Aurreko Albisteak

Bizkaiak ETAko presoen "urruntze politikearen" bukaerea eskatu dau

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Podemos Bizkaia taldeek sinatutako zuzenketa-eske transakzionala onartu dabe gaur goizean. Bertan, Gobernu zentrala oraindino indarrean daukan ETAko presoak urruntzeko kartzeletako politikeagaz desadostasuna adierazoten da. PP eta Talde Mistoa izan dira beste lau talde politikoek adostu daben testuaren kontrako botoa emon daben bakarrak. Lau taldeek, hasieran koalizino abertzaleak Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren eukia baztertu ostean adostu dabe testua.

Lau taldeek adostu daben zuzenketa-eskearen testuan, Bizkaiko Batzarrek, “Kartzeletako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetea aitatuz, askatasuna kentzen daben zigorrak beteteko orduan deserriratzea saihesteko asmoz, eta pertsona horreen bergizarteratze printzipioakaz bat etorrita, euren desadostasuna erakusten dabe urruntzea bultzatzen dauen kartzela politikeagaz eta, holan, ETAk bere jarduerea behin betiko itzi eta gero zabaldu dan garai barriaren barruan, beharrezkotzat joten dabe, askatasuna kentzen daben zigorrak gizartea eta familia sustraituta dagozan lekuetatik urrun bete beharra saihestuko dauen kartzeletako politika barria, senideakaz izan beharreko hartu-emona eta adinbako seme-alaben ongizatea kontuan izanda, eta hareek euren gurasoakaz egoteko daben eskubidearen defentsan”.

Ekain Rico batzordekide sozialistak eztabaidaren tonua eskertu dau, “herritarrek erabilten daben tonu bera”, eta bertan jarrera bi irudikatu dirala adierazo dau. Alde batetik, PPk eta Talde Mistoak ez dabe aldaketarik onartu Gobernu Zentralak aurrera daroan kartzeletako politikan, ETAk arma guztiak entregetan ez dituan, desegiten ez dan, eragindako kaltea autortzen ez dauan eta “300 krimen” argitzen laguntzen ez dauan bitartean. Arturo Aldecoak eta Javier Ruiz bozeroale popularrak adierazo dabenez, gainera, presoek “beti” izan dabe kartzeletako onurak lortzeko aukerea, 1985ean sakabanaketa politikea hasi zanetik.

Akordioa sinatu daben lau taldeek, euren aldetik, “garai politiko barriaren aurrean gagozala” azpimarratu dabe, eta garai horretan “ez dala bidezkoa” ETAko presoen urruntzean oinarritutako politikea. Josu Unanue EH Bilduko bozeroalearen eretxiz, ezinbestekoa da politika horregaz bukatzea, beste errazoi batzuen artean, eragina daukalako “ezelango errurik ez daukien” presoen seme-alabengan. Podemos Bizkaiak, Gobernu Zentralak “ez dauela legea beteten” kritikau dau, presoei euren zigorrak senideengandik gertu beteteko eskubidea ukatzen deutselako. Foru Gobernua eusten daben talde bietatik –EAJ-PNV eta PSE-EE–, barriz, pertsona horreen “bergizarteratzea bultzatuko dauen” kartzela politika barriari ekin behar jakola aldarrikatu da. “Bigarren aukerea bilatzen dogu. Ez da saria”, adierazo dau Ricok ETAko presoak euren familiengandik eta gizartetik gertu dagozan kartzeletara gerturatzeari jagokonez.

ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK

Saio berean arauz besteko beste hiru proposamen eztabaidatu eta bozkatu dira, baina bata be ez da onartu. Horreetako batean, EH Bilduk proposamen bat aurkeztu dau, Aldundiak “eragin barik itzi daian” joan dan martiaren 13an, Saudi Arabiarrera joiazan 4.000 tona bonba itsasontzietara sartzeko beharretan laguntzeari uko egin ostean, suhiltzaile bati edegi jakon diziplinazko espedientea, “ez ebalako ezelango deliturik egin”. Ekimenak Podemos Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, baina gainerako taldeek –EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa– kontrako botoa emon dabe.

Lau talde horreek bat egin dabe aurreko saio batean Aldundiak emon ebazan errazoiakaz, prebentzinozko eta zainketako agindu bat bete ez eban funtzionario publiko bati edegitako prozesuagaz jarraitzeko eta oztoporik ez jarteko. Zaindu beharreko materiala arriskutsua zan ondasunen eta pertsonen segurtasunerako. Espedientea “ez da modu arbitrarioan edegi, betebehar batzuk bete ez diralako baino”. Kritikau dabenez, EH Bilduk planteetan dauena funtzionario publiko batek edegi eban gai administratibo batean “injerentzia politikoa” da. Aldundiko behargina dan instruktorea izan beharko da espediente hori itxi behar dauena.

Horren ostean, Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, EH Bilduren arauz besteko beste proposamen bat, eskualde mailako arreta puntu moduan probatan zabalik dagon Durangoko Gertu bulegoa ikusteko bisitea modu formalean antolatu daian eskatzeko Aldundiari.

Eta bukatzeko, batzordeak ez dau onartu Podemos Bizkaiaren arauz besteko beste proposamen bat. EH Bilduren aldeko botoa baino lortu ez dauen proposamenak eskaria egiten eban Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko udalerriakaz batera, sentsibilidade zentraleko gaixotasunak (sentsibilidade kimiko anitza, elektro-sentsibilidadea, fibromialgia eta neke kronikoa) dituen pertsonentzako laguntzea emoteko linea edegi daian, euren etxebizitzak egokitu ahal izateko. Ezezkoa emon daben taldeen eretxiz –EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa–, proposamena gehiago da “borondateen aitorpena”, euskal erakundeek euren gain hartu daikien proposamena baino, gaixotasun horreek eragiten dituen zergaitien inguruan “ezagutza falta zientifikoa” dagolako.