Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu Bilboko Portuan eregiten ari dan hormea geratzeko EH Bilduk egin dauen eskaria

Batzordearen bilera

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak ez dau onartu Bilboko Portuan egiten ari dan lau metroko hormearen eregintzea geratzeko gaur aurkeztu dan Arauz besteko proposamena. Ekimena aurkeztu dauen Batzarretako EH Bildu taldeak antzekotasun bat egin dau Bilboko Portu Agintaritzak, Bilbo-Portsmouth ferryrako sarreran “polizoien sarbidea oztopatzeko helburuz” eregi dauen lau metroko hormaren eta Melillako eta Mexikoko hormen artean.

Podemos Bizkaia taldea proposamenaren alde agertu da, “Giza Eskubide kontua” dala adierazoz, “etorkizun hobearen bila ari dan jentea dalako”. Talde Mistoak argitu dauenez, “gehien bat Albaniatik datozen” pertsona horreen artetik gehienak ez datoz Bizkaira, “igaroteko puntua gara, Britainia Handira legez kanpo joan gura dabelako, ferryan sartuta”.

Euskal Sozialistak taldeak adierazo dauenez, “labainketaren eta ebakien kontrako” horma hori “ikuspuntu gizatiarrean eta segurtasunean” oinarritutako neurria da, Bilboko Portua “puntu kritikoko azpiegiturea” dalako. Ekimenak Podemos Bizkaia taldearen eta EH Bilduren, talde bultzatzailearen, aldeko botoak baino ez ditu jaso. Hori dala eta, azkenean ez da onetsi.

ZEHARKAKO POLITIKAK WEB BIZKAIA.EUS WEBGUNEAN

Beste alde batetik, batzordeak EH Bilduk proponidutako beste gai bat be landu dau, bizkaia.eus webgunearen egituraketaren eta zeharkako politikak azpimarratzeko aukeraren ingurukoa, “ez dala egokiena” adierazoz. Puntu horri jagokonez, Euzko Abertzaleak taldeko Ibone Bengoetxeak, “gauza bat zeharkako politikak dira eta beste bat horreek zelan ezarten diran da”, esan dau. Azaldu dauenez, webgunean orain denpora gitxi egin dan barrikuntzearen helburua erraztasuna eta erabilgarritasuna handitzea da. Dana dala, gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna bultzatzen daben argitalpenetan deskribapen laburra gehitzeko konpromisoa erakutsi dau.

JUDUTARRAK BALMASEDATIK KANPORATZEKO 1486KO LEGEA

Talde Mistoko Arturo Aldecoak arauz besteko proposamena aurkeztu dau, 1486an Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi eben Lege bategaz bere desadostasuna erakusteko. Lege harek, sinismen judutarra eukien pertsona guztiak Balmasedatik kanpora bialtzea onesten eban. Autorpen horrek, orokorrean antzeko kasuak onesteko balio daikela adierazo dauen Euskal Sozialistak taldea izan ezik, gainerako taldeak “errebisionismo historikoaren” kontra agertu dira, eta, beraz, ez da onetsi.

IBILGAILU OFIZIAL KOPURUA MURRIZTEA

Euskadiko Talde Popularraren eskutik etorri dan ekimenaren helburua, Bizkaiko Foru Aldundiko Goi Karguen zerbitzuan dagon ibilgailu flotea murriztea izan da –gaur egun 33 ibilgailu dagoz–. Eskari hori errazoitzeko, Javier Ruiz Egaña bozeroaleak beste probintzia eta erkidego batzuetako kasuak aitatu ditu. Balear Ugarteetan, adibidez, 25 ibilgailu baino ez dagoz. Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek, agintaldi honen lehenengo urteetan eta aurreko agintaldian egin dan murrizketea azpimarratu dabe. Beste alde batetik, Talde Mistoak, arauz besteko proposamenetik aparte, hainbat parametro zehaztuko dituan azterlana egitea proponidu dau, ibilgailu horreek ze ordutan erabilten diran edo zein lekutara joaten diran gehien jakiteko, “optimizetan saiatzeko” xedez.

KONTRATAZINO KLAUSULEN URTEKO TXOSTENA BATZAR NAGUSIETARA

EH Bildu taldeak Epaitegi Gorenak 2013an hartu eban erabagia aitatu dau. Bertan Gobernu Kontsejuak salbuetsita geratzen ziran kontratazino organuen kontrol txostenak Bizkaiko Batzar Nagusietara bialtzeko derrigortasunetik. Batzarretako talde horrek jardunbide hori barriro martxan jartea eskatu dau. Dana dala, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak proposamen horren kontra agertu dira, “gustau ala ez gustau”, Epaitegi Gorenaren erabagiak hori ezinezko bilakatzen dauela adierazoz. Gainera, Euskal Sozialistak taldeak azaldu dauenez, kontratu horreek webgunean dagoz, gardentasunaren gaineko eskakizuna betez. Azkenean, proposamena ez da onetsi.