Aldundiak "kalera aterako dau" Foru Liburutegia

Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur hasi ditue 2018ko Aurrekontuen Proiektuan Bizkaiko Foru Aldundiko Sail bakotxari jagokozan kontuen barri emoteko saioak. Aurrekontuak azaltzeko txandea Ogasun eta Finantza, Euskera eta Kultura eta Gizarte Ekintza sailetako arduradunek hasi dabe gaur. Lorea Bilbao Euskera eta Kultura saileko arduradunak, bere sailaren helburua Foru Liburutegiaren eukietako batzuk “kalera ateratea” dala aurreratu dau, Bilboko Metroagaz, merkatariakaz eta ostalariakaz lankidetzan. Liburutegira zuzendutako partidea “bikoiztu” egingo da, eragile horreekaz batera funts bibliografikoak zabaltzeko proiektua aurrera eroan ahal izateko.
José María Iruarrizaga Ogasuna eta Finantza saileko buruak, joan dan urriaren 31n Bizkaiko Batzarretan erregistrau zan Bizkaiko 2018ko Aurrekontu proiektuaren laburpena eginez hasi ditu Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeako informazino saioak. Aurreikuspenak beteten badira, tributu kontzertauak dirala eta Bizkaiko Ogasunak 7.813 milioi euro batuko ditu. Kopuru horretatik, 6.211 milioi erakundeakaz dagozan konpromisoak betetera bideratuko dira, Eusko Jaurlaritzagaz, batez be, eta 1.602 milioi kudeaketa propiorako erabiliko dira, beharginen gastuak barru dirala. Diru gehien jasoko daben sailak, aurrekontuaren ia herena eroango dauen Gizarte Ekintza, 494,6 milioi eurogaz, eta 296 milioi jasoko dituan Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen saila izango dira. Bosgarren urtez jarraian, Aldundiak “zero” zorpetze garbia izango dau, amortizetan dan zor berbera jaulkiko dalako: 154 milioi euro.
OGASUNA ETA FINANTZAK
Ogasun eta Finantza sailak, bere aldetik, 125,4 milioi euro izango ditu 2018an, hau da, 2017ko aurrekontua baino %3,9 gehiago. Erdia baino gehiago beharginen gastuetara zuzenduko da, 68 milioi euro, hain zuzen be. Bolumenari jagokonez, horren ostean Lantik Foru erakunderako erreserbak datoz. Sailari euskarri teknikoa emoten deutsan enpresa informatikoak 31 milioi euro jasoko ditu aurrekontuetatik. Inbertsinoen atalean, azpimarragarriak dira Kaputxinoetako eraikina klimatizetako lanen jarraipena (2.640.000 euro erreserbau dira horretarako), eta 1.630.000 euroko aurrekontua izango daben Artxandako Jolas Parke zaharra eraisteko beharrak. Iruarrizagak jakinarazo dauenez, eraispen lan horreetarako lehiaketa publikoaren argitalpena, Galdakaoko Udalaren aldetik obra baimena jasotearen “zain” dago.
Beharginen atalean, finantzetako 11 ikuskatzaile plaza gehiago hornitzea aurreikusten da, aurton onetsi dan enplegu publiko eskaintzagaz bat etorriz. Aukeraketa proben deialdia 2018an izango da.
EUSKERA ETA KULTURA
Euskera eta Kultura sailari jagokonez, 2018. urterako 44.961.000 euroko aurrekontua izango dau, 2017an baino %3,05 gehiago. Euskera arloak 6.700.000 euro izango ditu (+%6,01); Kirolak 7.900.000 euro (+3%,50); Kulturak 27.905.000 euro (+%3,48); eta Zerbitzu Orokorrek 2.456.000 euro. Lorea Bilbao sail horretako arduradunak, Podemos Bizkaiaren galderei erantzunez, urriaren 31n 2017ko aurrekontuaren betete mailea “%76,30ekoa” dala esan dau.
Bilbaok bere esku-hartzean azpimarratu dauenez, “%4,7” handituko dira Bizkaiko alkarte egiturara egingo diran ekarpenak, eta talentuaren sustapenak “%9,46ko hazkundea izango dau. Holan, Aldundiak Ertibil proiektua bultzatuko dau, gure artista gazteen artelanak Bizkaitik kanpora “eroateko”, euren lana ezagutuarazoteko helburuz. Foru erakundeak 2018rako daukan asmoa, gure lurraldean “ibiltaritza” proiektu bat aurrera eroatea be bada, kobazuloetako artea ezagutuarazoteko.
Halaber, Aldundiak “arreta berezia” eskiniko deutso 2018an itsasoko ondarea berreskuratzeari, 110.000 euroko partida berezia zuzenduz. Kulturguneen atalean, foru erakundeak Euskal Museoa barriztetako beharretan jarraituko dau, ekipamendu hori “euskal kulturaren erreferentzia” bilakatu daiten, Lorea Bilbao Euskera eta Kultura foru diputatuak azaldu dauenez. 500.000 euro inbertiduko dira proiektu museologikoa eta museografikoa egiteko eta bertan dagozan funtsetako batzuk kanpoan gordeteko.
Datorren urtean Ondarearen Urte Europarra ospatzera zuzendutako “ad hoc” partida bat egongo da. Partida horren bitartez hainbat jarduera indartuko dira, Ondarearen Jardunaldi Europarrak, ibilpide historiko eta artistikoak eta Museoen, Liburuaren eta Artxibategien Nazinoarteko Egunak, hain zuzen be.
Euskera eta Kultura sailean gehien haziko dan partidetako bat Foru Liburutegiari jagokona izango da, 1.003.000 euroko aurrekontuagaz, (aurton baino %46,20 gehiago). Aurrekontu horregaz, irakurketaren, ikasketaren eta ikerketaren arloko jarduerak sustatzeko, eta Foru Liburutegia Europako gune teknologikoetan lekutzeko beharrean jarraituko da. Barrikuntza moduan, Lorea Bilbao buru dan arloak proiektu “berezia” eroango dau aurrera, Foru Aldundia “kalera aterateko”, 112.000 euroko aurrekontuagaz. Liburutegi barruko jarduerak kanpoan be ikusi ahal izatea gura dau Aldundiak. Urtero 200.000 pertsonak bisitetan dabe ekipamendu hori, eta 500.000 sarrera digital inguru ditu.
Barrikuntzen artean, Bilbaok eskolako kirolaren gaineko “app” barria be aitatu dau, ehun kirol diziplina ingurutan Bizkaian kirola egiten daben 40.000 ikasleen senideek barrikuntzen gaineko informazinoa jaso ahal daien, eguraldi txarraren inguruko oharrak zabaltzeko, batez be. Gainera, eta Ezkerraldeko udal batzuakaz batera aurrera eroandako esperientzia pilotuaren “arrakastea” ikusita, Aldundiak lurralde osora zabaldu gura dau “kirol txartela”.
GIZARTE EKINTZA
Arratsaldez daborduko, Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak datorren 2018ko ekitaldirako bere sailaren aurrekontuak aurkeztu ditu. Gizarte Ekintzako Sailak 494.594.000 euroko aurrekontua izango dau datorren urterako, Foru Aldundiaren sailek erabilgarri daukien aurrekontuaren %41,43 hartzen dauen zenbatekoa. Kopuru hori aurreko ekitaldikoa baino %4,56 handiagoa da.
Gizarte arloko politiken barruan, Gizarte Ekintzak pertsona nagusiengana zuzenduko dau erabilgarri daukan diruaren herena baino gehiago –173 milioi–. Urritasuna daukien pertsonei eskini beharreko arretaren arloan, aurrekontuen proiektuak 66.708.000 euroko gastua aurreikusten dau. Beste esfortzu handienetako bat mendekotasunerako prestazinoetara eta diru-laguntzetara zuzendutako gastuak ordaintzera bideratuko da: 88 milioi euro. Eta laugarren inbertsino esfortzua GUFIra bideratuko da, 105,8 milioigaz.
Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, Bizkaian zaurgarritasun egoeran dagozan pertsona guztien bizitza proiektuak aurrera eroan ahal izaten laguntzeko Aldundiak daukan konpromisoa azpimarratu dau: “Aurrekontu horregaz, umeak babestearen arloan dagozan gero eta behar handiagoei arreta eskintzen deutsegu, pertsona nagusientzako eta urritasuna daukienentzako arreta zentroen sarea finkatzen dogu, urritasuna daben pertsonek euren ohiko ingurunean bizitza independentea izateko bizitza programen sustapena zabaltzen dogu eta Bizkaian 95.375 pertsonarengana ailegetan dan sare unibersala modernizetan jarraitzeko tresnak eskuratzen doguz”, esan dau.