Aldundiaren eretxiz, "hobekuntzarako tartea" eta "behar besteko denporea" dago birziklapenari jagokozan Europako helburuak beteteko
Unzuetak Bizkaiko uri hondakin solidoen kudeaketa sistema defendidu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordean, izan be, II PIGRUB izenekoak (Bizkaiko Uri Hondakin Solidoen Kudeaketa Sistema integrala 2005-2016) markautako helburuetatik gora egotea lortu dau. Helburu hori, edukiontzietatik Bizkaiko tratamentu plantetara heltzen dan zaborraren %40 birziklatzea lortzea zan. Halanda be, Unzuetak bere egin dau orain aste batzuk Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak egindako “autokritikea”. Batzar Nagusietak jakinarazo ebanez, Aldundia eta herritarrak “erlaxau” egin dira arlo horretan, datuak “txarrak ez diran” arren.
Talde Mistoak eskatu deutsan moduan, Unzuetak azkenengo lau urteetan (2013-2017) Bizkaian lortutako birziklapenaren inguruko datuen barri emon dau Batzar Nagusietan. Epealdi horretan, Europan erabilten dan metodologia kontuan izanda, birziklapenak “%2,96” egin dau gora, 2013ko "%40,82tik" igazko “%43,78ra”. 2014an tasa hori %43,82koa izan zan, eta 2015ean, behera egin eban urte bakarrean, %42,70ekoa.
Europak ezarritako helburuak lortzeko aurrera eroaten ari diran ekintzen artean, Unzuetak kontzientziazinorako “Gero arte. Recicla y haz que vuelva” kanpainea azpimarratu dau. Aldundiak orain denpora gitxi martxan jarri dauen kanpaina horren barruan, tailerrak jasoten dituan karpa ibiltaria, informazinorako liburuxka baten argitalpena eta, Garbikerren bitartez, birziklapenaren arloan lan azpimarragarria egiten ari diran Udalei emongo jaken saria azpimarratu behar dira, beste gauza batzuen artean.
Batzarretako taldeek txalotu egin dabe herritarrak kontzientzietako ekimenak martxan jarri izana, baina batzuek euren “zalantzak” erakutsi ditue, Aldundiak Europak ezarritako helburuetara ailegetea lortuko ete dauen. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) eskaerea egin dau, bere berbetan “positiboak” diran zifra horreek ikusita ez gaitezan “lokartu”. “Erritmo honetan jarraitzen badogu, gaitza izango da helburuak betetea”, gehitu dau Eduardo Andrések (PP). Bere eretxiz “beharrezkoa da” Aldundiaren planak errebisetea.
Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeak, euren aldetik, kritikoago agertu dira. Euren eretxiz, birziklapen tasek “ez dabe funtzionetan, sistema Zabalgarbin oinarrituta dalako”. Kritikau egin dabe Aldundiak “nahasketea” sortzea datuen inguruan, aurreko legealdian, Ingurumeneko diputatuak Batzarretako taldeen aurrean jakinarazo ebanez, Bizkaiak daborduko lortuta eukazalako Europako Batzordearen exigentziak. “Madariagak komeni jakon formulea erabili eban”, kritikau dau David Lopategi EH Bilduko bozeroaleak, eta bere ustez, “ezinezkoa” da gaur egun indarrean dagon sistemeagaz Europak eskatzen dauena betetea.
EAJ-PNV taldetik María Presak defendidu egin ditu “oso adostasun zabalaren” ondorioa dan zaborren kudeaketarako sistemea eta Aldundiak birziklapenaren inguruan emon dituan informazinoak, aurreko legealdian neurketarako beste metodologia bat erabili zalako. “Inork ez dau tranparik egin”, esan dau, eta Bizkaiak, 2016rako ezarri zan helburua ia lau puntutan gainditu ebala azpimarratu dau. Lorpen horreen artean, batzordekide jeltzaleak, gaur egun hondakin “guztiak” tratetea eta “zero isurketea” lortu izana aitatu ditu.
Oposizinoko taldeek hobekuntzarako bide moduan ikusi dabe bosgarren edukiontzia ezartea. Aldundiak “milioi bat euro bideratu ditu 2017an” horretara, diputatu andreak esan dauenez. Esfortzua “ez jaku gitxi iruditzen”, adierazo dau Presak. Unzuetak autortu dauenez, edukiontzi marroia hedatzeko aurrekontuko “partida bat sobran geratu da”, laguntzak eskatu ebezan udal “guztien” eskariak bete diran arren. “Aurton ez da udalerri bakar bat be kanpoan geratu”, esan dau.
INGURUMEN ARLOKO BASOZAIN ZERBITZU BARRIA
Base Gorriaren desagerpenaren inguruan azalpenak eskatzeko Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatu daben beste agerraldi batean, unidade horretan behar egiten eben 14 beharginak ingurumen arloko basozain “bilakatuko dirala” adierazo dau Unzuetak, babestutako espazioak zaintzeko. Horretarako, Aldundiak, ingurumenaren jarraipenean espezializauta egongo dan zainketarako unidadea sortuko dau. Unidade horren egiteko nagusia ondare naturalaren, habitaten eta mehatxatutako landarediaren eta faunaren zainketea izango dira, agintaritzako agente moduan. Unidadeko kideek, leku horreetan egindako moeta guztietako arau hausteen inguruko salaketak egin ahal izango ditue, beste egiteko batzuen artean.
Unzuetak ezeztu egin dau Aldundiak kanpora atera behar dituanik Base Gorriko funtzionarioek emoten ebezan zerbitzuak. Egiteko horreek beste zuzendaritza edo enpresa publiko batzuetatik emoten jarraituko dira. Base Gorriak eskintzen dauen telefono bidezko arretea Zugaztel foru erakunde publikoaren esku geratuko da, hildako abereak erretiretea moduko zerbitzuetan. Eta, basoetako suteak itzaltzeko taldeak koordinetan eta osatzen dituan Basalan foru enpresea izango da holango gertakariakaz erlazionautako larrialdiei arretea eskiniko deutsena eta sua itzaltzeko taldeak aktibauko dituana, aurretik SOS Deiak-112 zerbitzura deitu eta gero, holango gertakariei arretea eskintzeko gaur egungo prozedureagaz jarraituz.
LEHEN SEKTOREARI ZUZENDUTAKO ZERBITZU TELEMATIKOAK ZABALTZEA
Aurtongo zezeilaren bukaeratik, sektore horretako profesionalek online egin ahal izango ditue Abeltzaintzako eta Landa Garapeneko zerbitzuakaz erlazionautako 6 tramite, Foru Erakundeko egoitza elektronikoaren bitartez. Denpora gitxi barru, zaldiak eta untxiak hiltegietara eroateko giden emisinoak, Derrigorrezko Urteko Aitorpena (DAO), albaitariaren kontrol barik eroateko giden emisinoak, erretzeko baimenak, norberaren basoetan ebagiteko baimenak, basoak barriro landatzeko baimenak, nekazaritza arloko makinen eta fitosanitarioen produktuen eta operadoreen altak eta upategietako hondakinen deuseztapenei jagokezanak jarriko dira martxan. Ekimen horreek, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Sailak, lehen sektorearen eta Foru Administrazinoaren arteko erlazinorakoko sistema teknologikoak modernizetako martxan jarri dauen planaren barruan dagoz, aurreratu dau Unzuetak, EH Bilduk egindako informazino eskaereari erantzunez.
“Aurrerapauso garrantzitsua emon dogu, teknologiak lehen sektoreko profesionalengana gerturatuz, euren bizitza kalidadea hobetzeko helburuz. Hasierako etapan gagoz, eta horrek, erabili behar diran tresnetara hurbiltzea eta erabilerara egokitzea eskatzen dau”, adierazo dau Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak, ekimen horreek azaldu ostean. Modernizazino plana martxan jarteak eta lehen sektoreko profesionalei eguneko 24 orduetan euren tramiteak online egiteko aukerea eskintzeak “620.473 euroko” inbertsinoa eskatu dau 2016 eta 2017 artean.