Aurreko Albisteak

Garraio Foru Diputatuak ezeztu egin ditu Bizkaibus zerbitzuan segurtasunerako arriskuak eta akatsak dagozala esaten daben akusazinoak

Bizkaiko Buru Batzordea

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino Foru Diputatua gaur goizean etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordera, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek eskatuta. Aldundiko arduradunak ezeztu egin dau Bizkaibuseko ibilgailuetan ezelango segurtasun arazorik dagonik, bere agerraldirako eskarian adierazoten zan moduan. Batzar Nagusietako EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek egin daben eskaria, Pesa Lur S.A. emakidadunean segurtasunerako arriskua eta zerbitzu txarra dagola esaten dauen salaketa sindikalean oinarritu da. Podemos Bizkaia taldeko Nuria Atienzak eta EH Bilduko Zigor Isuskizak ikuskaritzak ez dirala osorik beteten eta ibilgailuen materialetan eta elementuetan (beirak, gurpilak, bolanteak, alarmak…) akatsak dagozala salatu dabe.

Foru Diputatuak azaldu dauenez, 658 auditoria egin dira Bizkaibuseko flotako 335 autobusetan, eta “kalidade eta segurtasun maila altuak” bermatzen dira. Vicente Reyes harrituta agertu da sindikatuek “ezelango froga barik” egin dituen salaketengaitik, eta talde politiko bik “egiaztatu barik” horreen barri jaso izanagaitik. Agerraldia eskatu daben talde biek, “helduarazoten deuskuezan arduren bozgorailuak gara” esan dabe. Holan, Nuria Atienzak adierazo dauenez “ez gara esaten ari autobusak amiltegitik jausiko diranik, baina arazoak egon, badagoz”.

DIRU-LAGUNTZAK ETA BEHARGINEN AMORTIZAZINOAK BIZKAIBUSEN

Garraio Foru Diputatuak Batzordean izan dauen agerraldiak EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen beste eskari biri be erantzun deutse. Eskari biak eguneko gai zerrendako puntu bakarrean batu dira, gaiak oso antzekoak ziralako. Eskari horreek, Bizkaibuseko lantaldean itxuraz amortizazinoak egotearen eta garraio zerbitzu horretan lanpostuak bermatzeko dagozan diru-laguntzen ingurukoak izan dira. Sindikatuen informazinoetan oinarrituta, “linea gehiago, zerbitzu gehiago eta tailerretako behargin gitxiago dagozala” adierazo dau Zigor Isuskizak, eta horrek lanpostuen amortizazinoa erakusten dauela. Vicente Reyesek, bere aldetik, ez dala holango amortizazinorik gertatu errepikau dau eta, “une honetan, Bizkaibusen, emakidaren hasieran baino 64 lanpostu gehiago” dagozala. Foru Diputatuak adierazo dauenez, ez da kaleratze bat be gertatu. Bizkaibuseko emakida daukien enpresei emoten jaken diru-laguntzari jagokonez, Reyesek esan dau ez dala ezelango aldaketarik egon aurreko egoereagaz alderatuta.

AUTOBUS ZERBITZUA GABONZAHAR GAUEAN

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak Nuria Atienzak (Podemos Bizkaia) aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat be landu dau, urtarrilaren 1eko goizaldean Bizkaiko udalerri nagusiei estaldurea eskiniko deutsien Bizkaibuseko zerbitzu bereziak martxan jartearen ingurukoa. Atienzak adierazo dauenez, Lurralde Historikoko 28 udalerrik, konpentsazinoko neurriak eskatzen dituan “garraio estaldura txikia” daukie, eta Gabonzahar gauean alkoholaren kontsumoak errepideko segurtasunean eragiten dituan arazoak be azpimarratu ditu. Foru Gobernua eusten daben taldeetako –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– ordezkariek adierazo dabenez, ez da Bizkaibuseko erabiltzaileen artean ardura handirik sortzen dauen zerbitzua, eta erabiltzaileek ez dabe horretarako ezelango eskaririk egin eta, gainera, une honetan zerbitzua ezartea “ezinezkoa” izango litzateke. Azpimarratu dabenez, urtebarriko jai hori ezin daike Aste Nagusiagaz edo kirol ekitaldi garrantzitsuakaz alderatu, herri guztietan ospatzen dalako. Bozketaren ostean, proposamena ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako bederatzi botoakaz eta gainerako taldeen aldeko zazpi botoakaz.

EREGI BEHARREKO GITXIENEKO ETXEBIZITZA KOPURUA

Batzordeko Eguneko gai zerrendea, Bizkaiko Gune Funtzional guztietako Lurralde Plan Partzialetan (LPP-PTP) eregi beharreko gitxieneko etxebizitza kopurua kentzearen inguruko arauz besteko proposamenaren inguruko eztabaidagaz osatu da. Proposamena aurkeztu dauen EH Bildu taldeak adierazo dauenez, gaur egungo errealidade sozio-ekonomikoa eta urigintza arlokoa ez dator bat legezko eskakizun horregaz. Ekain Ricok eta Unai Lermak, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak ordezkatuz, azpimarratu dabenez, proponidutakoa moduko ekimena legezkotasunetik kanpo geratuko litzateke une honetan eta, beraz, “ez da eztabaida honetarako ez unea ezta lekua be”. Holan, atea zabalik itzi dabe, etorkizunean gaiari barriro ekiteko, LPP-PTPak barrikusteko prozesua amaitzen danean, eta Eusko Jaurlaritzak Lurralde Antolamendurako Jarraibideen aldaketea onesten badau. Mozinoa ez da onartu, jeltzaleek, sozialistek, popularrek eta Talde mistoak kontrako 11 boto emon dituelako, eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek aldeko 5.