Aurreko Albisteak

Aldundiak 2018ko Bizkaiko Aurrekontu Proiektua erregistrau dau Batzar Nagusietan, hilebete bi iraungo dituan Batzarretako tramitazinoari hasierea emonez

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidenteak, 2018rako Lurraldeko Aurrekontu Proiektua jaso dau gaur José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza Foru Diputatuaren eskutik. Kontu publikoak euskarri elektronikoan emotearen eta erregistroaren irudiagaz, beste urteetan egun honeetan gertatzen dan moduan, hasiera emongo jako abenduaren amaierara arte luzatu daiteken prozedureari.

Batzar Nagusiek arauzko proiektua onetsi ostean, foru diputatuek, bakotxaren sailari jagokozan kontuak azaldu beharko ditue datorren eguaztenetik aurrera egingo diran informazino batzordeetan. Bizkaiko Batzarretako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean egingo diran informazino saioek hiru egun –zemendiaren 8, 9 eta 10– iraungo ditue.

HERRITARREN ALEGAZINOAK

Gainera, Aurrekontuak, beste edozein Foru Arau Proiektugaz gertatzen dan moduan, herritarren partaidetzara zabalduko dira, arautegiak adierazoten dauen moduan. Bizkaiko Batzar Nagusiek hurrengo egunetan aurkeztuko dabe dokumentua “jjggbizkaia.eus” webguneko “Herritarren atarian”, bizkaitar guztiek proiektuaren aurrean dituen ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketarako proposamenak bideratu ahal daiezan. Horretarako epea 10 egunekoa da. Igaz, herritarrek, taldeek, alkarteek edo GKEk bialdutako 20 alegazino eta iradokizun euki ebezan mahai gainean Batzarretako taldeek. Horreek guztiek euren proposamenak helduarazo ebezan, batzuk orokorrak eta beste batzuk oso zehatzak, arazo jakin batzuei erantzuteko edo hainbat gairen inguruan Aldundiaren esku-hartzea eskatzeko.

Aurrekontuen gaineko eztabaidea, prozesua urtea bukatu aurretik amaitu daiten dago antolatuta. Diputatuen agerraldiak egin eta dokumentua herritarrek egin beharreko alegazinoetarako zabaldu ostean, Batzar Nagusietako Mahaiak epea zabalduko dau batzarretako sei taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa), 7.813 milioi euroko zenbateko osoa hartzen daben aurrekontuen aurreko zuzenketa-eskeak aurkeztu daiezan. Kopuru horretatik 1.193 milioi eurokoa da sailek erabili daikiena.

Jatorrizko testuari aurkeztu beharreko zuzenketa-eskeak aurkeztu eta gero, Bizkaiko Batzarrek aztertuko ditue, lehenengo osoko saioa deitu aurretik. Saio hori abenduaren erdialdean izango da, eta bertan testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatuko dira lehenengo. Osoko bilkura horren ostean, beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidatuko dira. Eta batzarretako izapidetzea hilebete horren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko bilkura bategaz.