Iberdrolak Lemoizko zentral nuklearraren gainean dituan eskubideak aurretik lagatzea gura dau Aldundiak
Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak Gernikan egin dan kontroleko osokoan gaur jakinarazo dauenez, euskal erakundeak Iberdrolagaz negoziazinoetan dabilz, konpainia horrek hurrengo hilebeteetan Lemoizko zentral nuklearraren gainean dituan eskubideak laga daizan. Horrek, lurrak barriro be euskal titulartasunekoak izatea aurreratu leike, Gobernu zentralak “euskal erakundeei gehien interesetan jaken moduan” transmitiduten dituanean, PP eta EAJ-PNV alderdien artean maiatzean sinatu zan akordioan oinarrituta.
Pradalesek azaldu dauenez, inplikautako hiru erakundeak –Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Lemoizko udala– alkarregaz dabilz beharrean, “kontraprestazinorik bako” Iberdrolaren errenuntzia hori “arintzeko”. Izan be Iberdrolak lurren emakidea dauka oraindino, 2018ko garagarrilaren 29ra arte. Holan, “ez litzateke itxoin beharko eta hurrengo pausua emon ahal izango litzateke”. Adierazi dauenez, une honetako lehentasuna, Iberdrolagaz “emakidaren errenuntzia ixtea da”. Prozesua “konplexua” izango dala aurreikusten da, inplikauek “alderdi juridiko eta legal asko eta asko” arindu behar dituelako, adierazo dau Pradalesek.
Diputatuak holan erantzun deutso EH Bildu taldeak, Lemoizko zentral nuklearraren lurrak izandakoen gainean egin dauen itaun bati. Eusko Jaurlaritzak orain denpora gitxi iragarri ebanez, akuikultura polo bat bultzatzea aurreikusten da. Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak gogorarazo dauenez, “lehenengo” joan dan maiatzean PP eta EAJ-PNV alderdien artean lortu zan akordio politikoa itxi behar da, “lurren transmisinoa eta lurreko jabari publikotik desafekzinoa bete daiten”.
"36 HILEBETE" TXIRRINDULARIENTZAKO BIDEEN LSP-PTS-A BUKATZEKO
Bizkaiko Bizikleta-Bideen Lurralde Sektore Planaren onespenaren gainean galdetzen eban PP taldearen itaunari erantzunez, Pradalesek iragarri dau hori martxan jarteko aurretik egin beharko diran lanek “36 hilebete” eskatuko dabela. Datorren “abenduaren 7an” bukatzen da enpresek, Txirrindularitza proiektuaren idazketarako eta bulegorako laguntza teknikoko lehiaketa publikora euren eskintzak aurkezteko epea.
Pradalesek gogorarazo dauenez, bere sailak "175.000 euroko" partidea dauka erreserbauta 2018ko aurrekontuetan gai horri ekiteko eta “lehenengo pausuak” emoteko, urtarriletik aurrera. Holan, Bizkaian, sare “erosoa, segurua eta inguruko lurraldeakaz koordinaua” egituratuko da, eta sare hori bat etorri beharko da Batzar Nagusietako ponentzia batean lantzen ari dan Errepideen LSP-PTSagaz.
ESG GLOBAL SUMMIT , BAGILAREN 11N ETA 12AN
Bizkaiak bere bigarren ESG Global Summit ospatuko dau 2018ko bagilaren 11n eta 12an Bilboko Euskalduna Jauregian. Goi bilera horretan nazinoarteko adituak alkartuko dira, gizartearen ikuspegitik arduratsuak diran inbertsinoen inguruko joerak eta barrikuntzak aztertzeko, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak “primizian” aurreratu dauenez. Ahaldun Nagusiak, edizino honetan, “mundu mailan” erreferentziazkoa dan unibersidade baten partaidetzea lortu gura dabela iragarri dau.
Bizkaiko Ahaldun Nagusia EH Bilduko Batzarretako taldeak egindako itaun bati erantzuteko etorri da Batzar Nagusietako osokora. Koalizino abertzaleak, “Gizartearen ikuspegitik Arduratsuak diran Inbertsinoak” “zelan ulertzen dituan” azaltzeko eskatu deutso Foru Gobernuari. EH Bilduk kritikau egin dau lehenengo edizinoan –Deustuku Unibersidadeagaz eta Finecogaz batera antolatutakoan– Luis De Guindos ministroa, “alderdi ustel baten” ordezkaria eta “banka harrapariaren” ordezkariak ekarri izana konbidau moduan.
Bere erantzunean, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak berretsi egin dau bere gobernuak gizartearen ikuspegitik arduratsuak diran inbertsinoak bultzatzeko egiten dauen apustua, holango inbertsinoak “benetako aukerea” diralako Bizkaiarentzat. Adierazo dauenez, erronka hori “irisgarriagoa” izango da Bizkaiak “Finantza arloko ekosistemea, Bizkaia hub izenekoa, baldin badauka, epe laburrean gauzatu behar diran ekintzen batuketea, hain zuzen be, baina beti epe ertainera eta luzera begira, orain urte batzuk Bizkaiak euki eban finantza arloko garrantzia berreskuratzeko, jarduerea erakarteko asmoagaz, aurrerapen inklusibo ereduan sinestuz”, “benetako ekonomian oinarritutako” inbertsinoakaz, “ez espekulazinoan oinarritutakoakaz, ingurumenaren, laneko baldintzen eta gobernantza moduaren gaineko erantzukizunakaz”.
HIZKUNTZ ERESPIDEAK BIZKAIBUSEN
Beste alde batetik EH Bilduk, Bizkaibusen publizidadean jarraitzen diran hizkuntz erespideen gainean galdetu deutso Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio diputatuari, talde horrek gai horregaz erlazionautako “kexak” jaso ditualako. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Aldundiak ez dau ezelango erespiderik sartu enpresetan, euren jakinarazpenetarako erabili behar daben hizkuntzari jagokonez. Halanda be, “autobusen %59ak” gaztelaniaz eta euskeraz idatzitako publizidade mezuak eroan ditue.
Reyesek adierazo dauenez, Aldundiak “esfortzu handia egiten dau enpresetan euskeraren erabilerea sustetako”. “Bizkaian ibilten diran autobusen publizidadearen kasuan, “ezin dogu inponidu”, enpresek “ ez dabelako iragarkirik jarten bilatzen daben eragina lortzen ez badabe”. Diputatuak konpromisoa hartu dau, euskeraren erabilerea “bultzatzeko aukerea aztertzeko”, publizidaderako espazioen hurrengo lizitazinoan, baina jakinarazo dau, baita be, beste garraio publiko batzuetan “ez dagola holango eskakizunik”.
HERRITARREN EKARPEN BI SARTU DIRA ZERGA ALDAKETEN AURREPROIEKTUAN
Zerga arloko aldaketen aurreproiektuak “50 ekarpen” inguru jaso ditu entzunaldi eta jende aurreko informazino epealdian. Horreetatik erdiaren eukiak “egokitzat” hartu dira, eta “bi” testuan sartu dira, José María Iruarrizaga Ogasuneko diputatuak jakinarazo dauenez.
Diputatuak Podemos Bizkaia taldearen erantzun-eskea jaso dau osokoan, eragileek eta adituek aurreproiektuari egin deutsien ekarpenaren inguruan. Asun Merinero batzarkideak “eragile ekonomiko batzuakaz berba egitea eta beste batzuakaz, barriz, ez” aurpegiratu deutso Foru Gobernuari.
Arauzko testuaren entzunaldi eta jende aurreko informazino epealdian, zemendiaren 2tik 17ra, 20 pertsona edo erakunde sartu dira partaidetza prozesuan, baina zazpi izan dira behar dan moduan erregistrau diranak, eta bik ekarpenak egin ditue. Ekarpen guztiak 50 inguru izan dira, baina erdiek ez dabe ezelango erlazinorik euki arauaren zerga tratamenduakaz. Iruarrizagak adierazo dauenez, herritarrek aldaketak proponiduteko beste aukera bat izango dabe, Bizkaiko Batzar Nagusietan egingo dan tramitazino prozesuan.
BAZTERKERIA ARRISKUAN DAGOZAN EMAKUMEENTZAKO PROGRAMA ESPEZIFIKOA
Beste alde batetik, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak, Gizarte bazterkeria egoeran edo horren arriskuan dagozan emakumezkoentzako berariazko programea sortzearen inguruan galdetu deutsan PP taldeari azaldu deutsonez, berak zuzentzen dauen saila Emakume eta Familia zerbitzua “barriro ari da planteeetan”, gizarte arloko bazterkeria arriskuan bizi diran emakumeen beharretara egokitzeko, Aldundiak “genero irekidurea” hauteman dauelako.
Eduardo Andrés batzarkideak kritikau egin dau “urte bi” daroazala bazterkeria arriskuan bizi diran emakumeentzako programa espezifikoa martxan jarri behar dala iragarten eta kostua ebaluetan, eta inoiz ez dala zehazten. Bere eretxiz diputatu andreak “badaki zein dan gastua” baina bere sailak ez dauka hori aurrera eroan ahal izateko behar beste diru. Hori dala eta, zuzenketa-eskea aurkeztu dabe 2018ko aurrekontuetan.
Laespadak adierazo dauenez, PP taldeak eskatzen dauena baliabide barri bat sortzea da, eta horrek “azterketa berezia” eskatzen dau. Azaldu dauenez, bere saila genero ikuspegia dabil apliketan daborduko gizarte arloko bazterkeria arriskuan bizi diran emakumeei zuzendutako ekintza batzuetan. Horreen artean, daborduko “lau emakumeri etxebizitzea eskintzen deutsen –denpora gitxi barru beste bat sartuko da–” Habitat Bizkaia programea aitatu ditu.
GALDAMESEKO ALKATEA
EH Bilduk erantzun-eskea egin deutso Foru Gobernuari, Galdameseko alkate ohiak egindako adierazpenen inguruan. Txusa Padrones batzarkideak adierazo dauenez, alkate horrek, iraileko osokoan esan eban “Udalek diru publikoa erabilita Aldundiko teknikariei eta politikariei bazkariak ordaintzearen truke lortzen dituela inbertsinoak”.
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak “hori guzurra eta guztiz faltsoa” dala adierazo dau. “Aldundi honek ez dau holan funtzionetan, ez politikariek, ezta funtzionarioek be”, azpimarratu dau diputatuak. Horren ostean esan dauenez “Bizkaiak 112 alkate ditu, eta ez dabe inoiz zuk esandakoa planteau edo iradoki”.