Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek "kontu-errazoiak" emoteko prozesuagaz jarraitzera animau dabe Aldundia

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordera etorri da, herritarren aurrean kontu-errazoiak emoteko aurrera eroan dauen prozesuaren balorazinoa egiteko. Batzarretako taldeen aurrean, Foru Aldundiko arduradunak, zemenditik maiatzera bitartean eskualdeetan egindako 10 topaketen datu garrantzitsuak jaso dituan balantzea eskini dau. Bilera horreetan 650 herritar alkartu ditu. Batzarretako taldeek, Bizkaia Goazen 2030 estrategiaren barruan dagon ekintza horregaz “jarraitzera” animau dabe Aldundiko agintaria.

Guztira, Ahaldun Nagusiari zuzendutako “1.562 proposamen” eta “246 idazki” jaso dira. Bileretara joandakoek topaketen inguruan egin daben balorazino orokorra 5etik 4 puntukoa izan da, eta “gertutasuna” eta “gizarte kohesinoagaz, mobikortasunagaz eta enpleguagaz” erlazionautako gaiak azpimarratu ditue. Hobekuntzarako proposamenei jagokenez, Aldundia “bide azpiegituretan, garraio publikoan, gizarte arloko politiketan, gazteentzako enpleguan eta enpresa txikiei eta ertainei eta ekintzaileei laguntzeko programetan” kontzentrau daitela eskatu dabe herritarrek.

Rementeriak, bileretara joandako guztiek erakutsi daben joera “positiboa eta aktiboa” azpimarratu dau, eta bilera horreetan ez dala “ezelango arazorik” hauteman azpimarratu dau. Bizkaian egin dan holango lehenengo esperientzia, Gobernu edegiaren bidean “hobetzen eta ikasten” lagunduko dauen “lehenengo pausua” da, Administrazino gardena eta herritar informauak lortzeko behar dan gitxiengoa gaindituz. Ikuspegi pertsonalari jagokonez, Ahaldun Nagusiaren berbetan “oso esperientzia positiboa” izan da.

Batzarretako taldeen eretxiz be esperientzia “positiboa” izan da, eta kontu errazoiak emoteko prozesu horregaz “jarraitzera” animau dabe Aldundia, eta baita azterketa prozesuaren ostean hobekuntzak sartzera be. Euren eskarien artean, herritarren eskaerak “xehetasun handiagoz” ezagutzea eta hemendik aurrerako topaketetarako gaien eta eskualdeen arabera antolatutako topaketa “monografikoak” egitea eskatu deutsie Rementeriari.

ERRESUMA BATURA EGINDAKO BIDAIA

Saio berean Talde Mistoak Rementeriaren agerpena eskatu dau, berak eta bere taldeko kide batzuek Britainia Handira egin daben bidaiaren “nondik norakoak” azaldu daizan. EH Bilduk, bere aldetik, “Soziedadeen Zergan eta hainbat funtsetan sartutako aldaketen” inguruan “London School of Economics” unibersidadean emondako hitzaldiaren eukiaren gainean galdetu deutso.

Ahaldun Nagusiak gogorarazo dauenez, Britainia Handira egindako bidaiaren helburua Bizkaiko Lurraldea “balioan jartea” eta Bizkaiarentzat eta bertako biztanleentzat eta automobilgintza, aeronautika eta energia sektoreetako enpresa “traktoreentzat” “aukerak bilatzea” izan da, “jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko” ahaleginean, “frutuak batu gura badira, ereitea beharrezkoa dalako”, esan dau.

Helburu horreek beteten lagunduko dauen politika fiskalari jagokonez, hitzaldi haretan bertan esandakoa aitatu dau Rementeriak, komunikabideek eta Bizkaiko enpresariek bere berben inguruan egin ebezan interpretazinoetan sartu barik. Hitzaldi haretan, gogorarazo dauenez, “hazkundea erraztuko dauen palankea; kudeaketea zorroztasunez aplikauko dauen eta ikuspegi komuna izango dauen beste politika fiskal bat; eta hazkunde eta aurrerapen inklusiborako beste politika fiskal bat” aitatu ebazan.

Rementeriak gogorarazo dauenez, Bizkaiko Gobernua “arlo fiskaleko erabagiak bukatzen dabil, enpresen inbertsioetarako lurralde erakargarriagoa eta lehiakorragoa izateko. Soziedadeen Zerga erakargarriagoa eta ekintzailetza erraztuko dauen fiskaltasuna gura doguz, eta baita arautegi berezia be, Bizkaira behar egitera datozan profesionalentzat”.

Ahaldun Nagusiak gogorarazo dau, baita be, hitzaldi haretan, enpresa ertainei eta txikiei laguntza emoteko finantzazko “hub” baten sorrera aitatu zala, eta baita barrikuntzarako funts bat be, “herrialde guztia barriztetan jarteko”, “kudeatzaile profesional batek kudeatutako” tresna baten bitartez. Horretarako ekarpenak herritarrengandik urtengo dabe, eta “%15eko” beherapen fiskalak izango ditue zergadunentzat, eta tasa “finkoa” enpresentzat, “merkaduan gertatu daitekezan aldaketak kontuan izan barik”.

Oposizinotik, Talde Mistoak eskaria egin deutso Aldundiari, “behin eta barriro ekin daian”, Brexita dala-eta zabaltzen dan “aukereaz” baliatuta. Holan, PP urrunago joan da, eta lurraldearen ahalmen fiskalak emoten dauen tresna “parebakoagaz” baliatzeko eskatu deutso, gitxienez, beste leku batzuk daukien Soziedadeen Zergea “maila berean jarteko”, baina Irlandan ikusten dan “low cost-era” ailegau barik.

Beste musturrean, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen eretxiz, Soziedadeen Zergak “bere aukeren azpitik” batzen dau. “Autortu behar da enpresek ez dabela beharko leukien guztia ordaintzen. Irabazi handiak daukiezan enpresa batzuek ez dabe ezer ordaintzen”, esan dau Arantza Urkaregi koalizino abertzaleko batzordekideak, eta kritikau egin dau aurretik akordiorik ez egotea Zergen Koordinazinorako Erakundean. Talde biek eskaria egin dabe, enpresentzako arautegi fiskalaren aldaketa posiblearen inguruko eztabaidea Lurraldeko Batzarretara eroan daiten.

Sozialisten eta jeltzaleen jarlekuetatik, kanpora egindako bidaia horreen alde agertu dira, euren eretxiz “beharrezkoak eta garrantzitsuak” diralako, eta helburu nagusia “enplegua eta hazkunde ekonomikoa” lortzea dalako. PSE-EEko Ekain Ricok ez dau ezelango zalantzarik erakutsi Ahaldun Nagusia “maletea hartzera eta agertoki orokorrean geure lurraldea saltzera” animetako orduan. Jon Andoni Atutxa EAJ-PNVko bozeroaleak, bere aldetik, Batzar Nagusietako eztabaidea bere egunean egingo dala esan dau, Ahaldun Nagusiaren presentzia eskatzea kritikau ostean. “Gai berberen inguruan barriro berba egiteko aitzakia baino ez da”, esan dau, gai horreek aurreko saio batean argitu ebazalako Ogasuneko diputatuak.

KUPOA ETA AMA-SAAD IZENEKOAK

Horren ostean, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren (AMAS-SAAD) finantzaketaren inguruan egozan “desadostasunak” Kupoaren akordioan jasota dagozan ala ez jakin gura izan dauen EH Bilduren ahozko erantzun-eske bati erantzunez, Ibone Bengoetxea Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako diputatu andreak ez dagola ezelango desadostasunik esan dau. Administrazino zentralak Euskadiko erakundeei zor deutsazan “72,5 milioi euroak”, “tasatuta” eta Estaduak “onartuta” egoan kopurua dira.

Bengoetxeak gogorarazo dauenez, Administrazino Zentralagaz sinatutako akordioaren zortzigarren puntuan “baieztu” egiten da Estaduak Euskadiko erakundeakaz daukan zor hori, eta Kupoan beherapenak eginez ordainduko da “bost urteko epean”. 2017rako, akordioak “10,8 milioi euroko” zenbatekoa ezarten dau, eta kopuru horren %10 –“1.080.000 euro”– Udalek jasoko dabe. EH Bilduko Arantza Urkaregik adierazo dauenez, Udalek “atoan behar dabe” diru hori, euren egoera ekonomikoa kontuan izanda.