Aurreko Albisteak

Aldundiak gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonei arretea eskintzeko eredu barria aurkeztu dau Batzarretan, "komunidade barruko hartu-emonak hobetuko dituana"

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako diputatu andreak, gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonei arretea eskintzeko foru eredu “barria” aurkeztu dau gaur Batzar Nagusietan. Esan dauenez, “komunidade barruko hartu-emonak hobetuko ditu”, esfortzuak egoitzen ereduan zentretan ebazan egungo ikuspegia gaindituz.

Laespadak adierazo dauenez, eredua “abangoardiakoa eta aitzindaria” da. “Ehuneko ehunean izaera publikoa” izango dauen zerbitzua izango da, eta bere jarduketa eremua “komunidade ingurunean” mobiduko da, hori dalako “leku egokiena” norbanakoari zuzenduta egotea gura dan esku-hartzerako.

Horretarako, Aldundia, Durangon, Getxon, Barakaldon eta Bilbon egongo diran eguneko lau zentroren irekieran oinarrituko da. Horreetako batzuek daborduko zabaldu ditue euren ateak, eta Eskumaldeko zentroari jagokonez, “abenduan” jarriko dala martxan aurreikusten da.

Lehenengoak, Durangon dagon “Etxepel” zentroak, 14 plaza ditu. Bertan, Caritasek, gizarteratze arloko beharrak erantzungo ditu goizeko 09:00etatik aurrera. Astegunetan arratsaldeko 17:00etan itxiko da, eta asteburuetan 15:00ak arte egongo da zabalik. Aldundiak 181.858 euro inbertiduko ditu aurton bertan.

Bigarren zentroa Getxon egongo da, eta, seguruenez “abenduan” jarriko da martxan. Bertan beste 14 plaza egongo dira, aurrekoan moduan, baztertzeko arriskuan dagozan 18 urtetik gorako pertsonei zerbitzua emoteko. Kudeaketea Sortarazi erakundeak hartuko dau bere gain.

Hirugarren lekuan, Laespadak “Bidegerri” eguneko zentroan be eredu barria sartzea aurreikusten dau. Barakaldon dagon zentro horrek 30 pertsonari eskini ahal izango deutse zerbitzua astelehenetik domekara, goizeko 08:30etik arratsaldeko 18:30era astegunetan eta 09:00etatik 17:00etara zapatu, domeka eta jaiegunetan. Maiatzetik abendura, Aldundiak 511.000 euro inbertiduko ditu.

Eta bukatzeko, Foru erakundeak beste baliabide bat aurreikusten dau, oraingo honetan 18 urtetik 24 urtera bitarteko gazteei arretea eskintzeko. Bilbon egongo da, eta IRSE erakundeak kudeatuko dau. Izena “Beinke” da, eta gitxienez zortzi ordu zabalduko ditu egunean. Bertan, Aldundiak 700.000 euro inbertiduko ditu. Lau zentroen arteko handiena izango da ahalmenari jagokonez, 50 plaza izango ditualako.

Laespadak gogorarazo dauenez, maila altuko eta ertaineko gizarte bazterketa arloko foru eskumenek –intentsidade gitxikoak edo lehen arretakoak Udalen esku dagoz legez–, egoera zaurgarrian dagozan pertsonen “autonomia eta ahalduntzea bultzatuko dauen” arretea eskatzen dabe. Horretarako “eguneko zerbitzu horreek” arreta “integrala, pertsonalizaua eta komunitarioa” eskintzea bilauko dabe. “Ez da eguna pasetako lekua izango”, “laguntasuna eskiniko da, pertsona horreek euren bizitzako proiektua berreskuratu daien”, adierazo dau.

Eredu barria “atseginez” hartu daben Batzarretako taldeek egindako galderei erantzunez, Laespadak esan dau horren ezarpenak “ahalik eta arazo gitxien” eragingo dituala egungo sisteman, baina hirugarren sektoreko erakundeei eskaria egingo jake, zerbitzuan arretea emoten daben pertsonek” behar dan titulua eukitea, ez orain arte gertatzen dan moduan”. Zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileei ez jake “erroldan antxinakotasunik” eskatuko, esan dau.

Esan dan moduan, batzarretako taldeek oso ondo hartu dabe eredua. Talde Mistotik, eskintzea norbanakoei zuzenduta egotea bultzatzen dabe, “baina arazoaren jatorria kontuan izanda”, Arturo Aldecoak adierazo dauenez, “erakundeak lagun egiten dauenean taldeak arretea eta arrakastea baldintzatzen ditualako”.

PP taldea “ia osorik” etorri da bat eredu barriagaz. “Ondo iruditzen jaku gizarteratzetik, gizarte ingurunetik eta bizitza independentetik” behar egitea, adierazo dau Eduardo Andrések, kasu batzuetan “egoitzen egiturea beharrezkoa izan badaiteke be”. Holan, eredu barria indarrean sartzean egoitzetako plazak “ez dirala aldatuko” adierazo dau Laespadak.

“Oso albista onak dira”, adierazo dau Podemos Bizkaiako Asun Merinerok, eta ereduaren alde agertu da, “modernoagoa dalako” eta komunidadean oinarritutako filosofiara hurbiltzen dalako. Halanda be, bere eretxiz, trantsizino prozesua “arazo txiki batzuk ari da sortzen” erabiltzaileen eta beharginen artean.

Talde sozialistaren aldetik, Juan Otermin batzordekideak esan dauenez, etorkizuneko eredua “koherentea” da Kartera Dekretuagaz eta Bizkaia Goazen 2030 estrategiagaz. Batzordekide sozialistaren eretxiz, aldaketak “egoitzetan baino pertsonengan gehiago zentrau beharrari” erantzuten deutso. Bere taldea eredu “ausart –legealdiaren erdian aurkezten da–, barritzaile eta abangoardiakoaren” alde “erabat” dagola adierazo dau.

Josu Unanue EH Bildu bozeroaleari, ez jako larregi gustau eredua diseinau “aurretik” saila bere taldeagaz eta hirugarren sektoreagaz hartu-emonetan jarri ez izana. Gainera, kritikau egin dau ereduak genero ikuspegia izatea, oraindino Bardintasunaren inguruko Foru Araua onetsita ez dagonean, eta bere zalantzak agertu ditu Aldundiak plaza bakotxaren %100 ordainduko ete dauen eta Bilbon zentroren bat itxiko ete dan.

Irene Edesa jeltzaleak, bere aldetik, eredua “pertsonengan dagola zentrauta” azpimarratu dau, eta Foru Gobernuak gizartetik baztertuta geratzeko dagozan pertsonen “soslai barrietara” egokitzeko daukan ahalmena txalotu dau.