Ehundaka pertsona igon dira Sollubera, ohikoa dan Batzarretarako deian parte hartzeko
Sollube
Batzar Nagusiek, Sollube 707 (Bermeo) eta Tallu Mendizale (Mungialde) taldeakaz batera antolatu daben mendiko martxea goizeko 09:30ean abiau da Bermeoko Taraska plazatik, eta mendiaren beste aldetik, 10:00etan Arrietatik. Mendizalez osatutako zutabe bietako lehenengo taldeak 11:30etik aurrera joan dira Sollubek dituan 684 metroetara ailegetan. Eguerdiko hamabietan, tontorrean, Batzar Nagusietarako ohiko deia egin da, legendak esaten dauenez Erdi Aroan egiten zan moduan.
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urtetik antolatzen dabe jardunaldi hori, garai modernoan erakundea barriro be indarrean jarri zanetik 25. urteurrena bete zanetik. Urte horretatik, adin guztietako bizkaitarrek adarrotsa entzun ahal izan dabe, bost deiadar mendietako (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz edo Ganekogorta) batetik, Antonio Trueba moduko lurraldeko kronistek kontetan dabenez XIV. eta XV. gizaldietan Gernikako Arbolaren azpian batzeko egiten zan antxinako deia gogoratuz.
Tontorrean, ohorezko aurreskuaren ostean, Sollube 707 Taldeko ordezkariak, datorren urtean egingo dan Oizerako igoerea antolatuko dauen taldeko ordezkariari emon deutso adar ofiziala. Batzar Nagusiak ordeztuz Ana Otadui presidentea joan da, eta beragaz batera Bizkaiko beste ordezkari batzuk, Jon Andoni Atutxa, Celia Gómez, Oscar Arana, José Angel Basauri, Gorka Beitia, Aitor Ibarra, Kontxi Claver, Jesús Lekerikabeaskoa eta Unai Lerma batzarkideak, besteak beste. Solluben, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, egon da.
Adarrotsaren ostean, Otaduik eskerrak emon deutsez bertara gerturatutakoei, eta gogorarazo dau Batzar Nagusiek, Europa osoko lehenengo erakunde demokratikoetako batek, 2004an emon eutsiela formea jai herrikoi horri, esaten danez Bizkaiko ordezkariak deitzeko antxinako modua zana gogoratzeko asmoz.
Jaiak Kolitzako tontorraren inguruan jarraitu dau gero, euskal musikeagaz eta dantzagaz, Bermeoko Alkartasuna Alkarteagaz eta eskualdeko produktu tipikoen dastatzeagaz.