Estitxu Oterminen eta Mikel Erkiagaren "Bizi bizi bida" erakusketaren irekierea
Bizkaiko Batzar Nagusiak
“Bizi bizi bida” erakusketaren izenburuak bat egiten dau bizitzeko eta margotzeko beharrezkoa dan jarrereagaz. “Jarrera bat izatera bultzatzen dau, arteak zerikusi handia daukalako pertsonok egiteko daukagun gurariagaz eta motibazinoagaz”, adierazo dabe egileek. Sortu daben erakusketarako gunean “azkenengo urteotan, margotzearen plazera eta pinturea margotuz ezagutzeko asmo bakarragaz intuizinoaren bitartez behar egiteko izan doguzan margolanak eta jakin-minak batzen dira”.
Estitxu Otermin nafarra esperimentazinotik sortzen diran pizgarriek gidaten dabe. Koloreak kendu eta jarteak, formek, materialek, margotzeko prozesuan aurkitutako logikak eta logika ezak. Erabilten dituan materialen apaltasuna, bere pintura berez dana azpimarratzeko modua dala esan daiteke. Pinturea berarengandik sortzen da, bere barruko gatazkatik eta gustutik. Pintzelkadagaz aurkitu eta galdu egiten dau eta, batzuetan, kasu honetan gertatzen dan moduan, egin dituan margolan guztietatik berreskuratu dauena erakusten dau.
Mikel Erkiaga bilbotarraren kasuan, bere pinturea, koadrutik berreskuratu daitekezan pintzelkaden eta egituren etenbako bilaketea da. Pinturak berak esaten dauenaz aparte beste ezer esateko asmo barik, bere artelanetan argazkiaren eta pinturaren arteko alkarrizketea dago, oinarri moduan intuizinoaren prozesua hartuta, emaitza moduan geldik dagozan irudiak emoten dituana: geldik dagozan irudiak, pertsona bakotxak ulertzen dauenari zabalik.
Beste urte batez, Bizkaiko Batzarrek, uriaren erdialdean bozgorailu librea eskintzearen aldeko apustua egin dabe, Bizkaian prestautako artisten lana Bizkaiko gizarteari helduarazoteko. “Bizi bizi bida” erakusketea helburu horren beste adibide bat da. Azaroaren 23era arte egongo da zabalik uriaren erdialdean dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.