Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin ditue Bizkaiko 2012. urterako aurrekontuak

Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu nagusiak onartu egin dira Gernikako Batzarretxean abenduaren 28an izaniko Osoko Batzarrean. Euzko Abertzaleak Taldearen aldeko botoakaz eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoagaz onartu dira. Enparauko Taldeek (Bildu Taldeak eta Socialistas Vascos Taldeak) aurkako botoa emon eutsien 7.134 milioi euroko —igaz baino %1,65 gitxiago— aurrekontu horri.


Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzarkide-Taldeek euren jarrerea azaltzeko eztabaidea aldeko eta aurkako txanda binatan izan ondoren, bozketak egin ziran, Aldundiaren Sailez Sail. Sail guztien aurrekontuak onartu egin ziran, Euzko Abertzaleak Taldearen aldeko botoakaz eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoakaz. Bederatzi Sailei buruzko bozketen ostean, testu artikulatuaren bozketea egin zan, eta emaitza berbera lortu eban. Horregaz, bada, amaitu zan Bizkaitarrentzat hain garrantzitsua dan Foru Araua onartzeko ibilbidea, hile bi ingurukoa, Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurrekontua aurkeztu ebanean hasi zana.


Sarreren arloan, Ekonomi Itunaren kudeaketatik aurreikusitakoak 6.604,8 milioi eurokoak dira 2012. urterako, egin-eginean sarrera guztien %92,6a, hau da, 2011. urtean baino %0,26 gitxiago. Aurreikusitako bilketea gitxi gora behera erdi banakoa da zuzeneko zergen eta zeharkako zergen artean.


Beste alde batetik, sarrera propioak deritxenak 397,7 milioi eurokoak dira, guztirako sarreren %5,6a. Kontzeptu horretan sartzen dira beste administrazino batzuetatik etorritako eskualdaketak (oinarrizko errenta, Europako fondoak, etab.), kontu korronteen interesak, etab.


Aurrekontu orekatuak aurkezteko, bada, Aldundiak kanpoko finantziazinora joko dau eta 132 milioiko zorpetzea izango dau. Urtekitaldiko zorpetze garbia 20 milioi eurokoa izango da.


Aurreikusitako sarrerak, alde batetik, Erakunde Konpromisoei erantzuteko erabiliko dira (Batzar Nagusiak, Estatuagazko Kupoa, Eusko Jaurlaritza eta Udal Finantziazinoa), 5.342,5 milioi euro (aurrekontuaren %75a); eta beste alde batetik, enparaukoa Foru Aldundiaren aurrekonturako erabiliko da. Hortaz, Aldundiak 1.792,1 milioi euro kudeatuko ditu (igaz baino % 0,2 gitxiago).

Foru Sailez Sail joanda, langile-gastuak be kontuan hartuta, Gizarte Ekintza Sailak dauka gehien, 748 milioi euro baino gehiago; Herri Lan eta Garraioetako Sailak be aurrekontu handia dauka, 330 milioi eurokoa hain zuzen. Beste Sailak hortik behera dagoz, Nekazaritza Sailaren 53 milioien eta Ogasun eta Finantzetako Sailaren 141 milioien artean.

Lotutako artxiboak: