Aldundiaren eretxiz BECen kudeaketea "bikaina" izan da, eta 2020. urtera arte indarrean egongo litzateken beste plan estrategiko bat iragarri dau
Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatua EH Bildu taldeak eskatuta etorri da gaur Batzar Nagusietara, Bilbao Exhibition Centrek (BEC) azken urteetan egin dauen kudeaketearen balorazinoa egiteko eta Barakaldon dagon Azokak epe laburrean dituan erronkei buruzko informazinoa emoteko. Erakundearen “plan estrategikoa” eta 2014an bultzatu ziran “talka” neurriak ikusita, Aldundiko arduradunaren eretxiz, emaitza “bikaina” da. Une honetan, BEC beste plan estrategiko bat ari da prestetan, urte biko epealdiagaz. Seguruenez, datorren garagarrilean egingo dan Administrazino Kontseiluan onetsiko da.
Bilbao Exhibition Centrek Lehiakortasun eta Iraunkortasun Plana ezarri eban 2013an. Plan horrek negozio eredu barria ezartearen aldeko apustua egiten eban eta, modu osagarrian, geroago talka plan bat apliketan hasi zan, emaitza operatiboak hobetzeko. Pradalesen berbetan, neurriek helburu “nagusia” lortu dabe, hau da, “dirurik ez galtzea”. Holan, BECek "278.000 euroko" ustiapen emaitza positiboak lortu ebazan 2016an, 2010ean, erakundea 4.341.000 euroko zenbaki gorrietara eroan eben zifrei buelta emotea lortuz.
Pradalesek beste zifra eta gertakari batzuk be erabili ditu bere eretxia oinarritzeko. Adierazo dauenez, “amortizazinoak eta finantzetako kostuak murriztea” lortu da, eta, horri esker, 2016. urtea “saneauta” dagon balantzeagaz amaitu da, zorra “297 milioi euroraino” murriztuz. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, talka planaren gauzatze mailea “%100ekoa” izan da. Gertakari azpimarragarrien artean gastuen egokitzapena, barriztau dan hitzarmen kolektiboa edo “emaitza onak” emon dituan espazioen alokairurako plana egon dira.
BEC, “krisiaren aurretik ezagutu ez dan mailan” dago gaur egun. Azoka kopuruak “%35” egin dau gora 2012tik urte bikoitietan, eta “%43” urte bakoitietan. Horrez gain, ekitaldi kopuruak be “%44” egin dau gora, “2012ko 101 ekitaldietatik 2016ko 145era pasatuz”. Hazkunde azpimarragarriena Bizkaia Arenaren ekitaldietan erregistrau da, igaz “inoizko mailarik altuena” erakutsi dabe-eta, lau urtetan “%257ko” igoerea lortuz.
Abagune ekonomiko onak bultzatuta, BECek “%80” murriztu ebazan okupazinorik bako egunen kopurua, eta fakturazinoak “%30” egin eban gora. Antzeko ehunekoa erakutsi eban erakusleen kopuruak, urte batetik bestera. 2015ean “4.188” izan ziran, eta 2016an, barriz, “5.400”.
Datu horreen bitartez, Pradalesek “balioan jarri” eta “jende guztiaren aurrean defendidu” gura izan dau azpiegitura hori, “balio erantsia dalako lurralderako, kanpokoak erakarteko eta herritarren gozamenerako”. “Hurrengo belaunaldietarako” azpiegiturea dala eta “modu globalean, epe luzean” balorau behar dala konturatzeko eskatu deutse oposizinoko taldeei. Plan estrategiko barriaren erronken artean, “urte bakoitietan eragin positiboa lortzea –Makina erremintaren biurtekoa urte bikoitietan egiten da– eta jarduerari jagokonez hobera egitea” azpimarratu ditu.
BATZARRETAKO TALDEAK
EH Bilduko Joseba Gezuragak, Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordera etortea eskatu dauen batzordekideak, “bidea guri esker zuzendu dala” azpimarratu dau, bere taldeak behin eta barriro eskatu eutsalako Aldundiari “txarra zan kudeaketea” zuzentzeko. Bere eretxiz emaitzak “arruntak” dira. Koalizino abertzaleko batzordekidearen eretxiz, oraindino hobekuntzarako tartea dago “espazioen alokairuen arloan”.
Arturo Aldecoak (Mistoa) “zuhurtasuna” eskatu dau, emaitzak abagune ekonomikoaren mende dagozalako. Jesus Isasik (PP), bere aldetik, kudeaketea “ez dala egokia izaten ari” adierazo dau, eta Euskalduna Jauregiaren eredua “errepiketea” eskatu du. Batzordekide popularrak kritikau dauenez, BEC “gero eta diru gehiago kostetan jaku egunero”, eta plan “serioa eta zorrotza” egitea eskatu dau. Bere datuek erakusten dabenez, “azoka profesionalak dira gora egiten daben bakarrak”, ez publikoak, eta okupazino handiagoari jagokonez, bere eretxiz, horren errazoia, “muntaketarako egun gehiago” erabilten dirala da, igaz “116” izan ziralako.
Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, erakundearen 2016ko auditoria txostena aitatu dau. Bertan, “20 milioi euroko galerak” aitatzen dira. Neskutz Rodríguez bozeroaleak kritikau dauenez, hornitzaileei egiten jakezan ordainketak legeak eskatzen dauen epearen gainetik dagoz, eta Aldundiak 17,5 milioi euro jarri ditu. Dana dala, ontzat jo ditu Ogasunak jasoten dituan “11 milioi euroak”. BECeko lantaldeari jagokonez, 68 beharginetatik “39” zuzendaritzako postuak izatea kritikau dau. “Indio baino buruzagi jefe dago”, esan dau.
Aldundia eusten daben talde biek –EAJ-PNV eta PSE-EE– ontzat emon ditue emaitzak. BEC, “gurutzaldi-abiadurea lortzeko denpora behar dauen transatlantikoa” da, esan dau Juan Otermin sozialistak. Horrez gain, “itxuraz kalamidadezkoa zan egoereari bueltea emotea lortu da”.
EAJ-PNVk, EH Bilduren aintzatespenagaz “geratzea gura izan dau”, talde horrek bere buruari “dominatxoak” jarri izana kritikauz. María Presa jeltzaleak esan dau penagarria dala oposizinoak, gurata, zorraren datuak eta ustiapenaren emaitzak nahastea, eta horren ostean emaitza “onak” txalotu ditu, BECek “92 milioi euroko” eragin ekonomikoa izan ebala ahaztu barik.
MUNIBE LUR-SAILA BALIOAN JARTEKO AZTERLANA
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onetsi dau Talde Mistoaren proposamena, Munibe lur-saila eta bertako eraikinen balizko bereoneratzeaz “azterlan” bat “prestau” daiala eskatzeko Aldundiari.
Emari baten bitartez, Foru Aldundiak bere esku hartu eban bere egunean Etxebarria eta Markina-Xemein artean dagon lur-saila, eta Arturo Aldecoa batzordekideak adierazo dauenez, 2003an aurreproiektu bat egin eban, birgaitzeko eta egokitzeko. Lur-saileko larreek eta eranskinek 2018ra arteko aprobetxamendua daukie emonda, eta gaiari barriro ekiteko “unea” da.