Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek KPEE-TVCPko "ordezkari" bat etortea onartu dabe, 2015eko Bizkaiko Kontuen fiskalizazino txostena azaldu daian

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak aho batez onetsi dau gaur, erakunde fiskalizatzaile horretako “ordezkari” baten presentzia eskatzea Kontu Publikoen Euskal Epaitegiari (KPEE-TVCP), 2015. ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaldu daian.

Ekimena EH Bildu taldetik sortu da, KPEE-TVCPko “ordezkari” baten presentzia eskatu dauelako, bertako presidentea, José Luis Bilbao jauna, etortea ezinezkoa izango dala aurreikusita, urte horretako parte batean bera zalako Bizkaiko Foru Aldundiko burua.

Arantza Urkaregi batzordekideak eskari hori justifikau dau, Batzarretako egungo arautegian ez dalako jasoten erakunde fiskalizatzailea Bizkaiko Batzarretara etortea txosten fiskalizatzaile horreek azaltzera, Kontuak osoko saioan bozkatu aurretik. Azalpen horreek “beharrezkoak” dira Kontu Orokorraren gaineko edozein akordio hartu aurretik.

Batzarretako taldeek “bidezkoa” ikusi dabe KPEE-TVCPko ordezkari baten presentzia, Epaitegiaren eretxia eta azalpenak “zuzenean” ezagutzeko. Batzordekide batzuek esan dabenez, “gardentasun ariketea” izango litzateke.

INFORMÁTICA DE EUSKADI ENPRESAREN EGOEREA

Beste alde batetik, batzordeak José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuaren agerraldia jasoko dau. EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzarretara etorri da, Informática de Euskadi enpresaren egoeraren barri emoteko. Koalizino abertzaleak, Zamudion dagon enpresa horretan Kutxabankek eukazan akzinoen “%90” saldu egin dirala ete dakien, eta zergak Bizkaian ordaintzen dituan eta 325 lanpostu daukazan konpainia “lekuz aldatzea” saihesteko “zeozer egingo ete dauen” galdetu deutso.

Iruarrizagak adierazo dauenez, Aldundiak “ez daki zeintzuk diran” euskal banketxea akzino horreek saltzera eroan dituan errazoiak baina, dana dala, hori ez dala oraindino gauzatu esan dau. Diputatuak argitu dauenez, Foru Aldundiak ez dauka partaidetzarik Kutxabankeko Kontsejuan eta, ondorioz, “ez dauka gaitasunik” akzinoak saltzeko dagon ustezko asmo horren errazoiak zeintzuk diran jakiteko.

Aldundiak ordezkari bakarra dauka banketxe horretako patronatuan, dagozan 13etatik. Legediak “debekau egiten deutse” patronatuko kideei finantza erakunde horreetako kontseiluetan parte hartzea, eta kontsejuan hartzen diran erabagien inguruko “konfidentzialtasuna” gordetzera be behartzen ditu bertako kideak. Hori dala eta, Aldundiak “oso gitxi edo ezer ezin dau egin, ez dagolako gure eskuetan Kutxabankeko Kontsejuko erabagietan eraginik izatea”.

Informatika arloko enpresa lekuz aldatzeari jagokonez, Iruarrizagak esan dauenez “beharbada gertatuko da, edo beharbada ez, baina ez neuke gure Bizkaiak lanpostuak edo zergadun bat galtzerik”. Dana dala, Iruarrizagak adierazo dauenez, hori gertatu ezkero be, enpresak Bizkaian jarraituko leuke bere beharginen atxikipenak ordaintzen.

EH Bilduk gogorarazo dauenez, enpresa batzordeak, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean izandako agerraldi batean, iragarri eban Kutxabanken akzinoen salmentak “eraginak izan eikeala enpleguan, laneko baldintzetan eta zergen ordainketan” Bizkaian, egoitza fiskala Madrilera aldatzeko aukerea egoalako. Talde horrek eta Podemos Bizkaiak, kasu horren gaineko informazinoa Kutxabanketik jasoteko eskatu deutsie diputatuari, Aldundiak “hartu-emon handiak ditualako” erabagiak hartzen dituen organuakaz. “Adi egoteko” eskatu dabe, ea leku aldaketa prozesuren bat gertatzen dan.

Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, Kutxabankek enpresa horretan eta beste batzuetan daukazan inbertsinoak saltzeko hartzen dituan erabagiak erakundearen “negozio planen eta enpresa estrategien” arloan mobiduten dirala esan dau, beste banketxe guztiakaz gertatzen dan moduan, “euren helburuen artean irabaziak lortzea dagolako”. Halanda be, bere eretxiz “albiste ona” da Kutxabankek Informática de Euskadi enpresaren “laneko kargeari eusteko konpromisoa erakutsi izana”. Enpresa horretan, Kutxabankez gain, Accenture kontsultoretza-etxeak be badauka partaidetzea.

Euskal Sozialistak taldeak, bere aldetik, Kutxabanken ustezko erabagiaren jatorria “kutxak banketxe bilakatzeko” prozesuan dagola esan dau. Eta gai horretan “oso kritikoak izan ginen”, baina “Europako eta Estaduko arautegiak eskatzen euskula” ahaztu barik, adierazo dau Ekain Rico batzordekideak.

Euzko Abertzaleak taldeko lerroetatik Aldundiaren alde agertu dira, “ez daukala Kutxabanken erabagiak hartzeko ahalmenik” esanez. “Enpresak dira Bizkaian geratzea edo ez geratzea erabagiten dabenak, Aldundiak laneko baldintzak hobetzeko ahaleginak egiten dituan arren”, Ainara Aretxabaleta batzordekideak esan dauenez.