Bizkaiko Batzar Nagusiek AP-68 autopistaren titularidadea transferitzeko eskatu deutsie Estaduari
Bizkaiko Batzar Nagusiek urteko ohiko bosgarren osoko bilkurea egin dabe gaur Gernikan, eta Batzarretako taldeen zazpi gai landu ditue bertan. Horreetako baten bitartez, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, beste foru aldundi biakaz batera, hiru Lurralde Historikoetako autopistetako “ordainsarien eta hobarien politika baten diseinuan eta ezarpenean” behar egin daian. EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeek bultzatutako akordio horren bitartez eskaria egin jako Estaduko Gobernuari, AP-68 autopistaren titularidadea transferitu daian, Bizkaiko lurraldetik doazen tarteetan, ordainsari guztien kudeaketea errazteko.
Podemos Bizkaiaren eta Talde Mistoaren aldeko botoa be jaso dauen eta Bizkaiko Talde Popularraren kontrako botoa izan dauen eskari hori, aitatutako batzarretako hiru taldeen zuzenketa-eske transakzionalaren parte da. Zuzenketa-eske horrek EH Bilduren arauz besteko proposamena aldatu dau. Bertan, Bizkaiko Batzar Nagusiei emoten jaken agindua jasoten da, euskal erakundeei eskaria egiteko, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euro-lurraldearen barruan, alkarren artean behar egin daien, ordainsarien eta hobarien inguruko politika komuna ezarri ahal izateko Nafarroako Gobernuagaz eta Iparraldeko Mankomunidadeagaz batera.
GAZTEDI PLANEKO BEKAK
Horrez gain, osokoak, hiru talde berberek –EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu– sinatu daben beste zuzenketa-eske transakzional bat onetsi dabe, Gaztedi planeko beken zenbatekoaren inguruan. Hasiera batean, EH Bildu taldearen mozinoak, bekadun bakotxak Lanbide arteko Gitxieneko Soldataren (LGS-SMI) “%60tik beherakoa izango ez litzateken” hileroko zenbatekoa ezartea planteetan eban, erreferentzia moduan 83/2015 Dekretua hartuz. Jeltzaleek eta sozialistek adierazo dabenez, pertsona horreek, une honetan, “466,09 euro” jasoten ditue, hau da, LGS-SMIren “%65,91”. Beraz, koalizino abertzaleak proponidu dauen testua berbaz berba onartu ezkero, jaso beharreko kopuruak behera egingo leuke.
Laburbilduta, aho batez onetsi dan testuaren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, “Gaztedi Bizkaia 2020” hitzarmenaren bitartez enpresetan aurrera eroaten diran beken baldintza ekonomikoak, gitxienez, Euskadiko Autonomia Erkidegoan Alternantzia Erregimeneko Prestakuntza Duala arautzen dauen 83/2015 Dekretuan ezarritakoak izan daitezan.
Horrez gain, proposamen horretan eskaria egiten jako Bizkaiko Foru Aldundiari, proponidutako baldintza ekonomikoek aipamen zehatza izan daien hemendik aurrera eskualdeetako udalakaz sinatuko diran hitzarmenetan. Daborduko izapidetuta dagozan hitzarmenetan, hartu beharreko akordioa hartuko da Jarraipenerako Batzorde Mistoan, eta erakunde hori izango da ikuskaritzak egiteko beharrezkoak diran baliabideak bideratuko dituana.
EMAKUMEA “OBJEKTU” MODUAN EZ ERABILTEA KIROL EKITALDIETAN
Beste alde batetik, Podemos Bizkaia taldeak, arauz besteko proposamen batean, Kirol ekintzetan emakumezkoak objektu sexual moduan ez erabiltea defendidu dau. Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe proposamena.
Proposamenean eskaria egiten jake “Bizkaian kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzen dituen erakunde guztiei, eta baita babesleei be”, “ekitaldi edo lehiaketa horreetako sariak banatzeko orduan edo beste edozein unetan ez daiezan erabili emakumeak publizidaderako baliabide huts edo objektu sexual moduan”.
Proposamenak, “emakumeentzako baztertzaileak diran kirol ekintzei laguntza publikoak eta babesak ez emotea eta bertako ordezkari politikoek holangoetara ez joatea” eskatzen deutso Foru Administrazinoari, Emakumeen eta Gizonen arteko Bardintasunerako zezeilaren 18ko 4/2005 Legeak ezarten dauen moduan.
ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK
Beste alde batetik, osokoak, Foru Gobernua eusten daben batzarretako taldeek onartu ez dituen beste lau gai be landu ditue. Oposizinoko talde nagusiak –EH Bilduk– eta Podemos Bizkaiak, bakotxak bere aldetik, mozino bana aurkeztu dabe, Aldundiak giza eskubideen ikuspuntua sartu daian kontratazino publikoan. Ekimen biak onartu barik geratu dira, EAJ-PNV eta PSE-EE kontra agertu diralako eta PP eta Talde Mistoa abstendidu egin diralako.
Bizkaiko 51 ordezkariek landu dituen gaien artean Talde Mistoaren proposamen bat be jaso da, Lurraldearen nortasun zeinuen inguruko foru arauaren aldaketaren bitartez Iparragirreren “Gernikako Arbola” abestia Bizkaiko ereserki ofizial moduan finkatzeko. Idea baztertu egin da, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Podemos Bizkaiak kontrako botoa emon dabelako. EH Bildu alde agertu da eta PP abstenidu egin da.
PP taldeak, bere aldetik, arauz besteko beste proposamen batean, Espainiako futbol selekzinoak adiskidantzazko partidu batean San Mamesen jokatzea defendidu dau. Idea ez da onartu, kontrako 37 boto (EAJ-PNV, EH Bildu eta Podemos Bizkaia) eta aldeko 10 boto (PP, PSE-EE eta Mistoa) izan ditualako. Beraz, Foru Aldundiak ez dau San Mames Barria soziedadearen barruan eskaririk “sustatu eta bultzatu” beharko Espainiako Futbol Errege Federazinoaren aurrean, Athletic taldeak jokatzen dauen futbol zelaiak “ahalik eta arinen” selekzino “gorriaren” norgehiagoka bat jaso daian, popularren ekimenean eskatzen zan moduan.
MINUTU BATEKO ISILUNEA MANCHESTERREKO ATENTATUA DALA ETA
Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideek minutu bateko isilunea gorde dabe Manchesterreko atentatua gaitzesteko eta bertako biktimei alkartasuna adierazoteko. Holan, astelehen gauean Manchester Arenan gertatu zan eta 22 hildako eta 59 zauritu itzi ebazan atentatuaren kontra agertu dira.