Aurreko Albisteak

San Antonioko barrutia Busturiaren esku izteko Aldundiak egin dauen proposamenak beste tramite bat igaro dau Batzar Nagusietan

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak argi berdea emon deutso Aldundiak aurkeztu dauen proposamenari. Bertan San Antonioko barrutia kendu eta eremu hori Busturiaren esku izten dau, 2016ko zemendiaren 23ko Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenaren (EJEG-TSJPV) autoa beteteko. Aldeko 3 botogaz (Talde Mistoa eta Podemos) eta 13 abstentzinogaz (EAJ-PNV, PSE, PP eta EH BILDU) erespena osoko bilkurak berretsi beharko dau.

Hartutako konponbideak, osoko bilkuran onesten bada, ondorioak izango ditu Sukarrietako udalerrian, San Antonioko lurrak galduko ditualako Busturiaren alde. Aplikazino igarokor moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak konpentsazinoko neurri ekonomikoak gehitu ditu Batzar Nagusietan aurkeztu dauen proposamenean.

Foru Aldundiak egin dauen proposamenean, barruti horretan dagozan establezimenduen Jarduera Ekonomikoen Zergatik, udan salmenta postuak edo kioskoak instaletako emakidetatik eta biztanleriaren galeran, azaleraren galeran eta San Antonioko Hondartzara joatean eragina daben Udalkutxaren banaketarako erespideetatik sortutako hurrengo bost urteetako diru-sarrerak Sukarrietako Udalari ordaintzea proponiduten da.



GIZARTE EKINTZAKO LANTALDEA INDARTZEA 2018RAKO


Batzorde berean, eta EH Bilduk egin dauen galderari erantzunez, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak adierazo dau Aldundiak gauzatu dauela daborduko Funtzionarioen 2016ko Akordioak Gizarte Ekintzako arloan lanpostuak sortzeko jasoten dauen azterlana.

“Laneko kargek gora egin dabela” adierazoten dauen azterketa horretan oinarrituta, berak zuzentzen dauen sailak 2018an sail horretako lantaldea handitu egin beharko dala adierazo dau diputatu andreak. 2017an Aldundiak “10 pertsona” kontratau ebazan aldi baterako, sail horren beharrak beteteko.

Bengoetxeak adierazo dauenez, datorren urtean eskiniko dan plaza kopurua sindikatuakaz adostu beharko da. Kontratazino beharrak “psikologia, medikuntza eta gizarte lan” kategoriatan dagoz, azpimarratu dau.


AZPIEGITURA ARLOKO EKINTZAK

Saio berean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak agerraldia egin dau, Talde Mistoak eskatuta, talde horren eretxiz Bizkaiak hurrengo urteetan egin behar dituan “errepideetako obra eta azpiegitura handiak” zehazteko.

Foru Ogasunak abuztura arte diru bilketan izan dauen “%14,9ko” hazkundea ikusita, Aldundiko agintari nagusiak azpiegituren arloan “erabagiak hartzeko unea dala” onartu dau. Gauzatu beharreko proiektuen artean, Foru Gobernuak hiru ekintza daukaz esku artean: Ibaizabal itsasadarraren aldeen arteko loturea hobetzea –“Arrontegiko zubiaren anaia”–, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren bigarren fasea eta aireporturantz eta Galdakaorantz joango dan trenbideari bultzadea emotea.

Dana dala, Rementeriak adierazo dauenez, arlo horretan bi klabe kontuan izanda jardungo da: “ordaindu daikeguzan azpiegiturei ekitea” eta azpiegitura horreek “herritarren bizitza kalidadea hobetzeko baliagarriak izatea”.

Ahaldun Nagusiak azpimarratu dauenez, erabagiak hartu aurretik, bere gobernuarentzat “oso garrantzitsua” da Batzar nagusietan Errepideen Lurralde Sektore Plan barriaren inguruan aurrera eroaten ari dan txostenetik sortuko diran ondorioak ezagutzea. “Oraindino ez dago ezer erabagita”, azpimarratu dau.


DEIADAR MENDIAK

Bukatzeko, batzordeak ez dau onartu Talde mistoaren arauz besteko proposamena, Aldundiari eskaria egiteko, Deiadar mendien goikaldean edo inguruko lekuren batean, Batzar Nagusietarako deiak “deiadarren eta suen” bitartez gogoratu arazoteko “leku egokiren bat” atontzeko. Bizkaiko Batzarretako gainerako taldeek ezezko eretxia azaldu dabe, euren eretxiz Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen daben ekitaldia “ondo planteauta” dagolako. Gogorarazo dabenez, sua bizteak “legeagaz eta ingurumenagaz” erlazionautako arazoak sortu daikez.