Aurreko Albisteak

Euskararen erabilera egunero indartzen jarraitzera animatzen dituzte herritarrak eta administrazioak Batzar Nagusiek

Batzordea

Abenduaren 3an Euskerearen Eguna ospatuko dala eta Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztiek gaur sinatu daben Adierazpen Instituzionalean, herritarrek orokorrean “euskerea ikasteko eta ezagutzan sakontzeko” egin daben ahalegina azpimarratzeaz gain, alkarlanean jarraitzeko eskaria egin dabe, “auzolanean” oinarrituta.

Beste urte batez, alderdi politiko guztiek egun garrantzitsu hori ospatu gura izan dabe, “euskerea urtean egun batez dogu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai” adierazoz. Idazkiak nabarmendu gura dau euskerearen gaur egungo egoerea herritarren esfortzuari esker lortu dala, “seme-alabek euskeraz ikastea gura izan daben guraso erdaldunek egindako ahalegina” azpimarratuz. Halanda be, zeregin hori oraindino amaitu barik dagola onetsi dabe, “orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskerearen erabilerea eten barik eta bizi-bizi areagotzea dogula langintza nagusia, ezagutzea handitzeagaz batera euskerearen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu daiten” adierazoz.

Taldeak bat datoz euskerearen erabilerea denporan luzatzeko bide barriak behar dirala esatean: “Une aproposa da administrazinoek eta herri ekimenak auzolanean bide barriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskerearen alde egotetik euskerearen alde egitera eroateko”. Horretarako hainbat tresna aitatzen ditue, “barrikuntzea eta herri aginteen arteko lankidetza euskerearen lurralde eta esparru guztietan”, besteak beste. “Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeei zein bestelako esparrutakoei, euskaldun osoei, euskaldun hartzaileei eta erdaldunei” zuzenduta dagon egiteko hori, batera landu behar dogu urteko 365 egunetan.