Aurreko Albisteak

Aldundiak "bere egingo dau" Bilboko herritarrek Errekaldeko Saihesbiderako "gehiengoz" bozkatu daben alternatibea

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatu jaunak, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, uriko Udalak edegi dauen kontsulta prozesuan Bilboko herritarrek “gehiengoz” bozkatu daben proposamena Aldundiak “bere egingo dauela” iragarri dau. Prozesu horren xedea, Errekalden eregiko dan saihesbideari jagokonez Foru Aldundiak aurkeztu dituan hiruen artean alternatiba “hoberena” aukeratzea izan da. Azpiegitura horri esker, Bilboko auzo horretan dagon bide-zubia kendu ahal izango da. Pradalesek azpimarratu dauenez, Aldundiak “onartu egiten dau” Bizkaiko Uriburuko HAPOa aldatzeko aurretiazko jente aurreko informazino prozesutik urtendako erabagia, eta erabagi hori Bizkaiko Errepideen Lurraldeko Sektore Planean sartuko da. Bizkaiko Batzarretako taldeak plan hori aztertzen dabilz une honetan.

“2. alternatibaren” aukeraketaren inguruko iragarkia, EH Bilduk eskatuta Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordean egin dauen agerraldian izan da. Bertan, antza, “maiatzaren 8an” Errekaldeko bide-zubitik auzo horretako plazara obrako “kono” bat jausi izanaren inguruko azalpenak emon behar izan ditu. Pradalesek adierazo dauenez, egin beharreko azterketak egin ostean, “ez dago datu objektiborik”, objektu horren jatorria zubia izan zala esateko.

LA ARENAKO ZUBIA ETA ERMUKO SAIHESBIDEA


Horrez gain, diputatua Talde Mistoak eta PPk eskatuta be etorri da Batzarretara, La Arenako zubia konpontzeko beharren eta Ermuko saihesbidea eregiteko obren egoeraren gainean azalpenak emoteko, hurrenez hurren. Kasu bietan, Pradalesek esan dau beharrak “erritmo onean” doazala, eta biak be “aurreikusitako epeetan” amaituko dirala.

Petronorreko instalazinoak zeharkatzen dituan zubiaren kasuan, sailak “zemendiaren 8ko” data jarri dau obrak bukatzeko. Obra horreek, oinarrian, 667 metro luze dan bide-zubia eusteko sistemaren “estankotasuna” hobetzea bilatzen dabe, “datozan 25 urteetarako zubia zeroan jarteko”. Jakinarazo zan moduan, Aldundiak proiektu eraldatua onetsi behar izan dau –“martiaren 7an”–, azken hamarkadatan itsasotik gertu egoteak eragindako korrosinoaren ondorioak jasan dituen tirante eta toroi gehiago konpontzeko edo ordezkatzeko. Azkenengo inbertsinoa “4.561.762 eurokoa” izango da, aurreikusitakoak baino “590.726 euro” gehiago. Geroago hauteman diran akats horreek dirala eta, beharrak “sei hilebete eta erdi” luzatuko dira.

Ermuko Saihesbideari jagokonez, sailaren planak ez dira aldatu Uretamendiko tunelean joan dan zemendiaren 25ean izandako kalean edo bat egitean iragarritakoagaz alderatuta. Errepidea “urte honen bukaeran” zabalduko da trafikorako. 2014ko garagarrilaren 21ean beharrak hasi ziranean aurreikusitakoagaz alderatuta, azkenengo “atzerapena”, URAk (Uraren Euskal Agentziak) egin dauen eskaria dala eta gauzatu behar izan diran aldaketengaitik gertau da. Eskari horretan, ordainlekua lekuz aldatzea agintzen zan, erreka batean eukan eraginarengaitik, eta ETSk trenbide pasagune bat automatizetako egindako eskariarengaitik. Gainera, Bilbo-Donostia trenbidean ezponda bat jausi zanez eta Uretamendiko tuneletako urteerako aho bat indartu behar izan danez, horrek eraginak izan ditu obren epeetan eta kostuetan. Pradalesek adierazo dauenez, Uretamendiko tarte horretako aurrekontuak “%8,9” egin dau gora. Haserako aurrekontua “48,1 milioi eurokoa” izan zan. "41,1 milioirengaitik” esleitu zan Beko Errekako tartean igoerea “%9,3koa” izan da.

AUTOKARABANETARAKO SEINALIZAZINOA ETA GAZTELUGATXE

Beste alde batetik, Batzordeak aho batez onetsi dau EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eske bat jaso dauen Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat, Aldundiak, ibilgailu horreek aparketako lekuetatik gertu dagozan foru errepideetan autokarabanentzako aparkalekuen inguruko seinaleak jartea “aztertu” daian. Adostu dan testuan, eskaria egiten jako Foru Aldundiari, webgunearen bitartez aparkaleku horreen inguruko informazinoa emon daian.

Beste alde batetik, Talde Popularrak, arauz besteko beste proposamen baten bitartez, eskaria egingo deutso Aldundiari, Bermeoko Udalagaz Gaztelugatxeko Doniene “berregokitzeko plana” adostu daian, bagila amaitu baino lehen. Oposizinoko gainerako taldeak –EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Mistoa– idearen alde agertu dira, baina azkenean ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak kontra agertu diralako.

Foru Gobernua eusten daben taldeen eretxiz, PPren ekimena “labur” geratzen da, Aldundiak iragarri dauelako daborduko ingurune horretarako jarduketa eta kudeaketa “plan integrala”. Plan horrek “epe laburreko neurriak barru hartuko ditu”, uda honetan bisitari asko etorten badira, Tronu Dema seriearen denporaldi barria estreinau ostean, batez be. Izan be, serie ezagunean, Bizkaiko kostaldeko biotopo babestuaren barruan dagon leku horretako eszenak agertzen dira.