Aurreko Albisteak

Aldundiak konponbide barriak aztertuko ditu 2018an, trafikoak etxebizitzetan eragiten dauen zarataren arazorako

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean gaur egin da 2018ko Aurrekontuen Proiektuaren bigarren informazino jardunaldia. Deitutako hiru saioetako batean, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Foru diputatuak, datorren urtean bere sailak, errepideko trafikoak sortzen dauen zarataren kontrako “ekimen barriak” aztertuko dituala iragarri dau. Holan, Bere sailaren aurrekontuak “100.000 euro” aurreikusiko ditu gaur egun biztanleak dagozan lekuetatik igarotean zarata kutsadurea murrizten daben pantailak instaletea gaindituko daben alternatibak eta konponbideak aztertzeko. Hori da Ekonomia eta Lurralde Garapenerako sailaren kontuetan jasoten dan barrikuntzetako bat. Sail horretako kontuek %5 handituko dira, 269 milioi eurora helduz.

Hazkunde horregaz “beste bultzakada” bat emongo jako inbertsino publikoari, “58 milioi eurogaz”, “ekonomiaren hazkunde ziklo honi laguntzeko” helburuz. Kopuru horren barruan, errepideetako azpiegituretan (47,8 milioi) eta ezagutza eta barrikuntza azpiegituretan (10,2 milioi) egingo diran inbertsinoak sartzen dira. Horrez gain, 2018ko kontuek “pertsianea zabalik” eukiten jarraitzeko eta Foru erakundeak azpiegituren arloan dituan konpromisoak beteteko balioko dau, ekonomiaren garapenerako funtsak handitzen laguntzeaz aparte. Azken horreen artean, Pradalesek “ekintzailetzagaz, barrikuntzagaz, enpresen nazinoartekotzeagaz, talentuagaz eta kanpoko sustapenagaz erlazionautako ekimenak” aitatu ditu. Horreek guztiek %23,5eko hazkundea ezagutuko dabe, eta 38,4 milioi mobiduko ditue, Bizkaiaren lehiakortasuna hobetzeko.

Errepideen kudeaketari jagokonez, Pradalesek azpimarratu dau Aldundiak 325.000 euro erreserbauko dituala Bizkaiko Errepideen eta Txirrindularientzako Bideen LSPak aurrera eroateko. Atal horren barruan azpimarratzekoak dira, inbertsinoen bolumena dala eta, Aldundiaren esku dagozan errepideen kontserbazinora bideratuko diran 45 milioi euroak. Inbertsinoen artean, Santurtziko bidegorria egitea (milioi bat euro hartuko ditu), Kadaguako bide-zubiaren konponketea (430.000 euro) edo motozaleen babeserako sistemak (500.000 euro) aitatu ditu diputatuak.

2018an egin behar diran obren artean, Pradalesek Ermuko saihesbidearen eta Autzaganeko tunelen amaierea azpimarratu ditu, 16,2 milioiko inbertsinoagaz, eta baita Kukularrako lotunean egin behar diran jarduketak (3,5 milioi lehen faserako), Ondarroako zubia barriztetako lanak (400.000 euro), lotunerako bidea Bermeoko saihesbidean (800.000 euro), eta Kadaguako ardatza Karrantzarekin lotzen dauen BI-630 errepidea hobetzeko azterlanak eta Itsasadarraren sarea (1,1 milioi) be.

Beste alde batetik, Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Foru diputatuak azpimarratu dauenez, ekitaldi barrian Aldundiak 10,3 milioi euro inbertiduko ditu ezagutza eta barrikuntza azpiegituretan. Pradalesek ekintzailetzaren “hub”-era zuzendutako 3 milioi euroak, Ezkerraldeko/Meatzaldeko Teknologia Parkearen urbanizazinorako 2,5 milioi euroak, AICrako 3 milioi euroko inbertsinoa eta EIC- Energy Intelligence Center izenekora zuzendutako 1,7 milioi euroko partidea sartu ditu inbertsino horreen artean.

Foru diputatuak bere esku-hartzean azpimarratu dauen beste gauza bat, bere sailak Bizkaiko enpresa txikiei eta ertainei emongo deutsen laguntza handia izan da, 3i, Elkarlanean eta lehiakortasuna bultzatzeko programen bidez. Programa horreek 11 milioi euroko inbertsinoa hartuko dabe. Barrikuntzari, inbertsinoari eta nazinoartekotzeari erabateko laguntzea emoteko 3i programak jasoko dauen diru-kopuruak gora egingo dau aurten be, 4,3 milioi eurora helduz.

Nazinoartekotzeagaz eta talentuagaz erlazionautako arloak 9,5 milioi euro inguru jasoko ditu; bertan jasoten dira, beste batzuen artean, enpresa txikiei eta ertainei zuzendutako nazinoartekotze eta laguntza programak, partzuergoei emongo jaken laguntzea, nazinoartera zabaltzeko, “Doing Business in Biscay” programea, inbertsino barriak erakarteko zerbitzu integral moduan, startup-ak, inbertsino funtsak… Gainera, ekitaldi barri horretan 2,3 milioi euro zuzenduko dira talentuari eta bikaintasunari laguntzeko hainbat ekintzetara eta programetara.

Imanol Pradalesek balioan jarri dau Bizkaia, turismoaren jomuga moduan sustatzeari emoten jakon bultzada handia, 4,5 milioi euro hartzen dituen partidakaz. Kopuru horretatik, 700.000 euro, datorren urtean Bilbon egingo diran kultur eta kirol arloetako nazinoarteko ekitaldietara bideratuko dira.

85,2 MILIOI BIZKAIBUSERAKO

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako diputatuak azaldu dauenez, 134 milioi eurokoa izango dan bere saileko 2018ko aurrekontuaren zati garrantzitsuena Bizkaibus zerbitzuaren mantentze lanek eroango dabe beste urte batez. Partida horrek %1,43ko hazkundea izango dau, 85,2 milioira helduz.

Bere esku-hartzean, Aldundia, Bizkaibusen markesinen diseinu barria lurraldetik zabaltzen hasiko dala baieztu dau Reyesek. Horretarako 550.000 euro bideratu dira, joan dan uda baino lehen kalean instalau zan prototipoaren “funtzionaltasuna egiaztau” eta gero. Sailaren proposamenen artean Bizkaibusen webgunea eguneratzea eta barriro diseinetea dago.

Garraio sailaren beste ekarpen handienetako bat garraio publiko azpiegituretara dago zuzenduta. Horri jagokonez, Aldundiak 41 milioi euroko partidea erreserbau dau Bizkaiko Garraio Partzuergorako, aurreko ekitaldian baino %6,16 gehiago, eta Bilboko Metroaren ustiapenak sortutako galerea ordaintzera eta Bilboko lur azpiko garraiobidea hobetzeko beharrak egitera egongo da zuzenduta. Garraio publikoaren koordinazinoaren arloan, Aldundiak aurrera jarraituko dau Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren lanak bultzatzen. 265.000 euro bideratuko dira 2017an sortu zan erakunde horretara.

Bilbo Metropolitarraren LPPa barriztetako prozesuak 205.500 euro eroango ditu. Reyesek bere esku-hartzean aurreratu dauenez, “une honetan” bukatzen ari da Aurrerapeneko Dokumentua. Dokumentu horretan lurralde ereduaren lehenengo hipotesia definiduko da.

Lurraldearen Antolamenduaren arloan “bikoiztu egingo dira” udalerriei emoten jakezan laguntzak, euren urigintza arloko planteamentua egokitzeko eta egiteko, 500.000 euroko horniduragaz. Atal horretan azpimarragarria da urigintza arloko planteamentua erregistretako aplikazinoaren garapena. Aplikazino horren bitartez, edozein pertsonak urigintza planak kontsultau ahal izango ditu, jagoken Udaletxera edo Aldundira hurbildu behar barik.

HERRI ADMINISTRAZIORAKO ETA ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILA

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak, bere aldetik, 56.461.000 euroko aurrekontua eukiko dau, 2017an baino %21,71 gehiago. Zenbateko hori, batez be, Foru Administrazinoaren “pertsianea altxetako” erabiliko da, “alde batetik herritarrei eta bestetik udalei zerbitzu gehiago eta hobeak” eskiniz, Ibone Bengoetxea titularrak laburbildu dauenez.

Gehien “haziko dan” partidetako bat informazinoaren artxiboari, segurtasunari eta tratamenduari zuzendutakoa izango da, 2017ko 950.000 euroetatik 2018ko 1.925.000 eurora pasauko da-eta. Diru kopuru horren barruan, 550.000 euro balioko dituan errobot igotzailea erostea jasoten da, Gangurengo administrazino artxibategirako.

Aldundiak “17,5 milioi eurotan” balorau dau foru administrazinoa modernizetako egin behar dan esfortzua, BAT (Bizkaiko Azpiegitura Teknologia) sistemaren ezarketa barruan hartuz. Sistema horren barruan sartzen dira, beste batzuen artean, egoitza elektronikoa, sarreren kudeatzailea, dokumentuen kudeatzailea, tramitazinorako motorra eta artxibategi elektronikoa.

Bengoetxeak zuzentzen dauen sailak esfortzu handia egingo dau datorren urtean Aldundiaren parke mobikorra hobetzeko. 962.000 euro inbertiduko ditu lur orotako 32 ibilgailu erosteko; 340.000 euro suhiltzaileentzako kamioi zisterna bat eskuratzeko; eta beste 123.000 euro “Unimog” ibilgailu bi egokitzera bideratuko dira.

Diputatu andreak larrialdietako zerbitzuen instalazinoak modernizetako egingo dan esfortzua be azpimarratu dau. Holan, 2018an, Zallako suhiltzaileen parkea eregiteko beharrak hasiko dira (900.000 euro), Arratzuko parkearen proiektua idatziko da (60.000 euro) eta Larrialdien Kudeaketarako Zentro Integrala jarriko da martxan (240.000 euro). Gainera, beste “175.000 euro” egongo dira suhiltzaileen foru zerbitzuko beste zentro batzuetan hainbat hornidura eta hobekuntzarako obrak egiteko.

Horrez gain, Aldundiak Bizkaiko udalerriei euskarria emoten jarraituko dau. Horretarako 4.535.000 euro bideratuko dira Biscaytik Fundaziora. Gainera, “aurrera jarraituko da” udalerrien saneamendua bultzatzera zuzendutako partidakaz (750.000 euro) eta herri txikietan azpiegiturak egiteko diru-laguntzetara bideratutakoagaz (2 milioi), 2018an udalerrian finantza egoereak hobera egingo dauela aurreikusten dan arren.

Bengoetxeak Aldundi osoko I. kapitulua (Beharginak) be aitatu dau. Horreen soldata masea “%2,81” handituko da, “203,2 milioi eurora” ailegau arte. Atal horretan, Bengoetxeak adierazo dauenez, azkenengo hiruhileko honetan 2017ko EEPa onetsiko da. Eta datorren urterako, Aldundiak beste enplegu eskaintza publiko bat kaleratzea aurreikusten dau.

Podemos Bizkaiaren erantzun-eskeari erantzunez, eta aurreko agerraldi batean, diputatu andreak adierazo dau daborduko gauzatuta dagola Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren aurrekontuaren 2017ko aurrekontuaren “%63,5a”.

BIHAR, AZKENENGO INFORMAZINO JARDUNALDIA

Aurrekontuen inguruko informazino batzordeak bihar, barikuan, amaituko dira. Horreen ostean, Bizkaiko Batzarretako Mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia ezarriko dau (15 egunekoa). Zuzenketa-eskeak aztertu eta gero, Gernikan egingo dan lehenengo osoko batzarra deituko da, testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar horren ostean, eta beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko dira batzordean. Bizkaiko kontuen Batzarretako izapidetzea abenduaren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko batzar bategaz.