Aldundiak adimen urritasuna daukien pertsonei zabalduko deutse aurton bere enplegu publiko eskintzea
Ibone Bengoetxea Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako diputatu andreak, Abellanedan egin dan Batzar Nagusien kontroleko osokoan gaur jakinarazo dauenez, Aldundiak, urte honetarako enplegu publiko eskintzearen barruan, “E sailkapeneko taldeen barruan plaza kopuru jakin bat adimen urritasuna daukien pertsonentzat erreserbetako” asmoa dau, “kolektibo horri zuzendutako aukeraketa prozesuak aurrera eroateko”.
Bengoetxeak, Bizkaiko Talde Popularrari emondako erantzunean iragarri dau hori. Talde Popularrak, urritasuna daukien pertsonentzat erreserbauta dagon enplegu publiko ehunekoaren inguruan galdetu deutso. Javier Ruiz PP taldearen bozeroaleak adierazo dauenez, Aldundia indarrean dagon legedia betetetik “oso urrun” dago, enplegu eskintzen %7 kolektibo horretara zuzenduta egon beharko litzatekelako.
Bengoetxeak guzurtau egin dau ezelango ez beteterik dagonik, eta Aldundiak legedia “oso-osorik” beteten dauela adierazo dau, beharginen ehunekoari jagokonez, legeak adierazoten dauenez lantaldearen %2k zelanbaiteko urritasuna izan behar dauelako, eta baita hutsuneen hornidurati jagokonez be. Azken horretan bai, beharrezkoa da %7ra heltzea. Diputatu andreak adierazo dauenez, penagarria da PP taldea “nahasten” ahalegintzea, gai biak nahastuz, eta, gaur egun, Foru Aldundiko lantaldearen “%2,77” kolektibo horretakoa dala esan dau.
HOBEKUNTZAK ERREPIDEETAN 2018AN
Kontroleko saio berean, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatuak, errepideen arloko hainbat jarduketa iragarri ditu 2018rako. Jarduketa horreek hobetu egingo dabe La Avanzadako eta Balmaseda eta Karrantza arteko BI 630 errepideko trafikoa.
La Avanzadan “egunero egoten diran trafiko pilaketak” konpontzeko “neurriak” martxan jartea eskatzen eutsan PP taldearen erantzun-eskeari erantzunez, diputatuak adierazo dauenez, errepideko pilaketetarako konponbidea “2018ko bigarren hiruhilekotik aurrera” hasiko da gauzatzen, Kukularrako bidekurutzean “errepideko mikrokirurgia” egingo dalako. Jarduketa horretara “14 milioi euroko” inbertsinoa bideratuko da. Jarduketa horri beste esku-hartze bat gehituko jako Gurutzetako Trukagunean, 2 milioi euroko aurrekontua izango dauena. Jarduketa biei esker, "150.000 ibilgailu” hartzen dituan errepidearen ahalmena handitu ahal izango da. PPko Jesus Isasik, epe laburrean “neurri aringarri merkeagoak” bilatzeko eskatu dau.
Beste alde batetik, Podemos Bizkaia taldeak, Enkarterri barrindartzeko Aldundiak azpiegituren arloan egingo dituan esfortzuen inguruan galdetu dau, Neskutz Rodríguez bozeroalearen eretxiz, eskualde hori “bigarren mailakoa” balitz moduan tratetan dalako. Pradalesek iragarri dauenez, 2018. urtearen hasieran, Balmaseda eta Karrantza arteko BI 630 errepideko lehenengo tarteari jagokozan beharrak hasiko dira. Berak zuzentzen dauen saila, Malabrigo-Traslaviña lehenengo tartearen proiektua idazten ari da. Tarte horren lizitazinoa datorren urtearen “lehenengo hiruhilekoan” egingo da, “4,5 milioi euroko” aurrekontuagaz.
Diputatuak adierazo dauenez, “2018ko laugarren hiruhilekoan” egingo da bigarren tartearen tramitazinoa (Traslaviña-Turtziozeko mugea) eta, aldi berean, hirugarren tartearen (Turtzioz-Karrantza) eraikuntza proiektua idazten hasiko da. Guztira, Aldundiak “15 milioi euro” inbertiduko ditu, egunero "2.130 ibilgailuk” erabilten daben 23,5 kilometroko errepide “bihurgunetsuan”.
CEL TALDERAKO KONPONBIDE BILA
Osokoari bukaerea emoteko, EH Bildu taldeak, Zallan eta Güeñesen (Bizkaia) eta Artziniegan (Araba) lantegiak dituan CEL taldearen itxierea saihesteko Aldundiak aurrera eroango dituan ekintzen inguruan galdetu dau. Lantegi horreetan “244 behargin” ari dira. Horreetako asko Batzarretxearen kanpoaldean egon dira kontzentrauta.
Aldundiaren izenean, Pradalesek “laguntza eta gertutasun osoa” erakutsi deutse beharginei, eta Foru Aldundia beti inplikau dala Enkarterriko jarduera industrialari eusten gogorarazo dau.
Aldundia, konkurtso administratzailea zein izango dan ezagutzeko “zain dago”, enpresak “borondatezko konkurtsoa” aurkeztu ebalako joan dan bagilaren 21ean Gasteizen, bere jarduerea ixteko. Foru Aldundiak badaki badagozala CEL Technologies&Systems enpresaren aurrean “interesa” erakutsi daben “enpresak eta inbertitzaileak”, “etorkizunean posible izan daiteken edozein aukera aztertzeko informazinoa eskatu dabelako”.
Pradalesek adierazo dauenez, gainera, Foru Aldundiak “alkarrizketarako bide guztiak” zabalik ditu Eusko Jaurlaritzagaz, Enpresa Batzordeagaz, ikututako udalakaz eta enpresaren zuzendaritzagaz, Enkarterriko eskualdean enplegua eta jarduerea bermatuko dauen konponbide “iraunkorra” bilatzeko.
LGTB+ KOLEKTIBOEI LAGUNTZEA ERAKUSTEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA
Osokoa hasi aurretik, Bizkaiko Batzar Nagusiek Erakunde Adierazpena adostu dabe, LGTB+ kolektiboen Nazinoarteko Eguna dala eta. Bertan, kolektibo horreen “diskriminazinoaren kontrako eta ikusgaitasunaren aldeko burrukan parte aktiboa izateko” konpromisoa erakutsi dabe. (ikusi erantsitako agiria).