Aurreko Albisteak

Bizkaiko aurrekontuen izapideak aurrera darrai osotasunezko zuzenketa-eskeak atzera bota eta gero.

2012. urterako Bizkaiko aurrekontuen izapideak aurrera darrai Batzar Nagusietan PSE-EEk eta Bilduk aurkezturiko osotasunezko zuzenketa-eskeak atzera bota eta gero, EAJko batzarkideen aurkako botoei eta PPkoen abstenzinoari esker. Joandako astelehenean, abenduaren 12an, egin zan Gernikako Batzarretxean Osoko Batzarra, Bizkaiko aurrekontuen foru-araugaiari aurkeztutako osotasunezko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko.

Batzar hori eta gero, aurrekontuari aurkeztutako zatizko zuzenketa-eskeak Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean eztabaidatuko dira lehenengo, eta Batzar Nagusian ondoren, eta horregaz amaitutzat emongo da izapideari jagokon guztia.

Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako aurrekontua 7.134 milioi eurokoa da, 2011. urtean baino %1,65 gitxiago. Aldundiaren beraren kudeaketarako partidea 1.792 milioikoa da, aurreko urtean baino %5,3 gitxiago. Gizarte Ekintza Sailak 748 milioi baino gehiago izango ditu, eta Herri Lan eta Garraioetako Sailak 330 milioi. Gainontzeko Sailei jagokenez, gitxien Nekazaritzakoak izango dau, 53 milioi, eta gehien Ogasun eta Finantzatakoak, 141 milioi. Beste alde batetik, 132 milioitan zorpetuko da Foru Aldundia, eta 2012. ekitaldiko zor garbia 20 milioi ingurukoa izango da.