Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek atea itxi deutsie Bilboko Metroan komunak instaletako aukerari

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio batzordean, ateak itxi deutsie Metro Bilbaoko instalazinoetan komun publikoak instaletako aukerari. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, Bizkaiko batzarrek ez dabe onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen aldeko botoa jaso dauen arauz besteko proposamena. Proposamen horretan, Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Sailak Bilboko lur azpiko trenbidearen instalazinoetan “lau komun publiko instaletako egin beharreko gestinoak hastea” eskatzen zan.

Jesús Isasi PP taldeko ordezkariak planteau dauenez, erabiltzaileen beharrak kontuan izanda, komun horreek Metroaren hiru burualdeetan –Plentzia, Kabiezes eta Basauri– eta tartean dagon San Inaziokoan instalau ahal izango litzatekez. Isasik “herritarren arazoei konponbideak emoteko” eskatu deutse Aldundiko arduradunei. Adinbakoak eta gero eta gehiago diran 65 urtetik gorako biztanleak, bizkaitar guztien “%25”, izango litzatekez “onuradun nagusiak”, zehaztu dauenez. Konponbide teknologiko moduan, “ordaindu beharreko kabinak” instaletako aukerea proponidu dau.

Aldundiko Gobernua eusten daben talde biek -EAJ-PNV eta PSE-EE-, orain urtebete Bizkaiko Batzarrek Metro Bilbaoren gainean eskatu eben txostena aitatu dabe neurriaren kontra agertzeko orduan. Bertan emoten ziran errazoien artean, “segurtasun arazoak eta gaiztasun teknikoak” eta bidaiak “laburrak” dirala dagoz, bidaien batez-besteko denporea “10 minutukoa” dalako. Ekain Rico sozialistak esan dauenez, komun bakotxak “185.000 euro” balio ebazan lur azpiko trenbidea eregi aurretik, mantentze-lanetako gastuak kontau barik. Kopuru horren barruan hiru kontzeptu jasoten dira: geltokia metro bi luzatu beharra (80.000 euro); komun bakotxaren instalazinoa bera (60.000 euro); eta ponpaketarako ekipoak (45.000 euro). Laburbilduta, eta Metro Bilbaok egin eban txostenean oinarrituta, lur azpiko trenbideko geltoki guztietan komuna jarteak “5 milioi euroko” inbertsinoa eskatuko leuke.

Gainera, sozialisten eta jeltzaleen eretxiz, Popularren proposamenak, hau da, bakarrik lau komun instaleteak, “ez dau erabiltzaileen arazoa konponduko danik ziurtatzen”, eta Espainiako Estaduko eta Europako gainerako lekuetan egiten danaren kontra joatea be bada, ez dagolako holango komunik daukan metrorik. Errazoi horrek ez dau oposizinoa konbentzidu. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen eretxiz, instalazino horreek “jazarpena, bandalismoa eta segurtasun faltea” eragin daikie.

Bozketan abstenidu egin dan Talde Mistoaren eretxiz, PPren ekimena “partxea” baino ez da, komunen instalazinoak arazo teknikoa eragin daikelako eta “ez dauelako erabiltzaileen arazoa konpontzen”. Arturo Aldecoa batzordekideak komunak kanpoan instaletea proponidu dau alternatiba moduan, metroko ahoetatik gertu, udalerriakaz lankidetzan.

Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak guzurtau egin dau arazo teknikorik dagonik, eta Metro Bilbaok egindako txostenean garraio horren erabiltzaileen eretxia jaso dan ala ez galdetu dau. “Beharrezkoa da, eta hobekuntzea be bada eta, beraz, zentzu osoa dauka”. Rodríguezek kritikau egin dau EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek ezezkoa justifiketako orduan bidaiak irauten dauden denporea aitatu izana, “ibilpidea ez dalako laburra Plentziatik Zazpi Kaleetara joan ezkero”.

EH Bilduko Zigor Isuskizak, bere aldetik, metroan komunak instaletako aukera teknikoa defendidu dau, lur azalean dagozan geltokietan, batez be. Bere taldeak neurriaren aldeko botoa emon dau, gaur egun eskintzen dan zerbitzua “hobetu egingo leukelako”.