Bizkaiko Batzar Nagusiek Getxo eta Bilbo artean, itsasadarreko errepidean, bidegorri bat eregiteko egin beharreko lanetan "gidaritzea" izateko eskatu deutsie Portu Agintaritzari
Gaur Gernikan alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak mozino bat onetsi dau, Bilboko Portu Agintzaritzari “eskaria egiteko”, “gidaritza lana egin daian, eragindako udalen, Getxo, Leioa, Erandio eta Bilboren, eta Sustapen Ministerioaren artean”, itsasadarreko BI 711 errepidean bidegorri bat eregi daian. Bizkaiko Talde Popularrak planteau dauen ekimenak Batzarretako gainerako taldeen aldeko botoak jaso ditu, abstenidu egin dan EH Bildurenak izan ezik.
Jesús Isasi popularrak administrazino publikoen arteko “lankidetzea” eskatu dau, Asier Atutxa Bilboko Portu Agintaritzaren arduradunak, batzordean egindako agerraldian, Batzarretako taldeen aurrean aurkeztu ebazan lau alternatibetakoren bat aurrera eroan ahal izateko. Gogorarazo dauenez, bidegorria egiteko inbertsino merkeena 100.000 eurokoa izango litzateke, eta garestiena, barriz, 24 milioi eurokoa.
Bere mozinoa defendiduteko orduan, PP taldeko batzarkideak gogorarazo dau errepidearen zati nagusiaren titulartasuna Portu Agintaritzarena dala. Dana dala, adierazo dau, baita be, erakunde hori ezin dala lanez arduratu, ez dagozalako Bilboko Portuaren jarduerara zuzenean lotuta. Hori dala eta, Sustapen Ministerioak egin beharko leukez. Erakunde horrek Bilbori eta Getxori laga deutsez daborduko udalerri horreei jagokezan tarteak –880 metro– baina ez Erandio eta Leioa zeharkatzen dituenak.
EAJ-PNVk adierazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundia Gobernu zentralagaz eta bidegorri horren trazauaren eraikuntzak eragindako udalakaz “lankidetzan” aritzeko prest dago, errepide hori bere eskumenen barruan ez dagon arren. Sozialistek, euren aldetik, bidegorria egitea “egin gura eta ahal dala” esan dabe, eta eraikuntzea “desadostasunerako zergaitia” ez izatea eskatu dabe.
EH Bilduren aldetik, barriz, Sustapen Ministeriotik “ez dagola bidegorria eregiteko ezelango asmorik” adierazo da, eta koalizino abertzaleak ez dau onartu errepidearen titulartasuna udalen esku iztea, holan “saihestu” egiten dalako Sustapen Ministerioak proiektua bere gain hartzea. “Pelotea Aldundiaren eta Ministerioaren artean alkarri pasetan dabilz, udalak lanak egitera behartuz, eta horrek proiektua luzatzea ekarriko dau”, salatu dau Zigor Isuskizak.
Talde Mistoaren eretxiz, arazoa “soluzinoa eta nork ordainduko dauen aukeratzea, eta Sustapen Ministerioa zelan konbentzitzen dan” aurkitzea da. Podemos taldetik, barriz, azpiegiturea errealidade bilakau arte “trantsizinozko” neurriak martxan jartearen alde agertu dira, horreen artean errepidea “txirrindulariek lehentasuna eukiko daben errepide” bilakatzea, abiadurea mugatzea edo bazterbideetan aparkatzea debekatzea, besteak beste.
“GUERNICA”, GERNIKA-LUMORA
EH Bilduren eskutik etorri da Batzarretan onetsi dan bigarren ekimena. Picassoren “Guernica” artelana Gernika-Lumora ekartea eskatzen dauen arauz besteko proposamena izan da. Koalizino abertzalearen ekimenak EAJ-PNVren aldeko botoak jaso ditu, PSE-EE, PP eta Talde Mistoak kontrako botoa emon dabe eta Podemos Bizkaia abstenidu egin da.
Testuetan oinarrituta, Bizkaiko Batzar Nagusiek, “Gernikako herriaren aurka 1937an egindako sarraskian oinarritutako Picassoren "Guernica" margolanaren kokapenik egokiena, Gernika-Lumo dala adierazoten dabe. Gertaera historikoa, artelana eta herria bera uztartzea funtsezkoa dala adierazoten da”
Hori dala eta, Bizkaiko Batzarrek "Guernica" Gernika-Lumora ekarteko eskaera formala luzatzen deutsee Espainiko Gobernuari eta Kultura Ministerioari, eta eskaria egiten deutsie, baita be, Eusko Jaurlaritzari, beharrezkoak diran urrats instituzionalak emon daizan, baita be, margolan hori Gernika-Lumon jarteko beharrezkoak diran azpiegitura eta egokitzapen lanetan laguntzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiek “bere egiten dabe” Picassok margolanagaz mundu guztira zabaldu gura izan eban salaketea, hau da, “herrien zein giza eskubideen aurkako zapalketaren, gerraren eta genozidioaren salaketaren oihu ozenena”.
Ekimenaren kontra agertu diran hiru taldeek errazoi “teknikoak” azaldu dabez, “oso egoera txarrean” dagon artelana mobiduteko erabagia hartzeko orduan. Gai horregaz erlazionauta talde sozialistak zuzenketa-eske bat aurkeztu dau, baina proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onetsi. Bertan eskaria egiten zan “artelanaren integridadea eta kontserbazinoa aseguretako, horren gainean egin gura dan edozein errebindikazino politikok, artelan unibersal hori arriskuan jarri ez daian”.
GAROÑAREN ITXIEREA
Osoko bilkurak, PSE-EE taldearen arauz besteko proposamen baten bitartez, berretsi egin dau joan dan 2016ko martiaren 16an Batzarrek aho batez hartu eben akordioa, Garoñako zentral nuklearraren itxiereagaz erlazionautakoa. EAJ-PNVren eta PPren aldeko botoak eta Podemos eta EH Bildu taldeen abstentzinoa lortu dituan testuan, “Bizkaiko Batzar Nagusiek euskal gizartearen gehiengoak, eta batez be arabarrak, egindako aldarrikapenak errespetetako eskatzen deutsie Espainiako Gobernuari, Santa María de Garoñako zentral nuklearra zabaltzearen aurka eta behin betiko ixtearen alde agertu baitira. Era berean, Garoñan biltegi nuklearra aldibaterako jarteko erabagiari buruz 2015eko zezeilaren 19an onartutako ebazpena bere osotasunean bete daiala eskatzen deutsie Espainiako Gobernuari”.
Horrez gain, Batzar Nagusiak “Segurtasun Nuklearreko Kontseilua despolitizetearen alde agertzen dira, jardute-sail horri jagokozan egitekoak benetan modu objektiboan eta profesionalean egiten dirala bermatzeko”.
Osokoak ez dau onartu Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek alkarregaz aurkeztu daben arauz besteko beste proposamen bat. Bertan, Garoña behin betiko ixtea eskatzen zan, biltegi nuklear moduan erabilteko aukerea be baztertuz. Gainera, eskaria egiten jakon Aldundiari, “NUCLENOR taldea osatzen daben enpresakaz sinatutako kontratu guztiak errebisetako”, eta Bizkaiko herritarrei deia egiten jaken, “Iberdrolagaz eta Endesagaz daukien kontratuzko edozein erlazino apurtzeko”. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP kontra agertu diranez, eskari hori ez da onartu.
ONARTU EZ DIRAN BESTE EKIMEN BATZUK
Saioan, Batzarretako taldeek ez ditue onartu osokora aurkeztutako beste hiru ekimen, Busturialdeko eskualdeko hondartzetarako sarreren eta aparkalekuen egoerea hobetzearen, 3. linea indarrean sartu ostean Bilboko Metroaren eta Euskotrenen titulu barrien prezioak barriro aztertzearen eta Bizkaian iruzur fiskalaren kontrako burrukea “eraginkorrago” bihurtzeko neurri posibleak bilatzearen ingurukoak, hain zuzen be.
Lehenengo, osokoak ez dau onartu Podemos Bizkaiaren mozino bat, Busturialdea-Urdaibai eskumaldeko hondartzetarako sarreren eta aparkalekuen “arazoari” aurre egin ahal izateko, “garraio publiko sarearen hobekuntzan, bidegorrian edo inguruko udalerriakaz aparkalekuak antolatzeko akordioak lortzean oinarritutako proiektuak martxan jarrita”.
Talde morearen ekimenak PPren eta Talde Mistoaren aldeko botoak, EH Bilduren abstentzinoa eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren kontrako botoak izan ditu. Azken talde bi horreek, mozinoan eskatzen danaren parte bat “udalen eskumenen barruan dagola” uste dabe. Balioan jarri ditue Aldundiak urtean Bizkaiko 23 hondartzetan inbertitzen dituan “5,6 milioi euroak”, garbiketea edo zainketea hobetzeko, Bizkaibusek udan martxan jarten dituan “errefortzuak” kontau barik.
Beste alde batetik, Podemos Bizkaiak, arauz besteko proposamen baten bitartez, iruzur fiskalaren kontra burrukatzeko sei neurri ezartea sartu dau eztabaidan: adituek azterlan bat egitea; iruzurra neurtuko daben tresna homologagarriak erabiltea; giza eta material baliabideak handitzea; zergen inguruko arautegiaren erreforma “sakona” egitea; “polizia fiskala” sortzea; eta iruzur fiskalaren kontrako kanpainak indartzea.
Oraingoan be, Foru Gobernua eusten daben talde biak talde morearen planteamentuen kontra agertu dira. Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzaleak adierazo dauenez, Aldundia “daborduko beharrean dabil iruzurraren kontrako helburuen koantifikazinoan”, datorren urtean ikuskarien lanpostuetan dagozan hutsuneak betez eta eraginkortasuna hobetzeko zerga arauak aldatuz. Azkenengoa apirilean izan zan, Zergei buruzko Arau Orokorrean sartutako aldaketa baten bitartez. EAJ-PNV taldeko batzarkidearen eretxiz ez da beharrezkoa “polizia fiskala” sortzea, ezta Aldundiak daborduko herritarrei zuzenduta aurrera eroaten dituan kanpaina biak (Errentea eta Iruzur Fiskala) handitzea be, eta bere eretxiz ez da erraza iruzurra neurtzeko kalkuluetarako metodologia armonizaua sortzea, Europan be ez dagolako holangorik.
Beste alde batetik, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek guzurtau egin dabe Metroaren 3. linea martxan jarri ostean tarifen “igoera orokorra” etorri danik, oposizinoko taldeetatik salatu dan moduan. Izan be, gogorarazo dabenez, titulu barriakaz, operadoreek “milioi bi euro gitxiago jasoko ditue”. “Kaltetutako” erabiltzaileek garraio mota gehiago erabili daikiez orain.
Osokoan PP taldearen arauz besteko proposamen bat eztabaidatu da. Bertan eskaria egiten jaken Batzar Nagusiei, EuskoTrenek ustiatzen dauen Bilboko Metroaren 3. linea martxan jarri ostean “martian emondako Barik tituluen prezio barriak aztertzea” eskatzeko Bizkaiko Garraio Partzuergoari. Proposamenak EH Bildu eta Podemos taldeen aldeko botoak eta Talde Mistoaren abstentzinoa jaso ditu.
Oposizinoko taldeen eretxiz, penagarria da intermodalidadearen eraginez talde batzuen billetea “garestitu” izana. Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariak adierazo dauenez, Metro Bilbaoren Super 50 eta Hilebeteko bonoak eukiezan erabiltzaileek “%30eko” eta “%50eko” igoerea jasan dabe, hurrenez hurren. Kritikau egin dau “garraio publikoa gehien erabilten dabenei prezioa garestitzea”, eta igoera hori justifiketan dauen “ezelango” txostenik ez egotea.