Aurreko Albisteak

Aldundiak egoitzetako hitzarmena betetea eskatuko deutse enpresei, kontzertazino barrian parte hartu ahal izateko

Egoitzen sektoreko hitzarmen barria onetsi zanetik egin dan lehenengo batzordean, Aldundia pozik agertu da lortutako akordioarengaitik, eta “albiste bikaina” dala esan dau. Eta, Foru erakundeak bere partea beteko dauela be esan dau, “zelan bestela”, aldaketak kontzertazino prozesu barrian sartuz. Holan, hitzarmenaren eukia beteten ez daben enpresek “ez dabe parte hartuko”, azpimarratu dau. “Pleguen klausula guztietan agertzen danaren aurreko konpromisoa erakusten ez daben enpresak ez dira kontzertazino barrian egongo”, adierazo dau gaur arratsaldean Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Podemos Bizkaia taldeak eskatuta Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian.

Sánchez Roblesek adierazo dauenez, sektorean aplikazino orokorra daukan hitzarmen barria errespetauko dau Aldundiak, “bete egiten dala exijituz”. Horrek beste idazketa bat eskatuko dau, hitzarmen barria beteteko “beharrezkoak diran aldaketak bakarrik sartuz”. Horreen artean “indarraldi barria” egongo da. Gainerako klausulek “ez dabe aldaketarik izango”, esan dau.

Podemos Bizkaiak, agerraldia eskatu dauen taldeak, Aldundiak, Bizkaia osorako “interes bereziko datuak” eukazala ulertzen eban, ia urte bi luzatu dan Bizkaiko Egoitzetako lan gatazkea konpondu ostean. “Datu horreek mahai gainean jarri behar dira, zerbitzuaren kalidadea eta egoitzetako beharginen lan baldintzak hobetuko dituen neurriak lortu ahal izateko”, adierazo dau Josean Elgezabalek, eta diputatu andreari akordioa baloretako eta horren nondik norakoen barri emoteko eskatu deutso.

Diputau andreak, barriz, ez dau orain denpora gitxi hiru enpresa alkarteen eta sindikatu biren artean lortutako akordioan sakondu gura izan. “Ez jagoku guri”, esan dau. Gatazkan egozan aldeek konpondu behar eben laneko gatazkan Aldundiak bete dauen lekua eta egin dauena defendidu dau, barriro be. Sánchez Roblesen eretxiz, bere sailak “modu egokian” kontrolau dau “erabiltzaileen eskubideak bermatzen zirala”, “ondo zainduta egozala”, lanik bako jardunaldiek irauten eben bitartean.

Sánchez Roblesen berbetan, Aldundiak “akordiorako aukerea” emon dau, nagusien egoitzen kontzertazino barria indarrean sartu izana atzeratuz, hori “errazteko”. Bere eretxiz, adostutako hitzarmenak “egonkortasuna” emongo deutso sektoreari, eta egoitzetako erabiltzaileen bizimodua “errazagoa, atseginagoa eta zoriontsuagoa” egingo dau.