrien artean gorabeherak sortzen dituan lege prozesu luze eta gatazkatsua da. Izan be, Ana Otadui Batzarretako presidenteak gai horren gaineko kartelak kentzeko eskatu deutse Batzarretan egon diran pertsona batzuei, eta esku-hartzeko asmoagaz berbetan hasi diran hainbat pertsona konbidauen eserlekuetatik bialdu behar izan ditu. Talde guztiek, oraindino guztiz itxita ez dagon lege prozesuaren konplexutasuna azpimarratu dabe, baina barrutia kentzeko Aldundiak hartu dauen akordioa Podemoseko zazpi batzarkideen aldeko botoagaz eta gainerako talde guztien abstentzinoagaz onetsi da.


EGIAZTAGUTUN BARRIAK
Ohiko osokoaren hasieran, eta batzarkide guztien aho bateko adostasunaz, Podemos Bizkaia taldeko kide dan Eneritz Madariagak egiaztagutuna jasotea onetsi da. Batzarretako talde bereko Mikel Isasi ordeztuko dau.