Batzar Nagusiek eskaria egin dabe, bizimodu independenteari laguntzeko diru-laguntzak 2019an ezintasuna daukien 426 pertsonengana heldu daitezan
Proposamena Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen mozino batetik sortu da, eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek bat egin dabe proposamenagaz, hasierako testua zuzendu daben zuzenketa-eske biren bitartez. Eduardo Andrés popularraren berbetan, ekimenaren bitartez, 2019an Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapan planteetan dan proiekzinoa lortzea bultzatzen da. Horretarako, bere kalkuluak zuzenak badira, Aldundiak “milioi bi euro” jaso beharko ditu aurrekontuetan, 2017ko kontuetan helburu horretarako jasoten diran “490.000 euroak” baino askoz gehiago.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetatik argi eta garbi itzi gura izan dabe laguntza horreek ez dagozala errenta bat bermatzeko diseinauta, urritasuna daben pertsonen kolektiboak dituan eskubide batzuk beteteko baino. PP taldearen jarrera kritikau dabe, talde horrek, 2012an, Errege Dekretu bitartez, kolektibo horrek Estadu osoan jasoten ebazan laguntzak “murriztu” ebazalako, bizimodu autonomoagorako bidea moztuz. Talde biek uste dabenez, baina, Bizkaia “aurrerapausuak ari da emoten arlo horretan”. Momentuz, datorren urteko kontuen proiektuak “beste 150.000 euro” jasoten ditu, Andresek emon dituan datuek erakusten dabenez.
Kontroleko azkenengo osokoan izandako interpelazino batetik sortu dan mozinoak Batzarretako talde guztien aldeko eretxia jaso dau, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiarena izan ezik. Talde horren eretxiz “garrantzitsua” da “proposamen zehatzak” garatzea pertsonak mendekotasunerako arreta prestazinoetara eta zerbitzuetara errazago sartu daitezan, eta ez laguntza pertsonalerako prestazino ekonomikoari jagokenera bakarrik. Horretarako, osotasunerako zuzenketa-eskea aurkeztu dau, baina PP taldeak ez dau onartu. Zuzenketa-eske horretan, mendekotasunaren arreta sistemaren ebaluazinoa eskatu dabe “bikoiztasunak, gabeziak eta akatsak hautemateko”.
ESKAERETARAKO ETA HERRITARRAKAZKO HARTU-EMONETARAKO BATZORDEA
Osokoan, María Presa Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeko presidenteak, legealdi honetan sortu dan batzordearen jardueraren gaineko bigarren txosten-memoria aurkeztu dau. 2016ko garagarrilaren 1etik 2017ko garagarrilaren 30era bitartean, batzordea “12 bider” alkartu zan. Urtebete baino apur bat gehiagotan, “28 eskari, 5 idazki eta 23 agerraldi eskaera” landu dira.
Presak, batzarretako taldeei euren kexak edo erreklamazinoak bideratzeko azken urtean batzordetik igaro diran pertsona, talde edo alkarte guztiak aitatu ostean, batzordearen existentzia “tresna baliagarria eta aukeretarako leihoa” dala eta Bizkaiko Batzarrak herritarrengana hurbiltzen dituela esan dau.
Batzarretako talde guztiek txalotu egin dabe batzordeak egiten dauen beharra, “herritarrei ahotsa emoten deutselako”. Dana dala, EH Bilduk kritikau egin dau agerraldi gehienak Batzarretako taldeek eurek bultzatutakoak izan dirala. Argitu beharreko gaien artean, David Lopategi batzordekideak esan dau beharrezkoa dala herritarren artean dagon “nahasketea” argitzea, ez dituelako bereizten Bizkaiko Aldundia eta Batzar Nagusiak. Horrez gain, uste dau ezagutuarazo egin behar dala erakundeak bere webgunean, herritarrek Bizkaiko Batzarretan izan daikien partaidetzea bultzatzeko eskintzen dauen aukerea.
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarrek baztertu egin dabe, bozketaren ostean, 2016ko zemendiaren 23ko autoa beteteko Busturiako udal mugartean dagon eta Sukarrietako udalerriari jagokon San Antonioko enklabea kentzea onetsi dauen akordioa jasoten eban Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen erespena. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeak testu hori baztertzearen alde agertu dira, “zuhurtzia eta segurtasun juridikoarengaitik”, Sukarrietak aurkeztu dauen kasazino errekursoaren gaineko ebazpena emon arte.
EH Bildu abstenidu egin da puntu horretan, eztabaida hori gaurko bilerako gai zerrendan sartzearen kontra egoalako, eta baita aurkeztu ostean kentzearen kontra be. Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa, erabagia atzeratzearen kontra agertu dira. Elsa Pamparacuatro talde moreko batzordekideak uste dauenez, osokoak testuari emon behar deutsan abala “ezin daiteke gehiago atzeratu”, oraindino epaitegietan eztabaidatzen dagon arren, Batzarretan hartzen dan erabagia “aldatu egin daitekelako”, justiziak arau horren kontrako epaia emoten badau. Gainera, atzerapena “urteetakoa” izan daiteke, eta kaltetuek Foru Aldundia salatu eta “kalteak” eskatu daikiez.
ONETSI EZ DIRAN MOZINOAK ETA PROPOSAMENAK
Beste alde batetik, osokoak ez ditu onetsi oposizinoak aurkeztutako gainerako ekimenak. Horreen artean azpimarragarria zan EH Bilduk Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatu andrearen kontra aurkeztu daben Gaitzespen mozinoa. Batzarrek ez dabe onartu Gizarte Ekintzako sailaren buru izan dan bitartean aurrera eroan dauen kudeaketarengaitik erantzukizun politikoak eskatzeko asmoa. Eskariaren zergaitia, beste batzuen artean –bost errazoi aurkeztu ditue–, egoitzen greban erakutsi dauen “itxikeria” egoan. Azkenean, 33 batzarkidek (EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa) mozinoaren kontrako botoa emon dabe, eta 15ek aldekoa (EH Bildu eta Podemos Bizkaia).
Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu Podemos Bizkaiak aurkeztutako beste mozino bat, Foru erakundeak tresnak jarri daizan, mintegietan dagozan enpresek ekintzailetzaren eta hazkundearen gaineko zerbitzuen aldizkako ebaluazinoak egin ahal daiezan. EH Bilduk, bere aldetik zerbitzuen eta prestazinoen betete mailaren gaineko ebaluazinoa eskatu deutso Gizarte Ekintzako sailari, baina ez ditu behar beste boto lortu.
Osokoak ez dau onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Bizkaiko Aldundiak eta bere eskuetan dagon sektore publikoak enplegu publikora sartzeko hizkuntz betebeharrak malgutu daiezan. Eta, bukatzeko, ez da onartu Podemos Bizkaia taldeak egin dauen eskaerea, egoitza publikoen kudeatzaile pribaduen urteko irabaziak fakturazino osoaren %5era mugatu daitezan.