Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak Enplegurako beste lau lantzadera jarriko ditu martxan datorren urtean

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak gaur jakinarazo dauenez, Aldundiak enplegurako beste lau lantzadera martxan jartea aurreikusten dau 2018. urtearen “hasieran”. Ekimen hori lurraldeko Aurrekontuetan jasoten da. Lantzadera horreek, orain denpora gitxi Bilbon, Barakaldon, Basaurin, Erandion eta Muskizen funtzionetan hasi diranei gehituko jakez.

Talde Mistoak eskatuta, diputatu andreak, DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak sustautako “Enplegura salto egin” kanpainarako ekintzen eta aurreikusitako garapenaren barri emon dau Bizkaiko Batzarretako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako batzordean. Laespadak baieztu dauenez, ahalik eta eskatzaile gehien batzeko helburuagaz, informazinoa emoteko 184.600 “flyer” postontzietan sartzean eta sare sozialetan hainbat jakinarazpen egitean oinarritu zan kanpainaren ostean, lan barik egozan “1.582” pertsona apuntau ziran, aitatutako bost lantzaderatan egozan 100 plazak beteteko.

Aukeraketa prozesuaren hasieran telefono bidezko hartu-emona egin zan eskatzaile guztiakaz. Horren ostean, informazino hitzaldia egin zan aukeraketa prozesuagaz jarraitu gura eben hautagaiakaz. Azkenean, DEMAko teknikariek lantzadera bakotxeko 20 kide aukeratu ebezan, 10 pertsonako taldeetan antolatu ziran talde-alkarrizketen ostean.

Sailetik, Lurraldean martxan jarritako lehenengo Lantzaderen ebaluazino bat egin zan, Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomia katedradunak gauzatutakoa (Batzar Nagusietan emon zan horren barri). Bertan ikusi zanez, lantzadera horreek “baliozkoak” dira beharra lortzeko. “%20” hobetzen ditue lanpostua aurkitzeko aukerak, Laespadak adierazo dauenez. Bere helburua, Lantzadera horreetako partaideen “%60k” beharra aurkitzea da, norberaren edo beste batzuen kontura.

GIZARTE GRADUATUENTZAKO PLAZA GEHIAGO ETA BARDINTASUNERAKO FORU ARAUA

Podemos Bizkaia taldeak egindako galderei erantzunez, Laespadak baieztu egin dau 2018an enplegu eskintzea egingo dala Gizarteratze zerbitzuan, gizarte graduau soslaia izango daben plaza finko bi gehiago eta aldi baterako beste zortzi gehitzeko, azken horreek, laneko kargen azterketea egin ostean hauteman diran egitekoen metaketak arintzeko. Diputatuak adierazo dauenez, kontratazino horren zergaitia, Karterako Dekretu barriaren aplikazinorako bidea erraztea da.

Beste alde batetik, diputatuak Bardintasunerako Foru Araua be aitatu dau. EH Bilduk adierazo dauenez, Arau hori urte honetako “urtarrilean” onetsita egon behar zan. Laespadak bere konpromisoa adierazo dau, arauzko proiektua “oso denpora gitxi barru” prest egon daiten, “errazoi teknikoak” eta arauaren “konplexutasuna” bera, prozesua “moteltzen ari dirala” adierazo ostean.