Bizkaiko Batzar Nagusiek titulartasun publiko-pribaduko higiezin historikoak barriztetako laguntzak sortzea onetsi dabe

Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordeak, titulartasun misto publiko-pribaduko higiezin historikoak barriztetako laguntzak sortzea onetsi dau gaur. Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak proponidu dauen ekimena ondo hartu dabe talde guztiek, eta aho batez onetsi da. Arauz besteko proposamenaren helburua, titulartasuna norbanakoena eta erakunde publikoena daukien interes historikoko eraikinek planteetan daben arazoari erantzutea da. Hori gertatzen da, adibidez, Bermeon dagon Zarragoitxiko Gazteluagaz. Bertako aztarnak jaubetza pribaduen eta udal lurren artean banatzen dira.
ONDAREAREN GAINEKO 2017KO JARDUNALDI EUROPARREN BALANTZEA
Arturo Ignacio Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak Lorea Bilbao Euskera eta Kultura Foru Diputatuaren agerraldia eskatu dau, joan dan urrian egin ziran Ondarearen gaineko 2017ko Jardunaldi Europarren balantzea egin daian. Diputatu andreak arrakastea eta jendearen leialtasuna azpimarratu ditu, Bizkaiko 78 udalerritan egin diran mota guztietako jardueretara joan dira eta. Halanda be, eta balantzea positiboa izan dan arren, Lorea Bilbaok “lekuak zabaltzea”, “medioetan oihartzun handiagoa lortzea” eta “jende gazteagoa erakartea” beharrezkoa dala azpimarratu dau. Talde guztiak bat etorri dira helburu horreekaz eta, holan, Talde Mistoak eta EH Bildu taldeak jardunaldi horreek denporan gehiago luzatzeko aukerea proponidu dabe. Beste alde batetik, Diputatuak adierazo dauenez, datorren urtean programak 100.000 euroko partidea izango dau –aurton baino %75 gehiago–, Ondarearen Urte Europarraren ospakizunagaz bat etorrita.
URRIAN GUGGENHEIM MUSEORA JOATEKO BIALDU ZIRAN GONBIDAPENEN BALANTZEA
Beste alde batetik, Elsa Pamparacuatro Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak, Euskera eta Kultura Foru Diputatuaren agerraldia eskatu dau, museoaren XX. urteurrena zala eta Guggenheim Museoa bisitetako bialdu ziran dobako gonbidapenen balantzea egiteko. Podemos Bizkaia taldeak Diputatuari adierazo deutsonez, pozik dago joandako jende kopuruari jagokonez lortu dan arrakastarengaitik, baina, aldi berean, jende larregi pilatzeagaitik eta bisiten antolakuntza eskasarengaitik jaso dituan kexa ugarien barri be emon dau. Talde Mistoak eta EH Bildu taldeak adierazo dabenez, holango ekimenak denpora tarte luzeagoan egin daitekez, jende pilaketeagaz erlazionautako arazoak saihesteko. Lorea Bilbaoren eretxiz, oso arrakastatsua izan da gonbidapenak 113.966 pertsonak erabili izana, “baina, kopuru jakin batetik aparte, bizkaitar guztiei joateko aukerea eskini jakela balorau behar da”. Eta, edozelan be, adierazo dauenez, ez da inoiz gainditu baimendutako gehieneko jende kopurua, eta bertan ikusgai dagozan artelanek ez dabe ezelango kalterik jasan.
HILERRIETAKO ELEMENTU MUGATZAILEEN BERRESKURATZE ETA MANTENTZE LANAK
Arturo Ignacio Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak eskaria egin deutso batzordeari, Bizkaiko hilerrietan dagozan eta balio artistikoa eta kulturala daukien elementu mugatzaileen berreskuratze eta mantentze lanak kudeetako ekimena bozkatu daiten: burdin hesiak, hormak, ateak, etab. Batzordeko gainerako taldeek hori udalen eskumenetan sartzen dala adierazo dabe, baina Talde Popularra gai horren gaineko azterlana egitearen alde agertu da. Proposamena ez da onartu, EH Bilduk kontrako botoa emon dauelako, Podemos Bizkaia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak abstenidu egin diralako eta aldeko botoa emon daben bakarrak Talde Mistoa eta Talde Popularra izan diralako.
BILBAO BIZKAIA MUSEOAK ERAKUNDEAREN KONTRATAZINO PROZESUA
Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak, Bilbao Bizkaia Museoak erakundean komunikazino teknikari lanposturako kontratazino prozesua baliobakotzeko egin dauen eskaria bozkatu da. Erakunde horren Administrazino Kontsejuan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hartzen dabe parte. Ekimenaren helburua, sustatzaileek adierazo dabenez, “entxufismo” egoerak saihestea eta kontratazino prozesuan “publizidadea, lehia, gardentasuna eta bazterketa eza” bermatzea zan. Batzarretako Talde Mistoak, Talde Popularrak, Euskal Sozialistek eta Euzko Abertzaleek euren desadostasuna erakutsi dabe, egindako akusazinorako “ezelango frogarik ez dagolako”. Euzko Abertzaleak taldetik azaldu danez, aukeraketa prozesuak eskatzen diran erespide guztiak bete ditu. Azkenean, proposamena ez da onartu, aldeko 5 boto –EH Bildu eta Podemos Bizkaia–, eta kontrako 11, gainerako talde guztiak, izan ditualako.
BIKEE PROIEKTUA
Batzordea, Euskera eta Kultura Foru Diputatuak berak eskatuta, BIKEE proiektuaren (Bizkaian Kirola Ere Euskaraz) barri emoteko egin dauen agerraldiagaz osatu da. Ekimen horretan, Foru Aldundiak euskerea gehiago erabilteko gonbidapena egiten deutse kirol federazinoei. Lorea Bilbaok adierazo dauenez, lurraldean dagozan 45 federazinoetatik 20k aldeko jarrerea erakutsi dabe eta, horreetako bakotxean euskerak beteten dauen presentziaren gaineko hasierako diagnostikoaren ostean, etorkizunean programak pausuak emoten jarraituko dau. Horrez gain bere konfiantzea erakutsi dau, orain arte inplikau diran 20 federazinoek gainerako federazinoetan izan daikien “efektu bultzatzailea” dala eta.