Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako osokoak batzarretako taldeen zortzi ebazpen proposamen onetsi ditu

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak, joan dan asteko Politika Orokorreko saioaren jarraipenak, hain zuzen be, batzarretako taldeek aurkeztu dituen zortzi ebazpen proposamen onetsi ditu. Guztira 22 proposamen ekarri dira gaur Gernikara, saioan eztabaidatzeko. Onetsi diran proposamenetako bi, Foru Gobernua eusten daben taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– alkarregaz aurkeztutako ekimenak dira, eta beste sei talde horreen eta oposizinoko beste talde batzuen artean landutakoak izan dira. Holan, bi Talde Mistoagaz landu dira, beste bi Bizkaiko Talde Popularragaz eta beste bi Podemos Bizkaia taldeagaz.

Batzarretako ekimenek, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak joan dan astean Gernikan landu ebazan gaietako batzuk jasoten ditue. Politika Orokorreko bigarren osokoan, bere gobernuak epe laburrean dituan konpromisoak azaldu ebazan. Saio haretan hartu ebazan erronkei, Bizkaiko Batzarrek gaur onetsi dituen ebazpenak gehituko jakez.

ONETSI DIRAN EAJ-PNV ETA PSE-EE TALDEEN EKIMENAK

Osokoak onetsi dituan ebazpenen artean, Aldundiko gobernua eusten daben talde biek aurkeztu dituen ekimen bi dagoz. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aginduak atara ditue aurrera, alde batetik, Foru Aldundiak Foru Administrazinoaren zerbitzu deszentralizauak bultzatu daizan. Bere ekimenean, eskaria egiten jako Aldundiari “politikak, zerbitzuak, inbertsinoak, azpiegiturak, programak, ondarea… herritarrengana gerturatzea bultzatuko daben ekimenak martxan jarri daizan, deszentralizautako informazino eta partaidetza zerbitzuen bitartez”.

Horrez gain, Batzarrek EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen beste ekimen bat be onetsi dabe, Aldundia Azkue Fundazinoagaz alkarlanean aritu daiten Wikipedian Bizkaia osoaren inguruko “informazino, prestakuntza eta sustapen” lanak egin daizan, euskeraz idatzita, eskualde bakotxean ezagutuarazoz, eta laguntza emonez, herriek euren “Herripedia” gauzatu daien.

AKORDIOAK BESTE TALDE BATZUEKAZ

Gainera, Aldundiko gobernua eusten daben talde biek (EAJ-PNV eta PSE-EE) akordioak lortu ditue oposizinoko hiru taldegaz (PP, Podemos eta Mistoa) ebazpenerako sei proposamen aurrera atarateko, oraingo honetan trantsakzionatutakoak.

EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek akordioa lortu dabe, Bizkaiko Foru Aldundiari, “errepideen etorkizuneko L.S.P.-P.T.S.-aren inguruan egiten ari diran lanetatik sortu daitekezenetatik aparte, lehentasuna emoteko itsasadarraren alde bien arteko bide loturen hobekuntzei, eta baita metro lineen luzapenari be”.

Hiru talde horreek beste proposamen bat sinatu dabe, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan, “aurrera jarraitu daian 2017-2020 Industrializazino Planaren garapenagaz, industria sektorea bultzatzeko helburuagaz, gure Lurraldearen hazkunderako eta garapenerako ardatz estrategikoa eta ezinbestekoa dalako”.

Horrez gain, oraingo honetan jeltzaleen, sozialisten eta Talde Mistoaren ordezkariaren aldeko botoagaz, osoko bilkurak eskaria egin dau, Foru Gobernuak “baliabide teknikoen eta ekonomikoen ikusgaitasuna, sarbideak eta erabilgarritasuna hobetzea balorau daian” Bizkaiko Itsasadar Museoan. Lurraldeko beste kultur gune bati, Arte Ederren Museoari, jagokonez, hiru taldeen eretxiz beharrezkoa da Bilboko museoa “etorkizunean handitzeko dagozan aukerak aztertzen eta baloretan jarraitzea”.

Eta, bukatzeko, Aldundia bultzatzen daben talde biek akordio bi lortu ditue Podemos Bizkaia taldeagaz, kalidadeko enplegua bultzatzeko eta Gaztelugatxeko Doniene inguruan hainbat jarduketa sustetako. Holan, hiru taldeek apustua egin dabe, Aldundiak enplegu egonkorra eta kalidadekoa berreskuratzeko beharrean jarraitu daian “langabezian dagozan pertsonen trebakuntzarako eta birgaikuntzarako ziklo osoko programen bitartez”. Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deutsie Foru Gobernuari, andrazkoei zuzendutako “trebakuntza eta birgaikuntza programak” martxan jarri daizan.

Gainera, Batzarretako hiru taldeek apustua egin dabe, Aldundiak hainbat jarduketa sustau daizan Gaztelugatxeko Doniene inguruan: “Eneperitik oinezkoentzako bidea egitea; baseleizara heltzeko tarteak barriztetea; Ermutik joateko zoladura konpontzea; eta beheko plataforman dagon txabolea botatea”.

ONETSI EZ DIRAN EKIMENAK

Dana dala, osokoak ez ditu onartu oposizinoko taldeek aurkeztutako beste 14 ekimen (2 Talde Mistoarenak; 2 PP taldearenak; EH Bilduk aurkeztu dituan 5ak eta Podemos Bizkaiaren beste 5). Horreen artean azpimarragarriak dira EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP taldeek aurkeztu dituen hainbat ekimen, etorkizuneko erreforma fiskala negozietako. “Denpora gitxi barru” Batzar Nagusiak “gure sistema fiskala hobetzeko neurriek eztabaidauko ditue”, jakinarazo dau Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzaleak, bere taldeak fiskalidadearen inguruko eztabaidea zabaltzearen kontra erakutsi dauen jarrerea azaltzeko, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak eskatzen eben moduan, edo, PP taldeak eskatzen eban moduan, Aldundiak Soziedadeen Zergaren erreformea zuzenean aurkezteko “zergaren tasak lurralde komunean dagozan mailen parean jarteko”.