Aurreko Albisteak

Euskadiko Gerra Zibilaren azken hilebeteen inguruko ikuspegia

Enkarterri izan zan Gerra Zibileko azkenengo euskal erresistentziaren agertokia. Bilbo jausita, Enkarterriko eskualdeak bi hilebetez –1937ko bagilaren bukaeratik abuztuaren bukaerara–, alderdi frankistaren aliauak ziran Italiako eta Alemaniako hegazkinek eragindako 300 bonbardaketa baino gehiago jasan ebazan, gure herriko beste leku batzuek aurretik jasan eben moduan. Orain arte, gertakari horreek, bizirik iraun ebenen oroitzapenean baino ez egozan eta, gainera, berba egiteko bildurrak lurperatuta. Urtebete baino gehiago iraun dauen ikerketa lanaren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak, gertakari tragiko hareek ahanzturatik berreskuratu ditu, eta Enkarterriko Gerra Zibilaren gaineko lehenengo ikuspegi orokorra zabaldu dau2018ko martira arte. Erakusketaren izenburua “Itxaropena iñoiz ez da galtzen. Enkarterri. 1937. Gerra zibilaren azken hilabeteak Euskadin” da.

Izan be, gaur bertan, bagilaren 22an, larogei urte igaro dira Abellanedako Batzarretxean Euzko Gudarosteko batailoietako ofizial guztiak alkartu ziranetik, gerraren etorkizunaren inguruko erabagiak hartzeko. Bilera haretara joan ziranen arteko inork ez eban pentsauko Enkarterri –aurretik Durango, Gernika edo Bilbo izan ziran moduan– abiazino faxistaren II. Mundu Gerrarako entseguen agertokia izango zanik. Euren erasoetan, Francoren aliauek ehundaka hildako eragin ebezan Muskiz eta Lanestosa artean.

Gerraren lehenengo hilebeteetan, Enkarterriko biztanleek Gerran izan eben partaidetzea, Bizkaiko fronteetan burrukan egozan gudarien eta milizianoen, lantegi militarretan behar egiten eben emakumeen eta gizonen, eta osasuneko zerbitzuetan, aterpetxeen eraikuntzan edo milaka errefuxiatuen harreran jarduten eben personen esku egon zan. Baina, egun horretatik aurrera, Bizkaiko uriburua frankisten esku jausi –bagilaren 19an– eta egun gitxira, Enkarterri gerrako fronte bilakatu zan, eta holan jarraitu eben, eskualdeko azkenengo herri biak jausi arte, abuztuaren 24an: Karrantza eta Lanestosa.

AGIRRE LEHENDAKARIAREN TURTZIOZEKO ADIERAZPENA

Burrukaz betetako asteak izan ziran, eta Enkarterriko herriek bonbardaketak, tropen mobimenduak, sartu-urtenak, errepresinoa… jasan eben. Dana dala, hori guztia ahaztuta edo estalduta geratu zan, biztanle gehiagoko Euskal Herriko beste herri batzuek jasan ebezan tragedien ondorioz. Giro haretan, lehenengo Eusko Jaurlaritza Turtziozera aldatu zan, eta bertan idatzi eban Jose Antonio Agirre Lehendakariak Turtziozeko Adierazpen ezaguna, euskal herriaren askatasuna aldarrikatuz. Egun gitxi geroago, garagarrilaren hasieran, Enkarterriko ekialdea okupau eben, eta fronteko lerroa Kolitza eta Alen mendien artean ezarri zan. Azkenean, fronteak amore emon behar izan eban, eta Euskadiko azkenengo lurralde librea okupauta geratu zan.

Erakusketak hori guztia eta askoz be gauza gehiago jasoten ditu: tropen joan-etorriak, jasandako bonbardaketak, okupazinoa edo Enkarterriko biztanleen alkartasuna, euren etxeetan inguruko lurraldeetatik eta eskualdeetatik etorritako 200.000 errefuxiatu hartuz. Garai haretako argazkiak, pieza belikoak, planoak, jantziak, tresnak, dokumentu ofizialak edo egunkariak dira, beste batzuen artean, bisitaria 1937ko uda tragiko haretara eroango dauen erakusketa-kontakizuna, osatzen dabenak.

LEKUKOEN ABOTSA

Oroimen historikoa berreskuratzeak leku garrantzitsua beteten dau erakusketa horretan. Erakusketak txoko bat gordetan dau garai haretako protagonisten ekintza gogoangarriak eta zoritxarrak ezagutuarazoteko. Enkarterrietako Museoak garai haretako 50 lekukotza lortu eta bideoan editau ditu. Lekukotzok tropen igarotzeez, biztanleria zibilaren gaineko bonbardaketez, trintxerez, goseteez, beharrez eta gatazka politikoez egiten deuskue berba, baina baita alkartasunaz eta burrukaz be. Ez da ahaztu behar ia baserri eta etxe guztiek jaso ebezala indar frankistek bultzatuta euren herriak itzi behar izan ebezan Gipuzkoako eta Bizkaiko herritarrak. Gerrako umeen dramea, emakumeek bete eben lekua, errazionamendua edo erregimen totalitarioa atoan indarrean sartuko zala ikusten eban gizartearen bildurra be erakusten da.

Jasotako lekukotzez gain, Enkarterrietako Museoak gehiago sakontzen dau garai haretan, hainbat adituren ikuspegi historikoaren bitartez, Xabier Irujo, Aitor Miñambres, Iñaki Goiogana, Ascensión Badiola, Javier Barrio, Iosu Gallarreta, Javier de la Colina edo Federico Rodríguez, beste batzuen artean. Italiako hainbat artxibategi bisitau da, informazinoa jasotzeko, eta Sabino Arana Fundazinoaren, Euskal Museoaren, Museo Memorial Cinturón de Hierro izenekoaren eta Biasteriren Adiskideen Alkartearen laguntzea jaso da, beste kultur zentro batzuekaz batera.

ARGITALPENA ETA JARDUERA PARALELOAK

Erakusketea osatzeko, Enkarterrietako Museoak liburu bat argitaratu dau, izenburu berberagaz. Liburuaren 300 orrialde baino gehiagoetan, Gerra Zibilean Enkarterrin gertatu zanaren ikuspegi zabalagoa jasoten da, isiltasuna eta ahanzturea nagusi izan ziran urteak gaindituz. Argitalpenak, Enkarterriko Gerra Zibilaren gaineko lehenengo azterlan handia izan gura dau, eta baita abiapuntua be, holango lanak egiten jarraitzeko, orain arte egindako herri mailako beste batzuri (Balmaseda, Portugalete edo Barakaldo) edo arlo horretan beharrean jarraitzen daben ikerlariei laguntzea emonez.

Urtean zehar, Enkarterrietako Museoak hainbat motatako jarduerak egingo ditu (hitzaldiak, ibilpide kulturalak, dokumentazinoa eta oroimen historikoa berreskuratzeko ekintzak, jarduera pedagogikoak, etab.). Jarduera horreek guztiek aurrera jarraituko dabe orain arte Enkarterrin ahaztuta egon dan gure historiaren parte hori berreskuratzeko.