Batzar Nagusiek eskaria egin dabe, Bizkaian hiltegiak martxan jartea erreztuko dauen arautegia onesteko
Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, eskaria egiteko Eusko Jaurlaritzari, haragiaren sektorea malgutzeko dekretuaren barruan, “eskala txikiko espezie anitzeko hiltegiak, piezakatze gelak eta haragi obradoreak erreztera bideratutako arautegia gauzatu daian”.
“Sektoreak Lurraldean daukan garrantzi ekonomikoa, Bizkaian dagon abeltzaintzako ustiapen kopurua, ustiapen horreen dimentsino txikiak eta errentagarritasunerako merkaturatze zirkuitu laburrek daukien garrantzia kontuan izanda”, EH Bildutik uste da “oso garrantzitsua” dala Eusko Jaurlaritzak aurrera atera behar dauen haragi produktuen osasun malgutasunerako dekretua garatzea.
Mikel Kormenzana EH Bilduko batzordekideak eskaria egin deutso Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko haragi sektorearen arautegi espezifikoaren onespena arindu daian, Bizkaian “sakrifiketako eta eraldaketarako” azpiegiturak martxan jarri ahal izateko.
Batzarretako talde guztiak koalizino abertzalearen ekimenaren alde agertu dira. Euzko Abertzaleak taldeko (EAJ-PNV) Jesús Lekerikabeaskoa batzordekideak bere taldearen aldeko botoa justifikau dau, proposamenak, azken finean, Eusko Jaurlaritza, maiatzaren 17ko 76/2016 Dekretuaren barruan garatzen ari dan arautegiakaz daborduko gauzatzen ari dan politikak “bultzatzea” eskatzen dauelako.
Batzordekide jeltzaleak azpimarratu dauenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoa izan zan Estadu osoan Europako jarraibideak jarraitu ebazan lehenengoa, Euskadiko nekazaritza-elikadura ekoizpenaren hainbat arloko higiene-osasun eskakizunen egokitzapenerako baldintzak ezarten dituan dekretuak onetsiz. EAJ-PNVko batzordekidearen eretxiz, Gasteizko Jaurlaritzak onetsi ditu daborduko “arrautzetarako eta esnekietarako” arauzko testuak, eta denpora gitxi barru onetsiko ditu “ogiaren eta barazkien” ingurukoak.
EZEZKOA BIZKAIA GLISOFATORIK ETA TRANSGENIKORIK BAKO GUNE IZENDATZEARI
Beste alde batetik, EH Bilduk arauz besteko beste ekimen bi ekarri ditu Bizkaiko Batzarretara, Bizkaia glisofatorik eta transgenikorik bako gune izendatzeko. Proposamen biak baztertu egin dira, EAJ-PNVk, PSE-EEk, PPk eta Talde Mistoak kontrako botoa emon dabelako. Podemos Bizkaia izan da koalizino abertzalearen planteamentuen alde agertu dan bakarra.
Glisofatoaren, “munduan gehien erabilten dan” bedar-hiltzailearen, kasuan, koalizino abertzaleak mahai gainera ekarri dituan hainbat azterlanek adierazoten dabenez, gai hori EBn aztertu diran pertsona guztien gorputzean dago, eta gizakien “minbizia” eragiten dau. “Hil egiten dau”, Kormenzanak esan dauenez. Podemos Bizkaiak egin dauen moduan, EH Bildu gai hori baztertzearen alde agertu da, “alternatiba ekologikoak egon badagozalako”.
Batzarretako gainerako taldeak, barriz, erabilten jarraitzearen alde agertu dira, Europar Batzordeak baimentzen dauen gaia dalako. “Kontrakoa esaten daben azterlanak be badagoz”, esan dau Talde Mistoko Arturo Aldecoak, EH Bilduk eta Podemosek defendidu dituen tesien kontra agertuz. Azterlan horreen artean, joan dan martian Gai eta Nahasketa Kimikoen Agentzia Europarrak (ECHA) aurkeztutakoa aitatu dau Marimar Rodríguez batzordekide sozialistak. Bertan adierazoten danez, “ez dago ebidentzia zientifikorik glifosatoa minbizi eragile dala esateko”.
EAJ-PNVtik, Zuriñe Argatxak adierazo dau bere taldea, izatekotan, “erabilerea murriztearen” aldekoa dala. Hori dala eta, Aldundiak “ezinbesteko kasuetan” baino ez dau erabilten, espezie inbaditzaileak deuseztatzeko, adibidez, produktua “eraginkorragoa” dalako. Foru Aldundiak gomendioa egin deutse Udalei eta beste erakunde batzuei, bedar-hiltzaile horren erabilerea murriztu daien
Foru Gobernua eusten daben talde biek transgenikoen kontrako proposamenaren alde agertzeko ezezkoari jagokonez, Eusko Jaurlaritzak urtarrilean hasi eban prozesua errespetau behar dala esan dabe EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Prozesu horretan eskaria egiten jako Ministerioari, Europar Batzordearen aurrean egin beharreko gestinoak egin daizan, Euskadiko Autonomia Erkidegoa transgenikorik bako gune izendatua izan daiten.
GAZTELUGATXEKO DONIENERAKO PLANAREN IDAZKETEA
Arauz besteko proposamenen eztabaidaren aurretik, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatua batzordera etorri da, Talde Mistoak egindako erantzun-eskeari erantzuteko, Foru Aldundiak aurrera eroan behar dauen estrategiaren barri emoteko “bisitarien larregizko presinoa dala eta Gaztelugatxeko Donieneko ingurune naturalean eta paisajean egon daitekezan eraginak saihesteko”.
Unzuetak batzordearen aurrean esan dauenez, joan dan maiatzaren 23an Gaztelugatxeko Donieneko Jarduketarako eta Kudeaketarako Plan Integrala egitea agindu jakon Deloitte kontsultoretza etxeari (bederatzi eskintza aurkeztu ziran), 180.000 euroren truke eta sei hilebetetan egiteko. Dokumentu hori izango da inplikauta dagozan administrazinoek “epe ertain eta luzeko” neurriak ezarteko oiarria, leku horren “ingurumen arloko babesa” eta “turismorako posizionamendu iraunkorra” bateratzeko.
Oposizinoko taldeak bat etorri dira, plana “berandu” ailegau dala esatean, Gaztelugatxeko Donieneko “arazoa” “aspalditik datorrelako” eta, beharbada, udan larriagotu egingo dalako, turista gehiago etorri daitekezalako. Hori dala eta, aurreikusten dan turismoaren presinoa arinduko daben “preminazko” neurriak eskatu ditue. Izan be, Arturo Aldecoak adierazo dauenez, aurton presino hori larriagoa izango da, garagarrilean hasiko dan “Tronu dema” saioaren denporaldi barriak eragingo dauen dei-efektua dala eta. Unzuetak zehaztu dauenez, beharrezkoa bada, neurri zuzentzaileak jarri ahal izango dira martxan plana egiten ari dan bitartean.