Aurreko Albisteak

Bizkaiko umeek Bizkaiko Batzar Nagusietan parte hartzeko eskubidea gauzatu dabe, Unicefen eskutik

Gernikako Batzarretxeak umeen osoko monografikoa jaso dau bere historian lehen aldiz bariku honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta, Unicefegaz alkarlanean. Saioa proba pilotu moduan planteau da, hemendik aurrera edizino gehiago jaso ahal izateko. Zemendiaren 20an ospatuko dan Umeen Eskubideen Egun Unibersalaren bezperatan egin dan eta sinbolismoz beteta egon dan ekitaldira 12 eta 14 urte arteko 200 ume joan dira, Bizkaiko ume guztiak ordeztuz. Umeek, euren errebindikazinoak batzen ebazan dekalogoa irakurri dabe.

Umearen eskubideen Konbentzinoan jasoten dan moduan, Partaidetzarako daukien eskubidea erabili dabe Gernikan, osokoen aretoan egin dan ez ohiko batzarrean ordezkari politikoakaz konpartidu daben adierazpen publikoaren bitartez. Testuaren gaineko gogoetarako eta ondorengo adostasunerako prozesuan (ikusi erantsitako dokumentua), Bizkaiko ikastetxeetako mila ikasle baino gehiagok hartu dabe parte.

Umeek, euren eskubideak bermatzeko “ahalik eta ahalegin handiena egiteko” eskatu deutsee Bizkaiko Batzarretako kideei, eta “erabagiak hartu behar dituenean, umeentzat ona dana gogoan izan daiela. Geu gara Bizkaiaren etorkizuna, eta eskatzen deutsueguna ez da bakarrik guri entzutea edo babestea, maitatzea, ulertzea eta gure eskubideak bermatzea. Gehiago gura dogu, hori dana egiten irakastea eskatzen deutsuegu, nagusiak garanean Bizkaia hobea egiten jakin daigun”, adierazo dabe.

Osoko hunkigarriaren burua Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izan da, Isidro Elezgarai Unicefeko Euskadiko Presidenteak, Mahaiko kideek eta Bizkaiko Batzarretako Gizarte Ekintzako Batzordeko talde guztietako ordezkariek lagunduta. Foru Gobernua ordeztuz Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatua egon da ekitaldian.

Umeen Eskubideen Egun Unibersala ospatzeko hiru egun falta diranean, Batzarretako presidenteak Adierazpen Instituzionala irakurri dau, Batzarretako talde guztiakaz adostutakoa (ikusi erantsitako testua). Bertan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “euren konpromisoa erakusten dabe umeen eta nerabeen eskubideak defendiduteko eta autortzeko”. Beste gauza batzuen artean, Bizkaiko Batzarren eretxiz “ezinbestekoa da erakundeetako maila guztiek eta politika, gizarte eta ekonomia arloetako eragileek parte hartzea zaurgarritasun berezia daukan talde horren bizitza hobetzeko”.

Ekitaldiari hasiera emoteko, Agurra, eta gero taldearen argazkia egin da Gernikako Arbolaren azpian. Batzarretan jesarri ostean, 10 umek Umeen Adierazpena irakurri dabe eta, ostean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gauza bera egin dau Adierazpen Instituzionalagaz, Virginia Imaz “clown”-ak jardunaldiaren ondorioen barri emon eta gero. Ekitaldi sinbolikoari amaierea emoteko, umeek Batzarretxeko Ohorezko Liburuan sinatu dabe.

Lotutako artxiboak: