Aurreko Albisteak

Azkenengo hamabi ekitaldietan Bizkaiko Ogasunak 86.329 zehapen jarri ebazan, 292,3 milioi eurokoak guztira, eta kopuru horretatik 11,6 milioi euro parkatu ebazan

Bizkaiko Batzar Nagusiak

2005eko maiatzetik 2016ko abendura, Bizkaiko Foru Ogasunak 86.329 zehapen espediente edegi ebazan, zergakaz erlazionautako hainbat ez betete zirala eta. Espediente horreek zirala eta 292,3 milioi euroko isunak jarri ziran. Isun horreetatik, 2.787 zergadunek –%2,2ak– zigorrak parkatzeko eskaria egin eben. Foru Ogasunak ez ebazan onartu eskari horreen arteko 894 eta 1.893 eskari onetsi ebazan. Onetsitako eskariak, jarritako zigorretatik 11,6 milioi euro parkatzea ekarri eben, hau da, kopuru osoaren “%4 baino zeozer gitxiago”.

Datu horreek José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak emon ditu gaur Batzar Nagusietan, azkenengo hamarkadan parkatu diran zerga-isunen inguruko informazinoa emon daian diputatuaren agerraldia eskatu dauen Podemos Bizkaia taldeak eskatuta. Epealdi horretan Ogasuneko diputatuaren esku egoan parkamen horreek gauzatzeko espedienteak sinatzeko eskumena. Eskumen hori kendu egin da aurton, Bizkaiko Zergei buruzko Arau Orokorraren azkenengo aldaketea onetsi eta gero. Batzarrek zergen zorrak eta interesak parkatzeko eskumena eukien lehendik be, baina ez zigorrak parkatzekoa.

Iruarrizagak azpimarratu dauenez, parkatutako kasu horreek zigor espedienteen “%2,2a” dira. Parkatutako kasu guztien artetik, 1.863, 50.000 eurotik beherako zigorrak dira, eta horreek 8,96 milioi euro hartu ebezan. Horreek kenduta beste 30 espediente geratuko litzatekez: 21 50.000 eta 99.000 euro artean zabaldutako espedienteak izan dira, eta 1,4 milioi euro parkatzea eragin dabe; zazpi kasu 100.000 eta 150.000 euro artean egozan, guztien artean 830.000 euro; eta, bukatzeko, 450.000 euro parkatzea ekarri eben espediente bi izan ziran 150.000 eurotik gorakoak

Iruarrizagak argitu dauenez, bere sailak ez dau “zerga zor eta interes bakar bat” be parkatu, eskumen hori Bizkaiko Batzar Nagusien esku baino ez dagolako. Aitatu diran kopuruak, zerga beharrak ez beteteagaitik ezarritako kopuruei jagokez. Zerbitzu teknikoak dira interesdunek aurkeztutako parkamen eskariak baloretan dituenak, araututako erespideetan oinarrituta. Prozesu horren azken pausua Foru Ogasuneko zuzendariaren edo diputatuaren sinadurea zan, baina ez da “inoiz” ezelango desadostasunik egon Foru Ogasuneko funtzionarioen eta goi karguen artean.

Diputatuak adierazo dauenez, zigor baten parkamena, zigortuak egin dauen proposamena kontuan izanda aztertzen da “beti”. Horretarako administrazino arloko espedientea edegiten da, eta bertan hainbat erespide aztertzen dira. Zergadunak “iruzurrezko baliabideak” erabili ete dituan, lehen aldia dan ala ez eta ordaintzeko prest dagon ala ez baloretan da, eta baita arau haustea gurata egin dauen ala ez, diru-sarrerak ezkutau dituan edo aitorpen guztiak aurkeztu dituan. Horrez gain, zigorrak bere kontuetan izango dauen eragina eta abagune ekonomikoa be aztertzen dira.

Asun Merinero Podemos taldeko batzordekideak ez dau zalantzan jarri saileko teknikarien egitekoa, baina bai arduradun politikoena. Bere eretxiz, zigorrak parkatzea, Bizkaiko herritarrei “tratu desbardina eskintzearen adibidea da”. Diru hori ez da batzen eta ezin da zerbitzu publikoetara bideratu. “Bitxia da hau izatea zorrak parkatzeko diputatuaren eskumen hori indarrean euki dauen lurralde bakarra”. Merinerok Batzarretako gainerako taldeengana be zabaldu dau esandakoa, bere eretxiz “sinestezina” dalako hamabi urtetan informazino hori “inork” eskatu ez izana.

Diputatuak adierazo dauenez, Estaduak “be baeukan zigorrak parkatzeko ahalmena”, ez Bizkaiak bakarrik, eta penagarria iruditu jako Podemosek “zalantzak zabaltzea” Bizkaiko Ogasuneko arduradunen gainean. Horrez gain, talde moreak kontzeptuak nahasten dituala gogorarazo dau, Aldundiak “inoiz” ez dauelako zerga zorrik eta interesik parkatu.

GENERO IKUSPEGIA EUKIKO DABEN AURREKONTUEK ITXARON EGIN BEHARKO DABE

Beste alde batetik, Aurrekontuak prestetako orduan genero ikuspegiaren aplikazinoaren inguruko informazinoa eskatuz EH Bilduk egin dauen eskariari erantzunez, Bardintasunaren Foru Araua egin arte “itxaron beharko dala” adierazo dau Iruarrizagak. 2014an, kontu publiko inklusiboak sortzeko egin zan “ibilpide orriak”, Bardintasuneko foru saila prestetan dabilen arautegi horretan adierazoten dana bete beharko dau, horren ostean arlo horretako “erabagi egokiak hartzeko”. Oposizinoko taldeen eretxiz, diputatuaren erantzuna “atxakia” izan da, hori “apurka-apurka” egin daitekelako, EH Bilduko Arantza Urkaregi batzordekideak adierazo dauenez.