Aurreko Albisteak

Aldundiak defendidu egin dau Bizkaia Zubiko terrazak kulturarako eta ostalaritzarako gune moduan erabiltea

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Lorea Bilbao Euskera eta Kultura saileko foru arduraduna oposizinoak eskatuta etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura batzordera, hiru gairen inguruko azalpenak emoteko: Bizkaia zubiko alboko terrazen alokairuaren gaineko informazinoa; Gernikako Andra Mari eleizearen atarian egoan XV. mendeko San Pauloren irudia apurtu izanaren inguruko azalpena; eta Athletic-eko nesken talde batek mutilen haur mailako ligan parte hartzea “eragozteko” hartu dan erabagia.

Beste ezer baino lehen, Bilboko zubi “eskegiaren” terrazetan instalau dan ostalaritzako ustiapena eta gune kulturala defendidu ditu. 2006an Unescok Gizateriaren Ondarea izendau eban Bizkaia Zubiaren behekaldean dagozan gune horreek, transbordadoreaz gozetako “aktiboa” dira, eta “ziurrenez bisitari gehiago hurbiltzen lagunduko dabe”. Diputatuak ezeztu egin dau terraza horreen ostalaritzako ustiapenak ondare elementuari “kalterik” egiten deutsonik, eta EH Bilduri erantzunda, erabilerak Unescoren eta Kosta Mugartearen on ikusia dituala adierazo dau.

Aldundiak balioan jarri dau konpainia kudeatzaileak orain urte batzuk egin eban beharra, 1893an inaugurau zan zubia zaharbarritzeko eta garbitzeko prozesu “integralaren” ostean. Prozesu horretan, “jendeak erabilteko moduko” guneen egokitzapena jasoten da, lau terraza edo goikaldeko igarobidea, besteak beste. Leku horreetan hainbat ekitaldi eta ospakizun egiten dira, erakusketak, aurkezpenak, festak edo omenaldiak, adibidez.

EH Bilduk, bere aldetik, “erespide desbardinak” erabilten ditu, Aldundiarenakaz alderatuta. Dana dala, bere ustetan, instaletan danaren (aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak eta mota guztietako apainketa) bolumetriak sarri askotan “oztopatu egiten dau”, “nazinoarteko mailea daukan lanaren” ikuspegia. Monumentua “degradau eta zapaldu” egiten dabe eta kultur ondarearen aurrean sentsible diran pertsonen kontrako eretxia eragin leikie, Txusa Padrones batzordekideak adierazo dauenez. Zubiak “erabateko” babesa eukitearen alde agertu da.

Podemos Bizkaia taldea be, koalizino abertzaleak merkataritza arloko ustiapena baztertzeko erakutsi dauen asmoaren alde agertu da, “gune publikoaren zelanbaiteko pribatizazinoa” dalako. Batzarretako gainerako taldeak –EAJ-PNV, PSE-EE eta PP– merkataritza edo kultura arloko erabileraren alde agertu dira, jendea erakarteko ardatz izan daitekezalako, nazinoarteko beste enblema arkitektoniko batzuekaz gertatzen dan moduan. Jeltzaleen eretxiz, Parisko Eiffel Dorrean gertatzen dan gauza bera da. Dana dala, uste dabe “beti dagola egoerea aldatzeko aukerea”.

NESKEN FUTBOLA

Diputatuak Podemos Bizkaia taldeari be erantzun deutso, Aldundiak Athletic-eko nesken talde batek mutilen ume mailako futbol 11ko ligan parte hartzea “eragozteko” hartu dauen erabagiaren inguruan. Bilbaok adierazo dauenez, lehiaketea hasi aurretik Aldundiak hartu eban erabagia ez zan “alde bakarrekoa” izan, Athletic taldeagaz, gainerako taldeakaz, Bizkaiko futbol federazinoagaz, Foru Aldundiko bardintasunerako zuzendaritzagaz eta Emakundegaz adostuta hartu zan.

Athletic taldeak, futbol 9ko ume mailako nesken bere taldeak mutilen lehiaketea jokatzea gura izateari Aldundiak emon eutsan erantzuna “azterlan teknikoetan eta doktoretza tesietan” oinarrituta dago. Bertan, adinbako nesken “garapen mailea” eta kirolaren beraren ezaugarriak hartu dira kontuan. Bilbaok adierazo dauenez, erabagi horrek ez dau “ezelango frikzino elementurik” sortu aldeen artean. “Alde guztiak normaltasunez aritu ginan, lankidetzan, zintzotasunez eta modu emonkorrean”, esan dau. Dana dala, autortu dau Aldundiak “lehentasuna emon eutsala interes orokorrari, Athletic taldearen partikularrari emon beharrean”.

Bilbaok ez dau baztertu etorkizunean lehiaketan “aldaketak” gertatzeko aukerea, baina, egotekotan, azterketarako epealdiaren ostean helduko dirala esan dau. Dana dala, adierazo dauenez, nesken kasuan, futbol 9tik futbol 11ra dagon saltoa “handiegia” da.

PP eta Podemos Bizkaia taldeek ez dabe ulertzen sexuan oinarritutako bereizketea egiterik adin horreetan (12 eta 13 urte). Elsa Pamparacuatroren eretxiz, futbola “tresna garrantzitsua izan daiteke bardintasun eraginkorra lantzeko”. Eduardo Andrés popularraren ustez, Aldundiaren erabagiak “desbardintasuna” sortzen dau, eta interesautako nesken eretxia ez dala kontuan hartu kritikau dau. “Zergatik ez dabe eurak erabagiten?”, galdetu dau.

Foru Gobernua eusten daben taldeak –EAJ-PNV eta PSE-EE– Aldundiak hartutako erabagiaren alde agertu dira, “kontsentsu zabalean” oinarrituta dagolako. EH Bilduk, bere aldetik, Athletic-en kasuan “salbuespen bat egin eitekeala” uste dau, eta datorren urterako gai hori aztertzeko eskaria egin dau.

KOANTIFIKATU BAKO KALTEAK GERNIKAKO ANDRA MARI ELEIZAN

Beste alde batetik, diputatu andreak jakinarazo dau Gotzaintzak salaketea aurkeztu dauela epaitegi batean, joan dan abuztuan baten batek Gernikako Andra Mari eleizearen atarian egoan XV. mendeko San Pauloren irudia apurtu ebalako. Jaubeek ez dabe oraindino kalteen zenbatekoa kalkulau. Talde Mistoaren galderei erantzunez, Bilbaok aurreratu dau Gotzaintzak ez deutsola laguntzarik eskatu Aldundiari kalteak baloretako edo konpontzeko, Arte Sakratuko Museoan bere teknikoak daukazalako.