Aurreko Albisteak

Aldundiak 600.000 euro bideratuko ditu 2018an Gaztelugatxen hobekuntzak egiteko beharretara

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Foru Aldundiak bere aurrekontuko “600.000 euro” erreserbauko ditu datorren urtean Gaztelugatxeko San Joan inguruak hobetzeko beharrak hasteko. Partida hori, gaur Elena Unzueta arduradunak azaldu dituan Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko sailaren aurrekontuen barruan jasoten da. Diputatu andreak iragarri dauenez, “urte hau bukatu aurretik”, kanpoko enpresa bat “babestutako biotopo horren erabilera turistiko iraunkorra bermatzeko” egiten dabilen Jarduketarako Plan Integrala bere eskuetan eukiko dau Foru erakundeak. Ekintzak azterlan hori bukatu eta gero ezagutuko dira, eta Eusko Jaurlaritzagaz eta inguruko udalakaz, eragileakaz eta alkarteakaz adostuko dira.

Aldundiko bozeroaleak zuzentzen dauen sailak 89.045.000 euro izango ditu datorren urtean, “nekazaritza arloko ekoizleei emoten jaken laguntzeagaz jarraitzeko eta ur horniduraren eta saneamenduaren kalidadea eta hondakinen kudeaketa hobea bermatzen daben azpiegiturak sortzearen aldeko apustua egiteko”.

Jarduketarako ildo nagusien artean, Unzuetak, beste ezer baino lehen, Nekazaritza zuzendaritzan jasoten diran lehen sektorerako laguntzetara bideratuko diran 21,2 milioi euroak azpimarratu ditu. Atal horrek “ia ez dau aldaketarik izango” 2017ko ekitaldiagaz alderatuta.

Beste helburu nagusietako bat ingurumen arloko azpiegituren garapena da, eta 53,3 milioi bideratuko dira horretara. Kopuru horretatik, 30 milioi Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari egingo jakon ekarpenaren barruan dagoz, bere egunean esparru akordioan jaso ziranak baino “bost milioi gitxiago”, inbertsinoa “benetako beharretara egokitu” dalako. 2018rako beharren artean Munitibarko EDAR izenekoaren eraikuntza eta Boluetan egongo dan Ibaizabal errekaren uren tratamentu entseguetarako planta pilotua dagoz.

Batzarretako taldeek egindako erantzun-eskeei erantzunez, Aldundiak bosgarren edukiontzia zabaltzeko egingo dauen esfortzua aitatu dau Unzuetak. 2017. urtean egin eban moduan, bere sailak “milioi bat euroko” partidea erreserbau dau, aurton Udalek aurrekontuetan jasotakoaren “erdia” baino gastau ez daben arren. Kopuru hori justifiketako orduan, diputatu andreak esan dau Bizkaiak hobetu egin behar dauela materia organikoaren birziklapen tasea, oraindino Europak marketan dauenaren azpitik dagon parametroetako bat da-eta.

Unzuetak bere sailaren gaur egungo kudeaketea marketan daben beste gai batzuk be aitatu ditu, hondartzen kudeaketea (5,7 milioi euro), hobekuntza informatikoak (3,7 milioi) edo suteen prebentzinoa eta itzalketea (637.000 euro). Ingurumen zuzendaritzan dagozan barrikuntzen artean, zarataren eta hots kalidadearen gaineko ekintza plan bat azpimarratu behar da. Plan horretan prebentzinorako eta sentsibilizazinorako hainbat ekimen jasoten dira (30.000 euro).

BARDINTASUN ARLOKO POLITIKEN AURREKONTUAK %14,62 EGINGO DAU GORA

Horren ostean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako diputatuak Ekonomia eta Ogasuneko azkenengo batzordean azaldu dauenez, bere sailak izango dauden diru-kopurua 51.338.000 eurokoa izango da, beharginen atala alde batera itzita. Horrek %2,62ko igoerea erakusten dau 2017 honetako zifrakaz alderatuta. Partida horri esker “enpleguaren, alkartasunaren, gizarte kohesinoaren eta bardintasunaren aldeko apustuari eutsi ahal izango jako”.

2018. urtean azpimarragarria izango da bardintasunaren arlora bideratuko dan gastuaren hazkundea, %14,62 handituko dalako, 988.000 eurora heldu arte. Horren barruan, oraindino Batzar Nagusietan onetsi barik dagon Bardintasunerako Foru Arauaren garapena aipatu behar da. 200.000 euro bideratu dira horretara.

Enplegurako eta Ekintzailetzarako programan “proba pilotu” bat egingo dala be azpimarratu dau Laespadak, Aldundiaren kontuetan genero ikuspegia sartu daiten lehenengo aldiz. Foru erakundeak “eskumen arloko mailarengaitik, gizartean daukan eraginarengaitik eta aldaketarako palankea izateagaitik” aukeratu dau programa hori, Laespadak adierazo dauenez. Bere berbetan, ekimen hori, “enpleguaren arloan, emakumeen eta gizonen bardintasunari jagokonez, egiten dogunaren argazkitik, benetako bardintasuna lortzeko egin behar dogunera” doan bidea egitea da, azken finean.

Aurrekontuak Enplegu eta Ogasun sailetako beharginek osatu daben batzorde teknikoaren bitartez prestatuz egin dan aldaketak helburu nagusi bi izan ditu, “enplegurako gaiztasun bereziak dituen emakumeak gaitzea, eta emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko proiektu barritzaileak aurrera eroatea”, hain zuzen be.

Batzarretako taldeei emondako azalpenean, Laespadak genero eraginaren aurretiazko ebaluazinorako txostenak be azpimarratu ditu. Behar hori 2014an hasi zan, “54” ekintzagaz, eta, une honetan, Aldundiko aurrekontuan “7,3 milioi euroko” eragina daben “275” ekintza dagoz martxan. Laespadaren eretxiz, ekintza horreek, Gobernu ekintzan “gizonen eta emakumeen artean dagozan desbardintasunak zuzentzeko balio dabe”.

2018. urteak beste barrikuntza garrantzitsu bat be ekarriko dau, Aldundiaren tutelatik urtengo daben hogeta hamar gaztegaz hasiko dan “proba pilotua”, hain zuzen be, “emanzipazinorako eta bizimodu independentea eroateko egin behar daben bidean laguntzeko”. 275.000 euro bideratuko dira horretara. Gizarteratze arloko barrikuntzen artean, Laespadak Getxo-Uriben sortuko dan eguneko zentroa eta bazterketa arriskuan dagozan pertsonakaz esku hartzeko eskuliburua egitea be aitatu ditu.

Bere ekarpenak gora egingo dauela ikusiko dauen beste partida bat Garapenerako Lankidetzara zuzendutakoa izango da, %3,71 egingo dauelako gora, 5.594.000 eurora heldu arte.

Gainera, Eusko Jaurlaritzagaz batera, Aldundiak enpleguaren eta gizarte eta ekonomia arloko politiken inguruko ikerketarako zentro baten sorkuntzan hartuko dau parte. Aldundiak 50.000 euro jarriko ditu, aurretiazko azterlana egiteko.

ZUZENKETA ESKEAK

Aurrekontuen Proiektuaren inguruko informazino saioak bukatu eta gero, Bizkaiko Batzarretako Mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia ezarriko dau (15 egunekoa). Zuzenketa-eskeak aztertu ostean, Gernikan egingo dan lehenengo osoko batzarra deituko da, testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar horren ostean, eta beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko dira batzordean. Bizkaiko kontuen Batzarretako izapidetzea abenduaren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko batzar bategaz.