Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak, Zorrotzan Euskal Herriko Errota Handien eraikinean industriaren museoa instaletako aukerea aztertzearen alde

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Batzarretako talde guztiak ados agertu dira gaur, Bizkaiko Foru Aldundiak, “legealdi hau bukatu aurretik, gure lurraldean Industriaren eta Teknikaren Museo bat sortzeko eta ezarteko estrategia” aurkezteagaz. EH Bilduk ekarri dauen proposamenak Bizkaiko Batzarren aldeko eretxia jaso dau Euskera eta Kulturako batzordean. PP taldea izan da zalantzak agertu dituan bakarra, bere abstentzinoagaz, Zorrotzako kaian (Bilbon) dagon Euskal Herriko Errota Handien eraikina leku egokiena izango ete dan. Une honetan egoera txarrean dagon higiezina, Eusko Jaurlaritzak Monumentu izendatutakoa, onetsitako arauz besteko proposamenean “egon daitekezan aukeren arteko bat” moduan planteetan da onetsitako proposamenean.

Txusa Padrones EH Bilduko batzordekidea izan da arauz besteko proposamena Bizkaiko Batzarren aurrean defendidu dauena, bere berbetan “80ko hamarkadan” hasi zan eztabaidea jasoz. Garai haretan, erakunde publikoek ikusi eben “atzeratu ezinezkoa” zala gure industria iragana erakutsiko leuken “erreferentziazko” kultur gune bat eregitea Bilboko itsasadarraren ezkerraldean. Idea hori “berreskuratzeko” eta Bizkaiko gizartearen “eskari bat balioan jarteko” unea heldu da.

Horri jagokonez, Zorrotzan “oso egoera txarrean” bizirik irauten dauen eraikina, industrializazioaren ia mende bietan sortu dan ondare materiala eta ez-materiala jasotzeko “eukitzaile duina” izan daitekela defendidu dau Padronesek. Gaur egun Frantziako uriburuko VII Denis Diderot Unibersidadeko liburutegia dan Parisko “urun” eraikin baten egoerea izan zanaren antzekoa dala adierazo dau.

Zorrotzako urun lantegi zaharra izandakoa oso kokaleku “egokia” izango litzateke, higiezin hori “errez” iristeko lekuan dagolako, bai errekatik eta baita lehorretik be. Renferen Aldirietako geltokitik oso gertu dago, eta errepidetik be oso ondo komunikauta dago. “Zorrotzako puntea bizi-barritzeko aktiboa” izango litzateke, Padronesen eretxiz. Dana dala, argi itzi gura izan dau ez dala “itxitzat” emon behar kokaleku hori.

Bizkaiko Batzarretako gainerako taldeak ados agertu dira Aldundiak lurraldean Industriaren eta Teknikaren Museo bat sortzeko eta ezarteko estrategia bultzatzeagaz. Podemos Bizkaia taldearen eretxiz EH Bilduren proposamena “interesgarria eta beharrezkoa” izan dan bitartean, Talde Mistoa Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioaren alde agertu da, espazio barri horretan “zientzia” be sartu daiten, erakusteko elementu moduan.

PP taldeak, bere aldetik, industriaren inguruko museoa sortzearen eta urun eraikin zaharra berreskuratzearen alde agertu arren, zalantzan jarri dau Bilboko auzo horretan dagon higiezina museoaren kokaleku moduan planteetea, eta Ezkerraldean beste aukera batzuk ez aztertzea, eskualde hori “gure industria iraganaren erreferentzia” dalako.

Sozialisten eretxiz, kokalekua “beste bat izan daiteke”, baina euren ustez “garrantzitsua” da daborduko erabilten ez dan Zorrotzako lantegiaren aukerea kontuan hartzea. Dana dala, leku hori “egokia dan” ala ez aztertu beharko da. “Ez dot uste ezkerraldeak plus berezirik daukanik”, adierazo dau Josu Montalbánek. Jane Eyre Urkieta jeltzaleak, bere aldetik, “posible” ikusi dau Aldundiak lurralderako beste museo bat eregiteagaz erlazinautako estrategia definidutea.

GALEAKO ITSASARGIA ETA GOTORLEKUA BALIOAN JARTEA ETA INDUSKETA ARKEOLOGIKEOTARAKO LAGUNTZAK

Beste alde batetik, Talde Mistoaren proposamena kontuan hartuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Foru Aldundiari, Getxoko Udalaren aurrean “interesa agertu daian”, Galeako itsasargiak eta gotorlekuak osatzen daben moltsoa etorkizunean balioan jarteko beharretan laguntzeko. EH Bildu izan da arauz besteko proposamenaren bozketan abstenidu dan bakarra, itsasargiaren eskumena Portuarena dala eta gotorlekuarena, barriz, Udalarena, gogoratuarazoz. Neurriak hartzearen alde agertu dira, baina gotortutako gunearen “erabilera publikoa” bermatuz eta, beti be, iradokizunak jasoteko partaidetzan oinarritutako prozesua zabaltzen bada. Gogoratuarazo dabenez, bere egunean hutsik geratu zan Portuko Agintaritzak bertan jatetxe bat instaletako deitu eban lehiaketea.

Horrez gain, Talde Mistoaren ekimenez, baita be, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deutsie Aldundiari, oraingo honetan aho batez, Foru Erakundeak etorkizunean egin beharreko arkeologia edo paleontologia indusketetarako laguntza espezifikoak hornitzea “aztertu daian”, “abagune teknikoek edo lortutako emaitzek komenigarria dala erakusten dabenean”.