Batzar Nagusiek ez dabe onartu Habidite kasua dala eta Jabyer Fernández Batzarretara etorterik

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak ez dau onartu gaur, EAJ-PNV, PSE-EE eta Talde Mistoaren botoakaz, Jabyer Fernández enpresarioa Bizkaiko Batzarretara etortea. Porrot egin eban Habidite proiektuaren arduradunaren presentziaren alde EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra agertu dira. Holan, Bizkaiko Batzarrek ateak ixten deutsiez, “zigortzeko moduko kaudimen bakotasun” delitua dala eta kartzelan dagon Fernándezek, etxe modularren kasuan Batzarretan azalpenak emoteko aukerari.
Podemos taldearen ekimena, Aldundiagaz daukan epaiketetako batean Epaitegi Gorena enpresarioaren alde agertu dala jakin eta aste gitxitara aurkeztu zan. Epaitegi Gorenak “Alonsotegin etxe modularren eraikuntzea bultzatzeko hitzarmena bere aldetik baliobakotu izana” aurpegiratzen eutsan Foru erakundeari. Hori dala eta, talde horren eretxiz, “ezinbestekoa” da Jabyer Fernándezek kasu horretan gertatutakoaren gaineko “bere ikuspuntua” emotea.
Antzeko zeozer esan dabe Batzarretako EH Bildu eta PP taldeek. Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroalearen eretxiz, kasua epaibidean egoteak ez dau saihestu behar lurraldeko Batzarretan emon beharreko “bultzada politikoa” emotea, “Bizkaiko Foru Aldundiaren bertsinoa baino ez daukagulako”. Ruizen eretxiz “bidezkoa” da enpresarioa Batzarretara etortea, “mundu guztiak daukalako berari entzuteko eskubidea”. EH Bilduko Arantza Urkaregi bat etorri da popularragaz, beste bertsinoa be entzutea “garrantzitsua” dala esatean. Guzurtau egin dau enpresarioa Batzarretara etorteak “epai bidea oztopatzen dauenik”.
Fernández Bizkaiko Batzarretara etortearen kontra Talde Mistoa, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldea agertu dira. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), justiziari behar egiten ixteko eskatu dau. “Lehenago egin behar zan”. Fernández Bizkaiko Batzarretara etortea “oso ikusgarria izan daiteke, baina egia ezagutzeko balioko deusku? Ez dot uste” esan dau.
Foru Gobernua eusten daben talde biek –EAJ-PNV eta PSE-EE– Fernández batzorde batera etortea eta oraindino zabalik jarraitzen dauen epai bidezko prozesua “ez dirala une berean emon behar” ulertzen dabe. Ekain Rico sozialistak, José Luis Bilbao aurreko Ahaldun Nagusiaren kudeaketea kritikau ostean, Aldundiak, Epailearen agindua jarraituta, salatua, bere egunean “entzun egingo dala” iragarri ebala gogorarazo dau.
Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzaleak, bere aldetik, esan dau Batzarretako bere taldeak ez dauela jarrerarik aldatu Fernández Batzarretara etorteari jagokonez. “2009ko garagarrilean” be horren kontra agertu ziran, Batzarretako beste talde batek egindako eskariaren ostean. “Epaiketek zabalik”, eta Fernández “Bizkaiko ogasunaren zordun nagusia izaten” jarraitzen daben bitartean, Euzko Abertzaleak taldea “ez da agerraldi eskariaren alde agertuko”.
FINANTZEN EUSKAL KONTSEJUA
Saio berean, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, berak eta Podemos Bizkaia taldeak eskatuta etorri da batzordera, 2017ko urriaren 11n egin zan Finantza Publikoen Euskal Kontsejuaren bileraren barri emoteko. Bilera horretan hainbat gai “aho batez” onetsi ziran: 2018an Ekarpenen Lege barria onesteko konpromisoa; 2007-2015 epealdiko kupoen likidazinoak; eta 2017. eta 2018. urteetarako tributu kontzertatuengaitiko diru-bilketarako aurreikuspenak. Kalkuluak beteten badira, 2017an diru-bilketea “%6,4” handituko da Bizkaian (Batzorde Mistoak Kupoaren gainean hartu dituan akordioak kontuan izanda, ehuneko hori %10,9koa izango litzateke), eta “%3,9koa” 2018an. Datorren urtean, Euskadiko Autonomia Erkidego osoan, “14.391,26 milioi euroko” diru-bilketara heltzea aurreikusten da.
Rementeriak gogorarazo dauenez, bilera horretan hiru aldundiek 2018. urtean Eusko Jaurlaritzara egingo dituen ekarpenak be onetsi ziran, 9.523 milioi euro, hain zuzen be. “%50,37” –2017an baino ia 3 hamarren gitxiago– Bizkaiko Ogasunak ordainduko dau, adostu dan koefizientea dala eta. Datorren ekitaldian koefiziente hori aldatu ahal izango da, Ekarpenen Legea martxan jarten danean. Rementeriak adierazo dauenez, Bizkaiaren interesak defendiduko ditu, eta koefiziente hori aldatzeko “datu objektiboak” egotea “exigiduko” dau.
Horrez gain, saio haretan, Euskadiko administrazinoek, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Fondoari 2018an barriro be 20 milioi euro emotea onetsi eben. Eusko Jaurlaritzak 14 milioi jarriko ditu, eta Foru Aldundiek gainerako 6ak. Bizkaiko lurraldeak 10 milioi jasoko ditu. Horreetatik, bost udalek kudeatuko ditue, eta beste bostak Aldundiak berak.
“113.966 BIZKAITAR" GUGGENHEIMEN
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak, Guggenheim museoaren hogeigarren urteurrena dala eta bizkaitarrei bialdutako konbitea Ahaldun Nagusiaren izenean bialdu izanaren zergaitiengaitik itaunduz egindako erantzun-eskeari erantzunez, Rementeria bisita kopuruaren behin betiko balantzea eskiniz defendidu da. “113.966 bizkaitarrek” kurutzatu ebezan Bilboko museoaren ateak urriaren 1etik azaroaren 5era, Aldundiak etxebizitza guztietara bialdu eban konbiteagaz. Epealdi horretako sarrera guztien “%43” izan ziran.
“Lortu gura zana arrakasta osoz” bete da, esan dau Rementeriak pozik, eta gaur egun “Bizkaia Guggenheim museotik gertuago dagola” azpimarratu dau. Hilebete bat baino apur bat gehiagotan, nabarmen gainditu da urtebete osoan bizkaitarrek egiten daben bisita kopurua, “70.000 eta 90.000 pertsona artekoa izaten da eta”. Ahaldun Nagusia “pozik” eta “harro” agertu da, Aldundiak, aurton 20 urte bete dituan museoa ezagutzeko aukerea “horrenbeste jenteri” emon izanagaitik. Herritarrei “emon be egin behar jake, ez zergak ordainarazo bakarrik”.
Javier Ruiz PP taldeko bozeroaleak txalotu egin dau Aldunditik martxan jarritako ekimena, baina Aldundiaren kutxan eragindako “larregizko” gastua kritikau dau: “346.000 euro”. Bere eretxiz, “merkeago” egin eitekean, bide telematikoa erabilita, katastroaren jakinarazpenakaz egin zan moduan, edo museoko bertako txarteldegietan bulego bat jarrita, etxebizitza bakotxera gutunak bialdu beharrean.
Bere esanetan, konbite kanpainea Ahaldun Nagusiaren beraren “sustapen pertsonalera” kanpainea bilakatu da, “bizkaitar guztiona dan ikono kultural bat bere mesederako erabili dauelako”. Museoaren XX. urteurrena zanez, Juan Ignacio Vidarte zuzendariari jagokon konbitea sinatzea edo, izatekotan be, Urkullu Lehendakariari, bera dalako Patronatuko presidentea. Rementeriak esan dau ekimena Aldunditik sortu zala, eta bera dala erakunde horretako arduradun nagusia.