Aurreko Albisteak

Aldundiak Uri Hondakinen Kudeaketa Planeko helburu "gehienak" beteten ditu

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan lntegralaren (BHHKPI) 2005-2016 hirugarren eta azken barrikuspenaren emaitzak azaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bertan ikusi daitekenez, Estaduak eta EAEk arlo horretan markau dituen 13 helburuetatik lurraldeak 10 bete ditu. Holan, bat baino ez da bete barik geratu, petrolio gordinaren zero isurketarena –aurretik tratamendurik jaso ez daben hondakinen isurketea– hondakindegietara. Beste bi, aparatu elektrikoei eta elektronikoei eta beirazko edukiontziei, paperari, metalei, plastikoei eta egurrari jagokezanak, “modu partzialean” bete dira, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak azaldu dauenez.

Zehatzago esanda, Bizkaiak 527 uri hondakin kilo sortu ditu biztanle eta urte bakotxeko, 2001ean sortutako kopuru berbera, Garapen Iraunkorrerako 2002-2020 Ingurumen Estrategian jasoten danez. Estrategia horretan bertan, hondakindegietara eroaten diran hondakinen ehunekoa 2010an %30era arte murriztea ezarten zan. Gure lurraldean, ehuneko hori %19,1ekoa izan da 2016an.

Bizkaiak bete egin dau pilen, baterien eta akumuladoreen hondakinei jagokenez Estaduak arautu dauena. Bertan ezarten zanez, 2020rako birziklapen tasea %50ekoa izan beharko litzateke, eta 2016an Bizkaian ehuneko hori %80,6koa izan da. Eta bete egin da, baita be, 2016rako, 1995ean hondakindegietara eroaten ziran balioak %25 murrizteko helburua ezarten eban hondakin biodegradagarrien inguruko Estadu mailako araua. Bizkaian, azkenengo murrizketa hori 130.768 tonakoa zan, aurreko urtean lortutako kopurua, 45.625 tonakoa, baino askoz altuagoa. Estaduak %60an ezarri dauen “balorizazino” tasea gainditzea be lortu da (Bizkaian, sortzen diran uri hondakinen %80,9a aprobetxetan da).

Bizkaiko lurraldeak modu partzialean bete ditu Estaduko arautegiak markautako beste helburu batzuk: ez da osorik bete aparatu elektrikoen eta elektronikoen batuketa selektiboa 4,6 kiloraino handitzearena, biztanle eta urte bakotxeko 3,36 kilo bakarrik batzen diralako; eta ez da birziklapen tasaren %60ra heldu beirari eta paperari eta kartoiari jagokenez, %59an eta %54an geratu diralako, hurrenez hurren. Halanda be, metalezko, plastikozko eta egurrezko edukiontzien birziklapenak alde handiz gainditu ditu markautako helburuak.

Markautako erronken artean bete barik geratu dan bakarra petrolio gordinaren zero isurketarena izan da, BHHKPIk berak ezarritakoa. 2004. urtetik hondakindegiaren erabilerea pixkanaka murriztuz joan dan arren –urte haretan sortutako hondakinen %53,8 bertara eroaten zan–, 2016ko %19,1era helduz, arlo horretan oraindino hobera egin behar dogu. Gainera, gogorarazo behar da azkenengo urtean eragina izan dauela Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantan, TMBn, egin dan grebak.

PLANAREN HELBURUAK ETA II. BHHKPI-AREN LUZAPENA

Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan lntegralaren barrikuspenaren alderdi garrantzitsuenetakoa, dokumentu horretan jasotako helburuak betetearen azterketea da. Holan, azpimarratu behar da prebentzinoaren eta barriro erabilteko prestaketaren arloan, pertsona eta egun bakotxeko sorkuntzari 1,13 kilotan eustea lortu dala (hori da, hain zuzen be, 2016an sortu zan kopurua), merkataritza arloko hondakinek 220.000 tona ez gainditzea (igaz 130.018 tona izan ziran) eta uriko hondakinen sorkuntza 697.000 tonatik gorakoa ez izatea (2016an 605.232 tonatan geratu da). Gainera, uriko hondakinen birziklapenaren helburua be gainditu da. BHHKPIk %40an ezarri dau, eta igaz %43,78ra heldu zan.

Baina, konpostatzeari jagokonez, ez gara heldu Europatik markautako %4ko tasara, tasa hori %1,1ekoa dalako. Hori dala eta, neurri gehiago eta jarduketa osagarriak prestauko dira, gitxienez ehuneko horretara heldu ahal izateko. Holan, “urtea bukatu aurretik”, Aldundiak “plan pilotu” gat gura dau martxan jarri Lea Artibain, daborduko prestauta dagozan okela eta arrain hondakinak jasoteko eta, holan, edukiontzi marroira doan hondakinen kopurua handitzeko.

Egindako azterketatik ikusi daiteke Bizkaian aurrera eroaten ari dan hondakinen kudeaketa politikea bat datorrela Europako jarraibideakaz, “hobekuntzarako tartea” egon badagon arren. Eta Europan aldaketak aurreikusten diranez, Aldundiak II. BHHKPIaren indarraldia 2020. urtera luzatzea proponidu dau. Luzapen horren helburua, 2030era arte jarraibide barri horreek markauko dituen erronkakaz bat etorriko dan plangintzea egin ahal izatea da.

GAZTELUGATXERA EGIN DIRAN BISITEN DATUAK

Talde Mistoak eskatu dauen beste agerraldi batean, Gaztelugatxeko Donienek udan jaso dauen bisitarien kopurua eskini dau Elena Unzuetak. Babestutako biotopoak, 73.451 bisitari jaso ditu garagarrilean; 143.219 abuztuan eta 61.871 joan dan irailean. Bisitarien %73,02k baseleizaraino igo eban.

Unzuetak adierazo dauenez, pertsonen joan-etorri horrek ez dau ezelango “bisitari pilaketarik” eragin, baina “arazoak sortu ditu trafikoan”. Dana dala, pertsonen eta ibilgailuen mobimenduak ez dau ezelango eraginik izan biotopoan eta inguruko faunan eta landaredian. “Babestutako inguruneak ez dau ezelango kalterik jasan”, azpimarratu dau.

Une honetan, kanpoko enpresa baten bitartez, Aldundia inguru horretarako plan integrala dabil prestetan. Plan horrek etorkizunean gauzatu beharreko jarduketak ezarri beharko ditu, “Tronu dema” serieko agertoki izan dan Bizkaiko kostaldeko puntu hori babesteko. Halanda be, azkenaldian martxan jarri diran hobekuntzarako hainbat ekintza gogorarazo ditu Unzuetak, informazino bulego bat instaletea; komun publikoak eta garbiketea hobetzea; jarlekuak eta atsedenerako guneak egokitzea; eta ingurumena errespetetan daben materialakaz bideak mugatzea.

ARRETA GOIZTIARREKO ZERBITZUA

Gizarte Ekintzako batzordean, Isabel Sánchez Robles diputatuak agerraldia egin dau Batzar Nagusien aurrean, Talde Popularrak eskatuta, arreta goiztiarreko zerbitzuan (0 eta 6 urte arteko umeei emoten jakena) sartu behar diran aldaketen barri emoteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren moldaketea dala eta.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, urtea bukatu orduko martxan jarri gura dan zerbitzuak “berme gehiago” eskiniko deutsez adinbakoei eta euren familiei. Aldundiak kontzertazino prozesua bukatuko dau, aurretik Administrazino berak “baimendu” dituan zentroakaz.

Formula barriak “sinplifikau” egingo deutsez tramiteak familiei, martxan jarten danetik kasu bakotxaren inguruko informazinoa arinagoa izango dalako zentroen eta Administrazinoaren artean. Arretea, orain arte emon dan “berbera” izango da, baina senideek zentroa “modu librean aukeratu” ahal izango dabe.

Gainera, familiek ez dabe dirurik aurreratu behar izango. Teknikariek tratamenduak agindu ostean, ordainketak zuzenean egingo deutsaz Aldundiak zentroari, eta ez orain arte moduan, familiek terapia ordaintzen eben, eta gero fakturak aurkeztu behar ebezan, ordaindutakoa jaso ahal izateko.

Hornidura ekonomikoari jagokonez, Sánchez Roblesek adierazo dau aurrekontua “handitu ahal izango dala”, beharrak kontuan izanda. “Inor ez da geratuko agindu jakon arreta barik”, adierazo dau.

Sánchez Roblesek gogorarazo dauenez, zerbitzu horregaz Bizkaia “erreferente” bilakatuko da Estadu osorako, orain arte ez dagolako arreta goiztiarraren arloan hain urrun heldu dan beste lurralderik, 2012an Gizarte Ekintzako sailak, Eusko Jaurlaritzako osasun eta hezkuntza zerbitzuakaz lankidetzan lehenengo pausuak emon ebazanetik.