Batzar Nagusiek ez dabe onartu Aldundiak garraio publikoko alternatiba bat aztertu behar dauenik Isuzkiza auzorako
Garraio publikoaren faltea dala eta Isuskiza auzoko “mila” biztanleek bizi daben egoereak zentrau dau gaur eztabaidea Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordean. Gaur eguerdian Bilbon egin dan saioan ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, EH Bilduren zuzenketa eske bat. Zuzenketa eske horretan eskaria egiten jaken Aldundiari eta Plentziako Udalari, Plentziako “El Abanico” urbanizazino pribadurako mobikortasuneko alternatibak aztertu daiezan alkarren artean, eta horren ostean, finantzaketa hoberena “balorau” daien. Oposizino osoa neurri horreen alde agertu da.
Legealdi honetan batzorde horrek egiten dauen hogeta bosgarren saioan, Batzarretako Podemos Bizkaiak arauz besteko proposamen bat ekarri dau, “aukerarik egingarriena eta iraunkorrena” finantzetako, Isuskizako auzokideek “garraio publikoa izateko daukien eskubidea baliau daien”. EH Bilduk zuzenketa eske bat aurkeztu deutso testuari, aurretik azterlan tekniko eta ekonomiko bat egin daiten, eta talde moreak onartu egin dau zuzenketa hori.
Batzarretako talde guztiek onartu dabe Isuskizan, plentziarren “%25” bizi dan lekuan, “arazo” bat dagola, “azken 40 urteetan” ez dagolako garraio publikorik. Dana dala, ez dira ados jarri, egoera horri konponbidea emon behar deutsan administrazinoa zein dan erabagiteko orduan.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen eretxiz udalerria izan beharko da horren gastua bere gain hartu behar dauena, garraioak “uri barruko” izaerea daukalako, helburua auzo hori metroagaz lotzea dalako, Plentziako geltokian. Foru Aldundia Bizkaibus zerbitzuaren bitartez bertara sartzen bada, talde bi horreen eretxiz “konparazinozko bidebakokeria” izango litzateke daborduko euren zerbitzuak dituen Bizkaiko beste udalerri batzuen aurrean, “Zeberio, Iurreta, Bermeo, Erandio edo Amorebieta”, besteak beste.
Oposizinoko lau taldeak beste aldean jarri dira. Arturo Aldecoa talde mistoko batzordekidea konponbide “bateratua” bilatzearen alde agertu da, Aldundiko teknikariak izan daitezan alternatiba hoberena balorauko dabenak.
Neskutz Rodríguez talde moreko bozeroaleak kritikau egin dau erakunde biek –Udalak eta Aldundiak– bata besteari “pelotea pasetan ibilteea”, eta esan dau bere eretxiz egokiena Urdulizko ospitaleraino zerbitzua ezarriko dauena Aldundiko Garraio Saila izatea dala. Beste udalerri batzuetan baino “bizkaitar gehiagori” egingo leuskio mesede, udalerri horreetako auzoetan Isuskizan baino “biztanle gitxiago” bizi diralako.
PPren eretxiz be, Aldundia izan beharko litzateke horren gaineko gastua bere gain hartu beharko leukena, herri arteko zerbitzua dalako (Isuskiza-Urduliz). Jesús Isasik “ausardia” eskatu deutso Aldundiari, “proba pilotu” bat aurrera eroateko.
EH Bilduko Zigor Isuskizak, bere aldetik, adierazo dau bere taldearen esku dagon Plentziako Udala “prest dagola hitzarmen bat sinatzeko” garraio zerbitzua eskini ahal izateko, eta ez dauela baztertzen kostaldeko udalerria izatea, bera bakarrik, gastua bere gain hartuko dauena, alternatiben azterlanak egokiena hori dala erakusten badau.
ALDIAN BEHINGO BILLETEAREN IGOEREA BILBOKO METROAN
Saio berean, Batzarretako taldeek Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuaren azalpenak entzun ditue, Metro Bilbaoren eta Euskotrenen aldian behingo billeteen prezio barrien inguruan, 3. linea funtzionetan hasi danetik garraio modu bi horreek alkartu egin diralako. EH Bilduk, zehatzago esanda, “Aldian behingo BGP-CTB” izeneko billeteen prezioak izan dauen “igoerearen” inguruan galdetu deutso diputatuari. Koalizino abertzaleari erantzunez Reyesek esan dau billete horreek “10 edo 15 zentimoko” igoerea izan dabela aurten, gune bakotxaren arabera.
Diputatuak azaldu dauenez, “2013tik izoztuta egozan” aldian behingo billeteen prezio barriak, Metro Bilbaoren eta Euskotrenen arteko “intermodaltasunaren ondorioak” dira, beharrezkoa dalako operadore bien tituluek prezio bera izatea. Reyesek adierazo dauenez, Metro Bilbaon 10 edo 15 zentimoko igoerea dan hori "10, 15 edo 50 zentimoko" jatsierea da Euskotrenen, aukeratutako gunearen arabera.
Dana dala, Reyesek garrantzia kendu deutso Bilboko lur azpiko trenaren erabiltzaileengan neurri horrek izango dauen eraginari, “Aldian behingo” billetearen erabilerea “%1,8koa” dalako, hau da, “turistek edo Barik txartela erosten ez daben pertsonek” baino ez dabelako erabilten. Neurria defendiduteko, diputatuak esan dau aldian behingo billeteen prezio barriak –1,60 euro gune bakar baterako– Madrilgo metroaren antzekoak dirala, eta Bartzelonako metroaren prezioren azpitik dagozala, haren prezioa “2,15 eurokoa” dalako.
EH Bilduko Zigor Isuskizaren eretxiz, barriz, Bilboko Metroaren prezioaren igoerea, azken urte bietan, 3. linea edegi ostean titulu “multimodalak” martxan jarri eta gero batez be, lur azpiko garraioak izan dituan igoeren “beste pauso bat” da. Reyes defendidu egin da, eta esan dau billete aukera barriak, orokorrean, “aurrezpena” ekarriko dauela erabiltzaleentzat. Bere aurreikuspenak kontuan izanda, aurrezpen hori “milioi bi euro” ingurukoa izango da.