Aurreko Albisteak

Euskal Museoko klaustroaren estalgia datorren urtearen hasierarako egongo da prest

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputatu andrea Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da gaur, berak eskatuta, “Euskal Museoaren klaustroa estaltzeko” proiektuaren barri emoteko. Azaldu dauenez, estalgia 2018ko “urtarrilean edo otsailean” egongo da amaituta.

Alde Zaharrean dagon museoko erdiko patioa eguralditik babesteko zabaldu dan idea lehiaketara “20 proiektu” aurkeztu dira. Bilbaok azaldu dauenez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko kideek, Aldundiak, Bilboko Udalak eta “kanpoko” arkitektoek osatutako epaimahaiak, “inbasiboa ez dan” proposamena aukeratu dabe. Soluzino horrek, beste gauza batzuen artean “Mikeldiko idoloa” babestuko dau. Diputatu andreak baieztu dauenez, hurrengo pausua, “hilebete eta erdian” plegu teknikoak argitaratzea izango da, geroago proposamen irabazlean jasoten dan estalgia eregiteko eta instaletako.

Bizkaiko Batzarretako Euskera eta Kultura batzordean Euskal Museoaren estalgiaren inguruan dagozan desadostasunak azaldu dira barriro be. EH Bilduk kritikau egin dau idea, bere eretxiz oso esku-hartze “indartsua dalako, babes berezia daukan eraikinaren balioen kontrakoa”, hain zuzen be. David Lopategi batzordekideak, “ondarearen kontrako delitu posiblearengaitik” epaitegi batean aurkeztu dan salaketaren inguruan galdetu deutso diputatuari.

“Modu ofizialean”, Aldundiak ez dau salaketa horren “ezelango jakinarazpenik” jaso, Bilbaok adierazo dauenez, eta, dana dala, diputatuak Museoaren patronatuak hartu dauen erabagia defendidu dau, estalgia eregiteko zergaitiak “ez diralako aldatu”. Foru erakundea “trankil” agertu da, proiektua Arkitektoen Elkargoaren “eskutik joan dalako”.

GUGGENHEIM-EKO BOLUNTARIOAK

Podemos Bizkaiak eskatu dauen beste agerraldi batean, Euskera eta Kultura diputatu andreak Bilboko Guggenheim museoko “29 boluntarioen” beharra defendidu dau. Boluntarioak “32 eta 80 urte artekoak” dira. Bere esku hartzean ezeztu egin dau pertsona horreek –horreetatik “%86” andrazkoak– beharginen beharrak “egiten” dituenik, Elsa Pamparacuatro talde moreko ordezkariak iradoki dauen moduan.

Podemos Bizkaiak adierazo dauenez, “behar bada” Aldundiak “barriro planteau beharko leuke” boluntarioek egiten daben beharra, horreen egitekoak ordaindutako beharginek egin ahal daiezan, eta gehiago oraindino igaz “20 pertsonak” Bilboko museoan egiten eben beharra galdu ebela kontuan izanda, Bilboko kultur gune horretako kanpoko beharginen berregituraketaren ondorioz.

Boluntarioek egiten daben beharra eskertu eta gero, Bilbaok adierazo dau Guggenheim museoa 2000. urtetik ari dala laguntzako figura hori erabilten, “Kultur arloko boluntariotzaren 18/98 Euskal Legeagaz” bat etorrita. Podemos taldea kritikau egin dau, talde horren beharra zalantzan jarteagaitik, bere esanetan “laguntza puntualeko egitekoak” baino ez ditualako gauzatzen, eta horrek ez dauelako “ezelango aurrezpenik” eragiten museorako. Boluntarioaren beharra, euskal kulturan sustraituta dagon “auzolanean” oinarritzen da, behar hori egiten dauenaren “aberastasun eta garapen pertsonala dakarren” ezelango interesik bako egiteko soziala, Bilbaoren esanetan.

BULTZADEA ITSAS-AROZGINTZARI

Saio berean, Euskera eta Kultura batzordeak aho batez onetsi dau Talde Mistoaren arauz besteko proposamena, agindua emoteko Eusko Jaurlaritzari, “Euskadiko itsas-arozgintzako teknikak Kultur Intereseko Ondare izendatzeko aukerea aztertu eta sustatu daian”.

Itsas-arozgintza “gure historiaren parte” da. “Garrantzitsua” da Bizkaian legezko babesa egotea, beste Autonomia Erkidego batzuek egin daben moduan, ondare hori “berreskuratu eta bultzatu” ahal izateko. Hori da “hoberena” itsas eraikuntzako modu hori “hemendik 30 urtera berreskuratzeko”, Arturo Aldecoak azaldu dauenez.

Talde Mistoaren ordezkari bakarraren ekimenak Euzko Abertzaleak taldearen, Euskal Sozialistak taldearen eta Bizkaiko Talde Popularraren aldeko eretxia jaso dau.

Proposamena eztabaidatu aurretik EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek saioa iztea erabagi dabe, barikuan egindako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean izandako gertakaria salatzeko. Talde Mistoaren ordezkariak defendidu dituan bi puntuetan batzordeetako aretotik joatea erabagi dabe, talde horreen eretxiz, Aldecoak Meritxell Elgezabal batzordekideagaz erakutsi eban jarrera “matxistea” salatzeko.

GARRAIO BATZORDEA

Euskera eta Kulturako batzordearen saioaren ostean, Batzar Nagusiek normaltasunez egin dabe Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordearen saioa. Bertan aho batez onetsi da Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat, Aldundiak, asteburuetan 3129 linean (Santurtzi- Gurutzeta- Lutxana) laugarren autobus bat ezarteko azterlana egin daian.

Elsa Pamparacuatro Podemos taldeko batzordekideak azaldu dauenez, bere ekimenak Bizkaibuseko eskaria jasoten dau. Eskari hori Batzarretako taldeei helduarazo jaken Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzorde batean. Batzorde horretan gidaritzako beharginek azaldu ebenez “oso gaitza da” ibilpidearen “45 minutuetan” ibilpide horretan dagozan hogeita hamar geraleku inguruak egitea. Denpora horrek “arriskuak eragin daikez erabiltzaileentzat, eta baita beharginentzat be, atseden faltarengaitik”.

Beste alde batetik, taldea moreak ez ditu behar besteko boto lortu arauz besteko beste ekimen bi aurrera aterateko. Proposamen horreetan eskaria egiten zan Bizkaibusen zerbitzua hobetzeko Urdaibaiko eskumaldeko herrietan (Kortezubi, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu eta Elantxobe) eta Bilbo eta Zamudioko Parke Teknologikoa lotzen dituan A3250 linean. Jeltzaleek eta sozialistek datuak erabilita erakutsi dabenez, kasu bietan zerbitzua “bat dator” dagon garraio eskariagaz.